Jesuita, apaiza, ingeniaria, irakaslea eta ikerlaria, Deustuko Unibertsitatearen errektore izandakoa, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerario izendatu berria... Jose Maria Guiberten (Azpeitia, 1962) curriculuma ez da laburretakoa. Aipatutakoez gain, eta aurretik, Jesus Guibert enpresa gizon zenaren semea da. 1983ko martxoaren 21ean Azpeitian bahitu eta hamazazpi egunez gatibu eduki zuten Komando Autonomo Antikapitalistek (KAA) Jesus Guibert, Marcial Ucin enpresako kudeatzailea, Errezilgo kobazulo batean. Aita hil eta hamar urtera, duela 41 urteko bahiketa hartaz liburua argitaratu du Guibert semeak: La Caverna: diario del secuestro de un empresario vasco. Joan den astean kaleratu zuten bigarren edizioa. Ekainaren 25ean, asteartean, Azpeitian aurkeztuko du liburua, Munoandi elkarteak antolatutako ekitaldian, Sanagustinen (19:00).
Nor zen Jesus Guibert?
Guretzat, noski, atte, etxekoa. Kanpotik begiratuta, enpresa gizona, jendeak horregatik ezagutzen zuen. Liburuko kapitulu batean azaltzen dut zerk definitzen duen enpresari izatea: informazioa lortzea, biltzea, eta erabakiak hartzea, hori da nire ustez enpresariek egiten dutena edo egin behar dutena. Gure aita enpresaria zen, proiektu askotan zegoen sartuta eta harremanak zituen jende askorekin. Pertsona egonkorra zela ere esango nuke, patxadatsua, lasaia, bai etxean eta bai kanpoan. Liburuan, nolabait, aita bere hitzetan aurkezten dut. Hamazazpi atal ditu, bahituta izan zuten egun bakoitzeko atal bat. Kapitulu bakoitzaren lehen zatian, aitak hitz egiten du; beste zati batzuetan, bahiketaren garaian gizarteak zer esaten zuen jaso dut, erakundeek, politikariek eta abarrek zer esaten zuten; eta gero, familiaren bizipenak. Liburuaren %40-edo da aitaren aurkezpena, bera hitz egiten.
Duela 41 urte gertatu zen bahiketaren bueltan idatzi duzu. Zergatik orain?
Buruan nerabilen zerbait zen aitari gertatu zitzaionaz zerbait idaztea, hausnartzea... Etxean bagenuen dossier oso bat, hiru liburutan banatuta, aitaren bahiketaz garaiko prentsan idatzi zen guzti-guztia jasotzen duena; Iruñeko Hitz enpresak egin zuen eta ia 500 aipamen desberdin ditu, hasi Egin-etik eta El Alcázar-eraino. Duela urte batzuk lantokira ekarri nuen txosten hori. Iaz, errektoretza utzi eta hurrengo egunean hasi nintzen lanean, prentsa txostena irakurtzen eta eskemak egiten. Ez nekien niretzat izango zen zerbait edo argitaratzeko zerbait egin. Ingeniaria naiz eta, beraz, nahiko analitikoa ere bai. Batetik, zer gertatu zen azaldu nahi izan dut, memoriarako. Gertatutakoa aurkeztearekin batera, ordea, balio batzuk ere nabarmendu nahi izan ditut: gogo ona, itxaropena eta elkarbizitzarako baliagarriak izan daitezkeen proposamenak egin. Hain zuzen ere, aitari buruz eta aitaren izenean egiten ditudan hausnarketa asko nireak dira, baina jendeak, familiak ere, ondo hartu ditu. 2023ko ekainean eta uztailean idatzi nuen liburuaren oinarria. 28 kopia egin eta banatu nituen jendearen artean, ezagunak eta zer esana izan zezaketenak. Jende horrekin hitz eginda, konturatu nintzen ez zekitela ia ezer, idatzi nuenaz %5 zekiten, bakoitzak bere %5a, eta besteaz ezer ez. Batzuen eta besteen ekarpenekin osatu dut liburua.
21 urte zenituen aita bahitu zutenean. Non zeunden eta zertan zenbiltzan?
