Karnabalzale amorratua

Nerea Uranga 2020ko ots. 20a, 09:59

"Azpeitiko festarik ederrenak izan dira karnabalak niretzako, batere zalantzarik gabe", dio Juan Manuel Kortak (Azpeitia, 1951). 70eko eta 80ko hamarkadetan, 15-20 urte inguruan hutsik egin gabe, astelehenean mozorrotuta kalera atera eta astearte iluntzera arte festan ibiltzen zen Korta. Aurten, aurrenekoz, Azpeititik kanpo izango da: "Ederki akordatuko naiz karnabalekin, ordea".

Azpeitiko karnabaletako egun guztiak "onak" direla dio Kortak. "Baina gustukoena astelehenetik asteartera artekoa nuen nik; goizeko txaranga horiek...". Txaranga non Korta han izaten zen, beti taldearen aurretik.

"Bar Victor zenean [egungo Olazko Andre Mariaren plazan zegoen] lan egiten nuenean jantzi nintzen aurrenekoz karnabaletan. Txiki deitzen zioten oñatiar batek egiten zuen han lana, eta hark komentatu zidan karnabaletan zerbait jantzi behar genuela. Hala, Txiki zena deabruz eta ni aingeruz jantzita irten ginen. Garai hartan, bakan batzuk bakarrik janzten ginen karnabaletan, baina handik aurrera jende asko hasi zen mozorrotzen", gogoratzen du Kortak.

Kojua tabernako garaiak

Bar Victor zegoen etxea eraitsi behar zutela eta, Kojua taberna [Goiko kalean] izan zeneko lokala hartu zuen Kortaren arrebetako batek, Roxiok. 1975. urtean ireki zuten Kojua, eta 1989.ean itxi. Kojuanean egiten zuen lana Kortak, zerbitzari.

Astelehen Karnabal iluntzean mozorrotzen zen Korta. "Afariak eman, kafeak atera eta tabernako biltegian janzten nintzen, Marianjeles arrebak lagunduta. Mozorrotu, tabernako jangelatik igaro, eta mostradore atzean ez nituen bost minutu egiten. Kalean txaranga entzun, eta alde egiten nuen festara. Astelehen iluntzean irten eta astearte gauerdiko zezenaren hileta bukatu arte ez nintzen etxeratzen".

Amak josten zizkion jantziak Kortari, Maria Odriozola zenak. "Niri berdin zitzaidan zer jantzi, egiten zidaten hura janzten nuen. Marianjeles arrebak diseinatzen eta marrazten zituen, eta amak josten", kontatu du Kortak. Helduen mozorro desfilean irteten zuen mozorrotuta, eta askotan jaso zuen saria hark. "Lehen, bigarren eta hirugarren sari dezente eman zizkidaten. Udaletxean saria jaso eta amaren etxera joaten nintzen, Pablo VI.era. Saria amari ematen nion, eta kalera berriro".

Karnabaletako "oroitzapen oso onak" ditu Kortak: "Ederki gozatu eta disfrutatutako oroitzapenak ditut, ez ahanzteko modukoak". Garai hartan, pezetarekin eguna errazago pasatzen zela dio. "Gaurko 50 eurorekin ez dago eguna pasatzerik! Tabernak goizeko laurak-bostak arte egoten ziren zabalik, eta ixten zituztenean elkarteren batera joaten ginen, baratxuri zopa jatera. Jan gabe ez ginen ibiltzen, ez horixe! Bazkaltzera eta afaltzera Kojuanera joaten ginen. Eta, astelehen gauean, Uztarrinera bapo jatera!". Gogoan ditu orduko txarangako eta festako lagunak: Joxin Beloki, Iñaki Altuna Pipas, Iñaki Alberdi, Iñaki Bergara Pio...

Mozorrotu zen azkenetako karnabalak 1989koak izan ziren. "Astearte karnabalez Patxonera joan, afaldu eta lo hartzen nuen. Pentsatu nuen: 'Juan Manuel, hirea joan dek!'".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide