Extremaduratik etorritakoen eta ondorengo belaunaldien hizkuntza erabilera aztertuko du Ander Beristainek

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 19a, 11:58

Ander Beristain hizkuntzalaria. (Utzitakoa)

Beristain hizkuntzalaria da, eta gaur egun irakaslea eta ikertzailea da AEBko Saint Louis unibertsitatean. Azpeitira egingo duen hurrengo bidaia probestuko du ikerketa egiteko. Hori dela eta, proiektuan parte hartzeko prest dauden herritarrengana iritsi nahi du. Ekainaren 24tik uztailaren 10a bitarte egingo ditu elkarrizketak Azpeitian, eta interesa dutenek harekin jarri beharko dute harremanetan.

Ander Beristain ikerlari eta hizkuntzalari azpeitiarrak beste proiektu bat du esku artean, eta hori egiteko Azpeitian geldialdia egingo du datozen asteetan. Hain zuzen, Extremaduratik Azpeitira etorritako pertsonen eta haien ondorengo belaunaldien euskarazko eta gaztelaniazko hizkuntza erabilera aztertu nahi du Beristainek, eta horretarako herritarrekin elkartu nahi du. Beristain hizkuntzalaria da, eta gaur egun irakaslea eta ikertzailea da AEBko Saint Louis unibertsitatean. Duela urte batzuk Azpeitiko euskararen hiztegi dialektologikoa egin zuen, eta Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaratu zuten haren lana. Orain, Azpeitiari lotutako beste proiektu bat du esku artean. 

"Ikerketaren helburua da Extremaduratik etorri zirenen eta haien ondorengo belaunaldien euskara eta gazteleraren erabilera aztertzea, Azpeitian jaiotzez eta euskara bakarrik hitz egiten den etxe batean bizi izan diren belaunaldiekin alderatuz. Honek iraupen luzeko etorkinen hizkuntza moldagarritasuna eta egokitzea hobeto ulertzera eramango gaitu", azaldu du ikerlari azpeitiarrak; izan ere, gogoratu du Gaur egun Azpeitia 5.000 biztanletik gorako herririk euskaldunenetakoa dela, baina azpimarratu du Azpeitiak ere badituela berezitasunak: "Euskara maila eta erabilera ez dira berdinak herriko hainbat hiztun-talde eta belaunaldiren artean. Etorkin taldeetan, adibidez, etengabeko hizkuntza garapena dago, eta hain zuzen, proiektu honen foku bat epe luzeko etorkin talde bat aztertzea izango da".

Herritarren ekarpena, ezinbesteko

Proiektuan parte hartu nahi dutenek ikertzailearekin bildu beharko dute Azpeitian, ekainaren 24tik uztailak 10era bitartean. Parte hartzen dutenen ahotsa grabatuko du Beristainek, euskaraz eta gaztelaniaz. Herritarrek bi ariketa egin beharko dituzte. Alde batetik, esaldien irakurketa egingo dute, eta, bestetik, elkarrizketa labur bat. Bi ariketek, guztira, 45 minutu iraungo dute gehienez, eta ikerketan parte hartzen dutenek 10 euro jasoko dituzte haien ekarpenagatik.
 
Proiektuan ekarpena egin nahi edo interesa dutenek Beristainekin jarri beharko dute harremanetan, ander.beristain@slu.edu helbidera edo +1 (217) 979-1016 zenbakira idatzita. Honako lotura honetatik ere egin daiteke, eguna eta data aukeratuta. 
 

Arrazoi pertsonalak eta akademikoak, eskutik

Hainbat dira Beristain arlo hau ikertzera bultzatu duten arrazoiak, pertsonalak zein akademikoak; izan ere, Beristain azpeitiarra den arren, haren familiak badu lotura Extremadurarekin. "Txikitatik kultura-biduna izan naizela dirudit. Azpeitian jaiota eta hezita, ohikoa den bezala, lagunekin beti euskaraz egin dut, kultura euskaldun batean. Etxean, berriz,  bai euskara bai gaztelania entzun eta hitz egin ditut. Aita Itziarreko baserri batean jaiotakoa da, eta amarekin eta haren familiarekin gazteleraz hitz egiten dut betidanik. Txikia nintzenean, askotan, aitona amonekin Extremadurara joaten nintzen eta azkar ohartu nintzen bertako jendeak nire aiton-amonen moduan hitz egiten zutela. Interesgarria da, ordea, nire amonak beti esaten zuela Azpeitian hainbeste urte eta gero, haien gaztelania aldatu egin zela. Gainera, aitaren partetik lehengusu asko ditut Gipuzkoan barrena, eta txikitatik euskara aldaera ugari entzuten hezi naiz. Familia testuinguru honek hizkuntza aldakortasunean eta elebitasunean interesa piztu zidan", azaldu du hizkuntzalari azpeitiarrak.
 
Arlo akademikotik ere egin du hautua: "Hizkuntzalaritza ikerkuntzan, hizkuntza gutxituek eta hirikoak ez diren dialektoek errepresentazio txikia izan ohi dute. Agian zaila da hau sinestea Azpeitiko edo Euskal Herriko testuinguruan, hemen harro baikaude gure aldaeraz eta euskararen inguruko azterketa ugari baititugu. Kanpora joanez gero, ordea, ez da horrela. Niretzat, jatorrizko hizkuntzetako bat hizkuntza-gutxitu bat izanik, gure hizkuntzari eta haren aldaerei zor diedan zerbait dela iruditzen zait", azaldu du azpeitiarrak. Hark argi dauka: "Euskara eta harekin kontaktuan dauden askotariko hiztunak munduan erakutsi behar ditugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide