Azpeitiko EH Bilduk atzo arratsaldean aurkeztu zuen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako prestatu duen herri programa. Koalizioak bozetara aurkeztu duen zerrendako lehen hamar hautagaiak –Nagore Alkorta, Leire Goenaga, Joanes Amenabar, Ander Larrañaga, Leire Sarasua, Mikel Odriozola, Idurre Zabaleta, Ion Oteiza, Aitor Larrañaga eta Miren Arrieta– elkartu ziren Basazabalen programaren aurkezpenerako, eta Amenabarrek eta Alkortak aletu zituzten programaren eduki nagusiak.
Programaren edukiak azaldu aurretik, hori osatzeko gauzatu duten prozesua azaldu zuen Amenabarrek. Zugandik hasita, herri bat denontzat parte hartze prozesua jarri zuen martxan EH Bilduk herri programa osatzen hasteko. "Prozesu horretan, ausazko 401 inkesta egin genizkien perfil guztietako herritarrei. Horrez gain, galdetegi ireki bat argitaratu genuen, azpeitiar guztiek izan zezaten iritzia emateko aukera. 184 azpeitiarren iritziak eta ekarpenak jaso genituen galdetegi horren bidez", kontatu zuen Amenabarrek. Herritarren ekarpenak jasota, martxoko herri batzarrean "datozen urteetarako erronkak zehazten" hasi zen koalizioa. "Bideorri sendoa genuen, eta erabat osatu genuen parte-hartze prozesuaren zati izan ziren azpeitiarrei esker".
Atzo aurkeztutako programa bost arlo edo ildo nagusitan banatu du Azpeitiko EH Bilduk, eta arlo horietako bakoitzean jaso dutena jorratzeko lan saioak egin ditu apirilean. "Horrela, arloz arlo, interesa duten herritarrekin borobildu dugu herri programa", zioen Amenabarrek. Eskerrak eman zizkien "modu batera edo bestera" herri programa osatzeko prozesuan parte hartu duten herritar guztiei. Era berean, hauteskunde programa "lan tresna irekia eta dinamikoa" dela azpimarratu zuen Amenabarrek, "behin eta berriro moldatzen eta osatzen jarraituko duguna".
Bost ildo, hainbat egitasmo
Azpeitia herri "duinagoa, aktiboagoa, iraunkorragoa, bizigarriagoa eta errotuagoa" izatea nahi du EH Bilduk, eta bost ezaugarri horiek kontuan hartuta beste horrenbeste lan ildorekin osatu du hauteskunde programa, ildo bakoitzaren helburuak lortzeko bidean hainbat proiektu eta egitasmo proposatuz.
"Herri iraunkorragoa, larrialdi ekologikoari aurre egiteko neurriak udal kudeaketan eta bizimoduan txertatzen dituena" nahi du EH Bilduk. Ildo horretan, "krisi ekologikoari aurre egiteko Ingurumen Mahaia osatzea" da koalizioaren proiektu nagusia, "energia trantsizioa herritik eta herriarentzat" egiteko. Larrialdi ekologikoari aurre egiteko "Azpeitian hainbat pauso eman" direla dio EH Bilduk, baina ez direla nahikoak. "Eraldaketa sakona behar dugu. Horretarako, beharrezkoa da gizartearen konpromisoa handitzea, eta haren parte hartzea sustatzea". Ingurumen Mahaia "herritarrak eta herri eragileak trantsizio ekologikoaren elkarrizketan eta dinamikan inplikatzeko" tresna izatea nahi du koalizioak. "Gobernantza eredu berrian" oinarritutako mahaia nahi du EH Bilduk, "kontsentsua bilatuz", eta "lan zehatza" izango duena: "Krisi ekologikoari aurre egin eta trantsizio energetikoaren ezaugarri nahiz helburuak definitzea; eta haiek lortzeko egin beharreko bidea marraztea eta egitea".
Arlo horretan beste hainbat egitasmo jasotzen ditu programak; besteak beste, herritarren arretarako eta aholkurako Energia Bulegoa martxan jartzea.
"Herri bizigarriagoa, herritar guztientzat herrian bertan eroso eta seguru bizitzeko aukerak eskaintzen dituena" da hauteskunde programaren beste ildo bat, eta "etxebizitza politika eraldatzailea" da arlo horretan EH Bilduren proiektu nagusia, "herrian bertan bizi nahi duten azpeitiar guztiei horretarako aukera eskaintzea" helburu hartuta. "Etxebizitza oinarrizko eskubidea" da, eta eskubide hori bermatze aldera lan egitea "lehentasunezko erronka" da EH Bildurentzat.