Urte hartan sartu nintzen jesuita. Hiru urtez Ingeniaritza ikasi, utzi, eta jesuita sartu nintzen. Jesuita egin berritan hainbat formazio egiten dira, eta Burgosko [Espainia] ospitale batean boluntario lanak egiten ari nintzen aita bahitu zutenean; hain zuzen ere, bi egun lehenago, San Jose egunez, gurasoak bisitan izan nituen. Valladolideko jesuiten etxetik [Espainia] hots egin zidaten, zerbait gertatu zela eta etxera deitzeko esanez. Deitu nuen, eta artean zalantzak zituzten bahitu zuten ala ez, baina etxera joateko esan zidaten. Burgosen trena hartu eta Donostiara joan nintzen, aitari zer gertatu zitzaion argi jakin gabe eta buruari bueltak eman eta eman. Geltokira joan zitzaizkidan bila eta orduan jakin nuen baietz, aita bahitu egin zutela
Bahiketa baino lehen ere ETAren eta KAAren berri bazenuten familian, ezta?
Bai. Bahiketa baino sei bat urte lehenago, neuk 14-15 urte nituela, izan zuen aitak bahiketa edo atentatu saiakera baten berri. Familia osoak alde egin genuen, Kanarietara; hamar bat egun egon ginen han. Ez naiz berriro izan Kanarietan, gertaera harekin lotzen ditut uharteak. Bai osaba Pedrok [Uzin] eta bai aitak polizia eskolta izan zuten denbora batez. Itzal hori lehendik zegoen hor, eta bahiketa eta gero ere hor egon zen. Aitak kontatzen zuen diru eske lehen gutuna jaso zuenean, Aingeru Berazadiren argazkiarekin bidali ziotela; enpresaria zen Berazadi eta ETAk hil zuen, bahitu ondoren. Eta azken gutuna ETAk 2011n bukatu baino urtebete lehenago jaso zuen aitak, beste hainbat enpresarik bezala. Hasieratik bukaerara arte, 35 urtez, bizi izan ginen mehatxu horrekin familian.
Zer kontatzen zizuen aitak bahiketaz? Asko hitz egiten al zuen horretaz etxean?
Ez asko, eta guk ere ez genuen asko galdetzen. Hamazazpi egunetan, ia denbora guztia zulo batean etzanda igaro zuen, bi bahitzailerekin batera; gauetan hogei bat minutuz uzten zioten kanpora irteten; zerbait jan, egin beharrekoak egin, eta berriz zulora. Noizbehinka bitartekari lanak egiten zituen norbait joaten zitzaien gauez, berriak ematera eta jatekoa eramatera; aitak hura ez zuen inoiz ikusi. Eta halakoren batean, «altxa, mugitu, bagoaz», eta bukatu zela. Unerik txarrenak hasieran eta azkenaurreko egunean bizi izan zituela ere kontatzen zuen. Bahitu zutenean, goizean, lehendabizi txabola moduko batera eraman zuten, Elosiaga aldera, berak zioenez. Gauez atera zuten handik kobazulora eramateko. Begiak estalita, mendian gora, ez zekien nora zeramaten, eta une hartan pentsatu zuen hil egingo zutela. Aske utzi aurreko gauean, berriz, aipatutako bitartekariak egundoko janari pila eraman omen zien, eta aitak negar egin zuela esaten zuen: bi aste pasa nahiko indartsu eutsi eta gero, bahiketa asko luzatuko zela pentsatu zuen janari guzti hura ikusitakoan, eta lehertu egin zen.
25 urtera, familia osoarekin igo zen bahituta izan zuten parajera. Nola oroitzen duzu egun hura?
Urte hartako Aste Santuan, bi ilobarekin batera, zuloa non zegoen ikustera igo ginen, eta aurkitu genuen. Entzuna nuen Azpeititik jende asko joan zela bere garaian aita bahituta izan zuten lekua ikustera, baita gure amama ere, aitaren ama. Geu ere joan behar ginela pentsatu, eta horrelaxe egin genuen. Aitak 80 urte zituen eta ez zen zuloraino igo, baina gainerakook bai, baita ama ere. Lo-zaku bat eta estera bat eraman nituen, eta haiekin argazkiak atera genituen kobazulo barruan, aita nola eduki zuten eta tokia bera nolakoa zen ikusteko. Bakea eta adiskidetzea aipatzen dituen Asisko San Frantziskoren otoitz bat idatzita eraman genuen papertxo batzuetan, eta otoitz egin genuen kobaren atarian. Harrezkero beste bi-hiru aldiz joan izan naiz.
Liburuak gertatutakoa ez ahazteko eta, era berean, adiskidetzea bultzatzeko balio izatea gustatuko litzaizukeela diozu, aitak bahitzaileei esandakoa gogora ekarrita.
Liburua idaztearen arrazoietako bat horixe izan dela esango nuke. Liburuko lehen esaldia da bahitzaileek aitari bota zioten lehendabizikoa: "Kostatu zaiguk hi harrapatzea, kabroi hori"; eta amaieran jarri dut aitak bahitzaileei esan ziena: "Hau utzi egin behar duzue. Uzten duzuenean, nahi baduzue, upategietan edo sagardotegian topo egingo dugu. Zortea opa dizuet, baina utzi hau". Liburua da bi esaldi horien artean gertatu zena. Beste guztia nik entzundakoei emandako forma dira, baina bi esaldi horiek literalak dira, aitak horrela esandakoak. Bi esaldi horiek ematen dute tartean gertatu zenaz hausnartzeko, eta horretan ere ahalegindu naiz.
Kalean eta berak opa bezala topo egin al zuen aitak bahitzaileekin?
Ez dut uste. Nik dakidala, ez. Liburuan idatzi ditut, baina haien izenak ere ez dakizkit buruz.
Aita omentzea ez ezik, mehatxuak eta txantaia pairatu zituzten enpresariei aitortza egin nahi diezu liburuarekin. Aitortza hori falta izan dela uste al duzu?
Jende askok pairatu ditu gurearen antzeko egoerak, askok alde egin behar izan zuten Euskal Herritik arrazoi horrengatik. Aitortzari dagokionez, zerbait egin da, omenaldi batzuk eta, baina sufritu duen jendeak ere ez du hitz egin nahi izan gai honetaz. Familian ere ez da hitz egin izan. Liburuaren kontuan hitz egin dudan familiako zein kanpoko hainbat jendek esan dit 40 urtean ez dutela inorekin hitz egin pairatutakoaz. Hitz egiteko gogoa bazegoen eta badago.
Erreskatea ordainduta utzi zuten libre aita. Ordaindu izanaren mina bizi osoan izan zuela esan duzu.
Bahiketa batean, iraultza zerga deritzona eskatutakoan, txantaia horren pean, eztabaida horretan, "ordaintzea etikoa al da?" galdetzen dut. Penalki, epaileak eta, ez dira joan izan kasu horietan ordaindu izan dutenen aurka.
Baina zure aitari joan zitzaizkion kontu eske, gerora.
Baina, azkenean, ez zioten konturik eskatu. Ez diete gogor egiten mafia horretan harrapatuta gelditu zirenei. Baina etikoki ondo al dago? Nik diot ez dela antietikoa. Badira etikoki derrigorrezkoak diren gauza batzuk, baina baita etikoki onak izan arren, derrigorrezkoak ez direnak ere. Barkamena, adibidez, ona da, baina ez da derrigorrezkoa; beraz, ez da antietikoa ez barkatzea. Mafia baten txantaiaren aurrean, hobe da ez ordaintzea, baina ordaintzea ez da antietikoa. Aitak bazekien ordaintzea erabakitzearen arrazoia, baina barrutik...
Nori gomendatuko zenioke zure liburua irakurtzea?
Horrelakoetan ohikoa izaten da gazteak aipatzea, baina gizartean helduena da erabakimena, ez gazteena. Beraz, nori gomendatu? Etika edo Historia irakasleei? Liburu hau gertaera eta bizipen zehatz batzuen lekukotza da, baina gertaera horiek ez baldin badira idazten, ahaztu egiten dira. Beraz, memoria ariketa bat ere bada. Ahots kritiko asko agertzen dira liburuan. Ez dut erantzun sinplerik edo argirik ematen; bakegileak, diru kontuak, ordaintzea ala ez ordaintzea... Galderak gehiago dira, erantzunak baino. Gaiak ateratzen eta argumentuak plazaratzen saiatu naiz: gaiak atera, galderak egin eta jendeari atzean dauden giza arazoen gainean pentsarazi.