Jon Etxaniz: "Eskerrak etxekoei, haiek gabe ezingo nukeen honaino iritsi"

Ihintza Elustondo 2021ko ira. 14a, 09:27

Kontxako Bandera irabazi du Jon Etxanizek (Azpeitia, 1994), Santurtzirekin. Igandeko saioan lehia estua izan zen arren, Hondarribiari aurre hartzea lortu zuen taldeak. "Oso gustura" dago arraunlaria.

Kontxako Bandera irabazi berritan, zer moduz zaude?

Ondo, oso gustura. Oraindik ez dakit konturatu naizen zer lortu dudan. Egia esan, kostatzen da sinestea.

Ospatu al duzu garaipena?

Bai, beno. Ezer apartekorik ez genuen egin igandean. Santurtzira joan ginen, zerbait bazkaldu eta pare bat trago hartu genituen. Parranderoak ez gara, eta...

Arraunlaria izanda, ez dago parranda asko egiterik, ezta?

Ez, ez. Gainera, Santurtzi urruti dago, eta gero etxera bueltatu behar...

Lehia estua izan zen igandeko estropadan Hondarribiaren eta Santurtziren artean, eta azkenean, justu-justu irabazi zenuten. Zer balorazio egiten duzu?

Estropada gogorra izan zen. Beti atzetik ikusten genuen geure burua, eta pentsatzen genuen ihes egingo zigula banderak. "Aurten ere ez dut irabaziko", pentsatzen nuen [iaz Oriorekin jokatu zuen Kontxako bandera, eta Hondarribiak irabazi zuen]. Eta azkenean, ba begira.

Une batean galdutzat eman al zenuten estropada?

Beno, galduta galduta ez dakit... Baina nahiko zaila ikusten genuen irabaztea. Irla parean gindoazela, besteen txalupa pixka bat aurretik ikusten zen, eta, gainera, aurreko asteko abantaila zuten.

Tentsio uneak biziko zenituzten, beraz, traineruan.

Ez dakit momentuan tentsioa egoten den. Pentsatzeko denbora asko ere ez dugu izaten, egia esan. Geure lanarekin segi behar izaten dugu.

Eta zailtasunak zailtasun, helmugara iritsi eta bandera zuek irabazi zenutela jakitea...

Ederra izan zen, amestutako momentua.

Kontxa irabazita, ligan aurreneko postuan amaitzea izango da zuen hurrengo helburua. Asteburuan amaituko duzue aurtengo denboraldia.

Bai, sei puntuko abantaila dugu, eta gauzak asko okertu beharko lirateke guk liga ez irabazteko. Oraindik edozer pasa daiteke, baina nahiko bideratuta dugu kontua.

Kontxaz gain, liga irabazten baldin baduzue, a zer denboraldia...

Bai, bai. Biak irabaztea sekulakoa izango litzateke.

15 urterekin Zumaian arraunean hasi zinenean ez zenuen inondik inora esperoko gaur zauden lekura iristea.

Bai zera. Amestu bai, baina horrelakoak ametsetan bakarrik izaten zirela uste nuen. Halako ametsak betetzeko zortea behar da eta dena ondo tokatu behar zaizu.

Zein dela esango zenuke Santurtzik halako denboraldia egiteko gakoa? Zertan ari zarete asmatzen?

Uste dut talde ona dugula. Jende ona dago, eta nahiz eta batzuk adinean aurrera doazen, sekulako ilusioa dugu. Esango nuke gure taldean inon baino ilusio handiagoa dagoela; ez dakit beste taldeetan baino ilusio handiagoa izango dugun, baina txikiagoa ez behintzat. Ilusioa eta lana; horiek izango dira gakoak.

Arraunlari baten bizimodua ez da izango samurra. Entrenamendu gogorrak, elikadura asko zaindu behar...

Bai, hala da. Astean sei entrenamendu egiten ditugu. Gainera, Santurtziraino joan behar izaten dut, eta autoan kilometro asko egin. Ordubete inguru pasatzen dut hara joaten, eta gero, etorri egin behar. Negu partean, Aste Santu bueltara arte, aste barruan egun batez eta asteburuetan bi egunez joaten gara Santurtzira; gainontzeko entrenamenduak etxean egiten ditugu. Gero, ordea, Aste Santu ondoren hasita, egunero joaten gara hara.

Berandu itzuliko zara etxera ezta?

Bai, bai, etxera 22:00ak jota beti.

Eta hurrengo goizean lanera?

Bai, 06:00etarako.

Zaila izango da arraunetik bakarrik bizitzea, ezta?

Bai. Nik lanean jarraitzen dut. Gaur [astelehena] jai hartu dut, baina...

Zumaian hasi zinen arraunean, Telmo Deunen. Orion aritu zinen gero, eta aurten Santurtzira egin duzu salto. Nolatan sortu zitzaizun Santurtzira joateko aukera?

Santurtziko entrenatzaile [Iker] Zabalak deitu zidan, hitz egiteko gelditu eta tratu batera iritsi ginen. Zer talde osatu zuen azaldu zidan eta gustatu egin zitzaidan; gainera, Orion patroi izan nuena [Gorka Aranberri] ere Santurtzira zihoan, eta dena ondo tokatu zitzaidan. Aranberri Zarauzkoa da, eta Elgoibarren [Gipuzkoa] elkartu eta biok joaten gara Santurtzira entrenatzera. Sekulako aldea da hori.

Azpeitiar gehienak futbolean, saskibaloian edo pilotan ibiltzen dira. Zu nolatan hasi zinen arraunean?

Ni saskibaloian aritzen nintzen, baina ez nuen horretarako balio [barreak]. Etxean esaten zidaten kirolen bat-edo egiteko, eta jakin nuen Zumaian gazteak ibiltzen zirela arraunean. Probatzea erabaki nuen, eta Azpeitiko hiru gazte hasi ginen Zumaiara arraunera joaten. Gustatu egin zitzaidan kirola; giro ona genuen taldean, lagunarte ederra, eta gustura joaten nintzen saioetara. Beste urtebetez jarraitzea erabaki nuen, gero beste urtebetez, eta gaur arte.

Zer dauka arraunak gustuko duzuna?

Talde giroa atsegin dut, eta konpromisoa ere bai; taldekideekin hartzen duzun konpromisoa, denak bat eginda egote hori. Arraunak badauka zerbait engantxatzen duena. Ur gaineko sentipen hori ere ederra da.

Azpeitiar askok ez zuten irabaziko Kontxako Bandera.

Zumaiarekin irabazi zuten baten batzuek, duela urte mordo bat. Ez dakit beste inork lortuko zuen...

Etxekoei eta ondoan izan dituzunei eskaini diezu garaipena.
Bai, haiek gabe ezingo nukeen honaino iritsi. Goizean goiz etxetik irten eta berandu, goseak eta arropa zikinarekin itzultzen naiz [barreak]. Norbait behar da ondoan hori posible izan dadin. Eskerrak haiei, bestela ezingo nukeen horrela ibili.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide