Azpeitiko Kantujira taldeko kideek abesti liburuxka kaleratu dute. 300dik gora abesti bildu dituzte argitalpenean; gehienak euskal tradiziotik jasotakoak dira, baina gaur egungoak ere badira tartean. Liburuxka osatuta eta argitaratuta, taldekideek jarritako erronka bete dutela diote, eta gustura daude emaitzarekin.
Liburuxka iaz taldelanean egindako lan mardularen emaitza da; hala azaldu du Maite Garmendia Kantujira taldearen batzordeko kideak: "Batzordeak iaz liburuxka osatzeko ardura hartu zuen, eta urte osoan zehar lan asko egin zen horretarako. Batzordeko kide batzuek dokumentazio lan handia egin zuten kantuak nork sortutakoak ziren jakiteko, nork abesten zituen... Azkenean, harro gaude egindako lanarekin, liburu dotorea da".
Kantura kalera ateratzen zireneko abestiak euskarri egoki eta eroso batean edukitzeko asmoarekin hasi ziren kantu liburuxka osatzeko ideiarekin lanean. "Kantujira taldeak urte mordoxka daramatza martxan, eta bileretan gustuko kantuak aukeratu ondoren, horien fotokopiak ateratzen genituen. Gero, taldean banatzen ziren kopiak eta koaderno handi batean jasotzen genituen. Azkenerako, ordea, koaderno hori baldarregia zen kalera ateratzeko, ez zen batere egokia", azaldu du Garmendiak.
300dik gora kantu bildu dituzte kaleratu duten liburuxkan. Euskal tradiziotik jasotakoak dira gehienak, baina baita gaur egungoak ere. Abestien %95 euskal kantak dira. Gaztelaniaz ere jaso dituzte batzuk eta katalanari, galegoari, okzitanierari eta aragoierari ere keinu txiki bat egin nahi izan diote liburuxkan. "Gero eta toki gehiagotara joaten gara kantura; esaterako, urtean hirutan-edo joan ohi gara abestera Eguneko Zentrora, San Martin egoitzara edota Loiolako jesulagunen zentrora. Euskal kantak ez direnak leku horietan bakarrik kantatu ohi ditugu; adibidez, Loiolan kanpotik etorritakoak ere badaudelako".
Azpeitiko Kantujira taldea 42 lagunek osatzen dute gaur egun. "Dezenteko taldea da gurea, eta entseatzeko 30 bat lagun biltzen gara", azpimarratu du Garmendiak. Oro har, hilean behin ateratzen dira kalera kantuan; berez, hileko azken ostegunetan, 19:00etatik 21:00etara. "Badira hilabeteak, ordea, behin baino gehiagotan kalera ateratzen garenak: Santa Xexili dela, bestelako ekitaldiren bat... Horrez gain, inguruko festetan ere hasita gaude abesten: Nuarben edota Loiolako Sagardo Egunean, adibidez".
5 euroan salgai
Kantu liburuxkaren 500 ale atera eta kalean saltzen jarri dituzte, 5 euroan. "Azpeitiko herritarrekin ere partekatzea pentsatu dugu liburuxka, hala nahi izanez gero gurekin batera kantatzeko, etxean familia giroan erabiltzeko edo lagunartean ere otordu ondorenetan giroa alaitzeko". Kantujira taldea kalera ateratzen denetan erosteko aukera izango da liburuxka.
Azpeitiko Udala eskertu du Kantujira taldeak, erakundeak emandako laguntzarik gabe liburuxkak kaleratzea "ezinezkoa" izango zutelako.