Izarraizko Ateko istiluen harira zigortutako gazteei elkartasuna adierazi eta "kriminalizazioa" salatu dute

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 17a, 09:30

GKSko kideak eta atxilotuen lagun zein gertukoak, Izarraizko Atean. (Urola Erdiko GKS)

2021eko maiatzean izan ziren istiluetan atxilotutako gazteen epaia iritsi dela jakinarazi dute. Gazteetako batentzat hainbat hilabetetako kartzela zigorra eta milaka euroko isunak eskatu dituzte. Urola Erdiko GKSko kideek eta atxilotuen gertukoek salatu dute "akusazio faltsuak" leporatu dizkietela, eta "egoeraren larritasuna" ikusita zigortutako gazteei laguntzeko hainbat ekimen jarriko dituzte martxan. 

Hiru urteren ostean iritsi da 2021eko maiatzaren 22an Izarraizko Atean izandako istiluen harira atxilotutako lau gazteen epaia. Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) kideek eta atxilotuen lagunek eta gertukoek eman dute egoeraren berri, eta elkartasuna erakutsi diete zigortutako gazteei. Kanpaina bat abiatu dute Elkartasuna zigortutako gazteekin; kriminalizaziorik ez lelopean. Azaldu dutenez, "egoeraren larritasuna" ikusita erabaki dute gertaerak salatzea eta zigortuei elkartasuna erakusteko ekimenak antolatzea. 

GKSk jakinarazi du, Izarraizko Ateko istiluak tarteko, hainbat gazte "auzipetuak eta kondenatuak" izan direla, eta horietako batek milaka euroko isuna ordaindu beharko duela. Era berean, gazteari "hainbat hilabetetako kartzela zigorra eta desordena publikoa zein desobedientzia" leporatu dizkiotela jakinarazi dute. "Kartzelara inor joango ez den arren, Urola Erdiko GKStik egoeraren larritasunaren aurrean, zigortuei gure babes eta elkartasun osoa adierazi eta muntaia polizial hau gogor salatu nahi dugu", azaldu dute ohar bidez; izan ere, zigortutako gazteei "akusazio faltsuak" leporatzen dizkietela azpimarratu dute. 

Kriminalizazioa

Gazteek azaldu dutenez, iritsi den epaia pandemiaren bueltan sortu zen testuinguruari lotuta dago, garai hartan "oinarrizko eskubideak deuseztatu" zirela iritzita: "COVID-19aren bueltan sortu zen testuinguruan langileon oinarrizko eskubideak erabat deuseztatu ziren, alderdi instituzional guztien onespenarekin; izan ere, mugikortasunerako, sozializaziorako edo adierazpen askatasuna bertan behera gelditu ziren". Neurri horiek  "autoritarismoaren gorakadarekin" lotura dutela diote GKSkoek, eta horiek "kriminalizazioa" eragiten dutela azaldu dute: "Langileon diziplinamendurako neurri hauek –presentzia poliziala eta kontrol sozialerako baliabideak areagotzea edota kode penala gogortzea– maila internazionalean gertatzen ari den estatuen autoritarismoaren gorakadako logikaren baitan ulertzen ditugu, eta, besteak beste, gazte langileon kriminalizazioan eragiten dute.. Epai hau egoera horren ondorio bat baino ez da".

Halaber, nabarmendu dute maiatzaren 22ko gau hartan poliziek "arbitrarioki" atxilotu zituztela gazteak. "Poliziak ehunka gazte jazarri, jipoitu eta lau gazte atxilotu zituen arbitrarioki, akusazio faltsuak leporatuz. Antolatuta zegoen dispositibo polizialak zein egun osoan zehar herrian egon zen presentzia polizialak argi uzten dute kargak eta atxiloketak aurrez erabakita zeudela, zigor eredugarri bat eman nahian", adierazi du GKSk.

Egunaren biharamunean "poliziaren jazarpena eta burgesiaren erasoaldia" salatu zituzten bezala, epaiaren aurrean duten jarrera "argia" dela nabarmendu dute antolakundeko kideek: "Muntaia honek gazte langileon diziplinamendua eta kriminalizazioa ditu jomuga, eta erasoen aurrean klase elkartasunez erantzungo dugu".

Elkartasun ekintzak

Zigortu dituzten gazteekin elkartasuna adierazteko eta "muntaia poliziala zein akusazio faltsuak" salatzeko, hainbat ekintza antolatuko dituzte datozen hilabeteetan. GKSk azaldu duenez, datozen egun eta asteetan zigortuen isun ekonomikoak ordaintzeko elkartasun zozketa jarriko dute martxan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide