Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen harira, EH Bilduk kanpainako ekitaldi nagusia egin zuen atzo arratsaldean Frontoi Txikian. Nagore Alkorta Azpeitiko alkategaiak alboan izan zituen koalizioak herrirako osatu duen taldeko kideak; Azkoitiko, Zestoako eta Aizarnazabalgo alkategaiak; foru bozetara aurkeztu diren eskualdeko zerrendakideak; Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldungai nagusia, Mertxe Aizpurua koalizioak Espainiako Kongresuan duen bozeramailea; eta ekitaldira bertaratu ziren dozenaka herritar.
19:00ak jota, Amaia Aranaga eta Maite Bereziartua izan ziren oholtzara igotzen aurrenak, eta Ines Osinagaren Dena aldatzen da abestia interpretatuz eman zioten hasiera ekitaldiari. Haien atzetik, Eneritz Albizu Azpeitiko EH Bilduko taldekideak hartu zuen hitza. Harro egoteko hamaika arrazoi dituztela adierazi zuen Albizuk, "harro" daudela azpeitiarrak izateaz, "harro herriaz", baina nabarmendu zuen oraindik asko dagoela egiteko eta hobetzeko, eta "horregatik konprometitu gara maite dugun herriarekin".
Alkortak, berriz, eskerrak emanez hasi zuen hitzatzea. Eskerrak eman zizkien datozen lau urteetan taldekide izango dituenei, "pauso bat aurrera egiteatik"; eskerrak, azken lau urteotan ondoan izan dituenei, "ez delako agintaldi erraza izan", eta elkarrekin barre zein negar egitea egokitu zaielako; eta eskerrak eman zizkien azpeitiarrei eta herriaren alde lanean jardun direnei ere. Azpeitiko alkatea izatea "ohorea" dela adierazi zuen, eta beste lau urtez kargu horretan jarraitzeko "ilusioa, gogoa eta indarra" badituela nabarmendu.
Azpeitia aldatu egin dela esan zuen Alkortak, aldatzen ari dela, baina oraindik asko dagoela aldatzeko. EH Bilduk Azpeitiarentzat herri proiektu bat duela esan zuen, eta kudeatzeko gaitasuna ere baduela. "Badakigu herri honek zer behar duen eta komunitate batek babesten gaitu. Herria egingo dugu, denon artean".
Herritik, herrialdea
Jarraian, Iriarte igo zen oholtzara, "hunkituta", bere hitzetan. Azpeitian "etxean" sentitzen zela adierazi zuen: "Etxean sentiarazten nauzue; plazera da tarte hau zuekin partekatzea eta ohorea bide hau EH Bildurekin egitea". Gipuzkoako ahaldungaiak EAJren eta PSE-EEren jarrera kritikatzeko baliatu zuen hitzartzea. "Atzera begira jarri nahi gaituzte etengabe", horretan tematuta daudelala esan zuen, "baina ni 2023ko hautagaia naiz". "Gaurko erronkei eta etorkizunekoei eta gaurko galderei eta etorkizunekoei aurre egiteko gaude hemen. Erantzunak ez dauzkagu, herritarrekin osatu nahi ditugu; herritarrak erdian jarrita, guztion artean".
EH Bilduren jarduteko modua hori dela eta izango dela nabarmendu zuen Iriartek. "Horretara etorri gara. Herri bat dugu helburu eta itxaropen, eta jendeari begietara begira egiten dugu politika". EH Bildu herriz herri egiten ari den lana goraipatu zuen Iriartek, eta esan zuen eredu hori bera dela berak Gipuzkoako Foru Aldundirako nahi duena. "Herrietatik aldundira, herrietan egiten duguna aldundira eramatea da nire egitekoa; herritik herrialdea egitekoa".
Koalizioaren ezaugarrietan jarri zuen indarra gero. "Enpatia daukagu, umiltasuna, gertukoak gara eta hitzekoak. Herritarrekin batera hartzen ditugu erabakiak, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi naizenean, hala egingo dugu". Bukatzeko, bi boto eskatu zituen, bata Alkortarentzat eta bestea beretzat. "Zazpi egun gelditzen diren, azken bultzada bat, irabazteko gaudelako".
Segidan, Aizpuruak hartu zuen hitza, eta adierazi zuen maiatzaren 28a ziklo berri baten hasiera izango dela. Nabarmendu zuen EH Bildu behin baino gehiagotan izan dela gai ezinezkoa zirudiena egiteko, "eta orain ere esku-eskura dugu ezinezkoa zela esaten zigutena, Gipuzkoan esku-eskura dugu". "Hamarkada luze bat galdu du herri honek, ilunpean, baina argiak pizteko garaia da", gaineratu zuen. "Irabazi egingo dugu, kosta ahala kosta", eta horretarako, bi boto eskatu zituen Aizpuruak ere. Txalo eta besarkada artean bukatu zuten ordubete inguru iraun zuen ekitaldia.