Arlo honetan, iaz onartutako Etxebizitza Plana izango da EH Bildurentzat ardatza. Besteak beste, "babes publikoko etxebizitzak sustatzen jarraitzea" nahi du azken hiru udal agintaldietan Udal Gobernuan egon den talde politikoak: Santutxoko 28 babestutako etxebizitzak, Esklabetako alokairu sozialeko 48, Elizkaleko alokairu sozialeko hamabi, eta Goikokaleko behar sozialetarako etxebizitzak jaso dituzte programan.
Etxebizitzez gain, hirigintzari eta azpiegiturei lotutako beste proiektu batzuk ere jasota daude EH Bilduren programan.
"Herri duinagoa, inor atzean utzi gabe, herritar guztien beharrak kontuan izanda, aurrera egingo duena" ildoan, gizarte beharrak asetzeko egitasmoak jaso ditu EH Bilduk. Horien artean pisu berezia dute gizartearen zahartzearekin eta horrek sortutako beharrekin lotutakoek. Hain zuzen ere, adinekoen eta mendekotasuna dutenen etxez etxeko arreta integrala eta Perdillegin eraikiko duten mendeko pentsonentzako zentro balioaniztuna dira agintaldi berrirako bi proiektu nagusiak koalizioaren programan. Perdillegin, egoitzaz gain Eguneko Zentro berria ere irekiko dutela azpimarratu du EH Bilduk, "herrian bigarrena".
Adinekoen zaintzarekin zein zaintzaileekin lotura duten beste proiektu eta zerbitzu batzuk ere jaso dituzte programan, baita laster martxan izango diren Elizkaleko etxebizitza tutelatuak ere. Horiez gain, pertsona zaurgarrienei zuzendutako laguntzak, gazteen emantzipazioa ahalbidetzen lagunduko dutenak edota berdintasun politikak kontuan hartu dituzte.
"Herri aktiboagoa, herrian bertan bizitzeko eta lan egiteko aukera emango duena" lortzeko bidean, berriz, industriarako azpiegiturak eta ekonomia sustatzeko laguntzak dira EH Bilduren proposamenen artean bi nagusienak. Azpeitian langabezia tasa %7an dago egun, "eskualdeko eta Gipuzkoako tasen azpitik", EH Bilduk nabarmendu duenez; baina programan nabarmendu du, era berean, horrek esan nahi duela 516 langabetu daudela herrian, "eta haien egoerari nahiz egoera prekarioan dauden beste hainbat langilerenari irtenbidea emateko lanean jarraitzea" dagokiola dio koalizioak.
"Lur industrialak eskuratzeko eta birgaitzeko konpromisoa" adierazi du EH Bilduk hauteskunde programan: Larringo eremuan "epe motzean, lur industrialak erabilgarri" jartzea eta udalak iragarri berri duen Landetako plan berezia dira puntu horretan ekintza garrantzitsuenak.
Enplegua eta formazioa bultzatzeko zein merkataritza txikia, lehen sektorea, turismoa eta ekintzailetza indartzeko ekintzak ere badaude programan.
Azkenik, "herri errotuagoa, arloz arloko eragileekin eta norbanakoekin elkarlanean diharduena" nahi du Azpeitiko EH Bilduk, eta horretarako, Herri Hezitzaile balioak "modu praktikoan arloz arlo lantzea" da koalizioak herri programan jaso duen proiektu nagusia. "Herri feminista, parte hartzailea, euskalduna, anitza, ingurumenarekin konprometitua eta kultur ondarea baloratu eta transmititzen duena. Horiek dira irudikatzen dugun herriaren ezaugarriak, arloz arlo zeharkakotasunez landu nahi ditugunak", dio EH Bilduk.
Eragile guztiei "herri hezitzailearen ideia teoriatik praktikara eramateko" beharrezko baliabideak eskura jartzeaz gain, herrian kirola, hezkuntza, kultura eta euskara sustatzeko beste hainbat egitasmo ere gauzatu nahi ditu EH Bilduk datorren udal agintaldian.
Etxez etxe
Datozen egunotan hasiko da Azpeitiko EH Bildu 2023ko udal hauteskundeetarako ondu duen programa etxez etxe banatzen.
Euskara hutsean jasoko dute programa etxean azpeitiarrek, baina euskararekin herrian hitz egiten diren beste lau hizkuntza nagusienetara ere itzuli dute programa –gaztelania, urdua, arabiera eta errumaniera–; online formatuan, QR kode baten bidez, irakurri ahal izango da programa aipatutako hizkuntzetan.