Dantzarako gonbita Sonakay taldearen eskutik

Aritz Mutiozabal 2020ko urt. 31a, 11:07

Euskarazko flamenkoak girotuko du bihar Azpeitiko Sanagustin kulturgunea. Disko berria grabatzen ari dira, eta abesti berriren bat edo beste joko dute kontzertuan. Yony Camacho abeslariarekin hitz egin du HITZAk.

Sonakay zuzeneko emanaldi batean; Yony Camacho abeslaria erdian. (Sonakay)

Sonakay Denontzat diskoaren bira jada amaituta, Azpeitira "zerbait hibridoa" eskaintzera datozela jakitera eman du Yony Camacho Sonakay taldeko abeslariak: "Pixkanaka-pixkanaka gure bigarren diskoa izango denaren zantzu batzuk eskaini nahi ditugu, lan guztiaren berri eman gabe, baina abesti berriren bat edo beste taularatuz".

Hain zuzen ere, formatu horretako estreinako kontzertua eskainiko du Donostiako taldeak bihar, larunbata, Sanagustin kulturgunean, 22:00etatik aurrera. Bederatzi lagun igoko dira agertoki gainera, eta "kontzertu alaia" eskainiko dutela aurreratu du Camachok, "jendeak gurekin dantza egin dezan eta euskal flamenkoan bete-betean murgil dadin".

Une honetan grabazio prozesuan murgilduta dago taldea. "Abesti batzuk jada bukatuta ditugu, jada nahastuta ere bai; beste batzuetan, aldiz, eskeletoa besterik ez dugu. Horrelakoetan badakizu noiz sartzen zaren grabazio estudiora, baina ongi bukatzeko bere denbora behar da", jakitera eman du.



Aurki lan berriaren aurrerapen abestia estreinatuko dute, Rumba txikitita izenekoa, eta, adibidez, hori zuzenean joko dute larunbateko emanaldian. "Abesti horrekin taldekideak aurkezten ditut, eta kontzertuen amaieran jo ohi dugu, dagoen giroaren arabera beti ere".

Beraz, erakargarritasun bat gehiago izango da Sonakay zuzenean ikusteko. "Gainera, badugu gogoa abesti berriak zuzenean probatzen hasteko eta, batez ere, ikusteko jendeak zer moduz jasotzen dituen", nabarmendu du abeslariak.

Bi urte jo eta ke
Sonakayk 2018an eman zuen ezagutzera bere burua lau haizetara. Got Talent telesaioko finalista izateak zabaldu zizkion ateak, eta ez zion abaguneari ihes egiten utzi. "Telebistan ateratzen zara, eta bat-batean fama etortzen zaizu, lehen diskoa grabatzen duzu, biran murgiltzen zara, bigarren disko bat kaleratu nahi dizute, abesti berriak dituzu... Bazirudien zerbait iragankorra izan behar zuela, baina, azkenean, bi urte daramatzagu jo eta ke lanean eta pozez gainezka", zehaztu du Camachok.

Era berean, ondorengoa gaineratu du: "Garbi dago gaur egun dagoen musika aukerarekin eta kontsumitzeko moduarekin, pribilegiatu batzuk garela kontzertuak ditugulako eta gustuko dugun horretan lan egiten dugulako. Gu, behintzat, hor egon gaitezke".

Bestalde, taldeak argi eta garbi erakutsi du flamenkoa euskaraz abestuz, kulturen arteko fusioak ez duela inolako mugarik. "Saiatzen ari gara gure ukitua ematen, euskal flamenkoarena. Jendeari asko gustatu zaizkio Txoria txori eta Loretxoa, eta, orain, disko berriarekin, gauza indartsuagoak etorriko dira. Pauso bat harago eman nahi izan dugu, eta bertan entzun ahal izango da sortu nahi izan dugun giroa. Baina, batez ere, guk nola sentitzen dugun hemengo flamenkoa".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide