Igor Agirrebeña Barrenola (Azpeitia, 1978) pilotuak 2019ko Espainiako Autokros Txapelketaren sarietako bat irabazi du. Hain zuzen ere, Hirugarren Mailaren barruan jokatu duten 1.600 zentimetro kubikoko sariketaren txapela bereganatu du gidariak. Abenduaren 13an jaso zuen saria Agirrebeñak Madrilen, Espainiako Automobilismo Federazioaren Txapeldunen Galaren barruan. Aspalditik ondoan duen buggy autoarekin eskuratu du txapela.
Pozik al zaude lortutakoarekin?
Bai, oso gustura nago. Izan ere, badira urte batzuk auto berarekin lehiatzen ari naizela. Urtero-urtero autoa berritzen eta hobetzen aritu naiz, eta aurreko neguan, alderdi elektrikoa eta mekanikoa hobetu nizkion ibilgailuari; horrela, lortu nuen autoak matxurarik ez izatea. Modu horretan, lasterketa guztietan puntuak biltzea lortu dut; ez dut probarik irabazi, baina guztietan podiumean izan naiz. Erregulartasun horrekin, puntu pila bat eskuratu dut, eta azkenean, gure kategoriako Espainiako Txapelketa irabazi dut.
Zortzi lasterketa zituen txapelketak. Guztietan parte hartu al duzu?
Hasieran, bakarren batean ez nuen parte hartu, autoaren arazo batengatik, baina bestela, denetan lehiatu naiz. Espainiako hainbat lekutan izan dira probak, eta bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu naiz guztietan.
Noiz hasi zinen autokros txapelketetan parte hartzen?
Honezkero badaramatzat 14-15 bat urte mundu horretan. Dena den, urteren batean edo bestean huts egin dut, eta agian, lehietatik pixka bat apartatuago egon naiz, umeren bat jaio delako. Orain, umeak pixka bat kozkortu dira, eta oraindik ere denbora gutxi daukadan arren, lehen baino zertxobait gehiago ateratzen dut autokrosa praktikatzeko.
Inguruotan asko dira auto igoeretan eta rallyetan lehiatzen direnak. Zergatik aukeratu zenuen zuk autokrosa?
Federatuta parte hartu nuen lehen lasterketa Azpeitiko Rallysprinta izan zen. Proba hori izan zen egin nuen aurrena, baina iruditu zitzaidan niretzako garestia izango zela kirol hori. Gainera, lur gaineko modalitateak gehiago gustatzen zaizkit; izan ere, autoa gehiago irristatzen da lurrean. Horrez gain, rally batean bakarrik ateratzen dira autoak, ez dute izaten beste autorik inguruan, baina autokrosean, 12-15 auto elkarrekin lehiatzen gara. Horrek sentipen ezberdinak eragiten ditu: batek bestea aurreratu duela, zu aurreratu zaituztela, bi autok elkar ukitu dutela... Elkarren kontra aritzen gara autokrosean, eta ez denboraren aurka, eta horrek saltsa gehiago sortzen du. Era berean, lasterketak tarteko, urtean zortzi bat asteburu kanpoan pasatu behar izaten ditut. Ostiral iluntzean atera eta igandean bueltatzen gara etxera, eta polita izaten da hori. Dena den, bere alde txarra ere badu horrek: kilometro dezente egin behar izaten ditugu.
Lehen, Aratzerrekako festetan, Azkoitian, autokros probak egiten zituzten. Gaur egun, ohitura hori galdu da. Nola ikusten duzu egoera?
Gaur egun, inguruotan ez da ezertxo ere egiten autokrosari lotuta. Hemendik gertuen egiten den autokroseko proba Nafarroako Txapelketa izango da. Bestela, ezer ez dago hemen, Espainiara joan beharra dago nahitaez.
Autokrosean ibiltzen den jende gehiago ba al dago inguruotan?
Azpeitian beste bat dago: Jon Otaño, Espainian lehiatzen ari dena. Eta bere garaian, Iñaki Txikiye [Iñaki Alberdi] eta Jon Agirre Oanda aritzen ziren; horiek Espainiako txapeldun izan ziren. Azpeitian hasieratako autokros pilotuak horiek izan ziren.
Garestia al da autokrosa?
Automobilismoari lotutako dena da garestia, baina nire iritziz, autokrosa da automobilismoaren barruan dagoen modalitaterik merkeena. Hala eta guztiz ere, oso-oso garestia da. Gutxieneko bat ordaindu egin behar da, eta hortik gora, bakoitzak erabakitzen du zenbat gastatzea nahi duen. Lasterketa bakoitzeko izen ematea 245 euro inguru kostatzen da; beraz, atera kontuak. Horrez gain, lizentziak, bidaiak, penumatikoak, konponketak... dena ordaindu behar da. Alde horretatik, oso garestia da kirola.
Aurten ere parte hartuko al duzu Espainiako Txapelketan?
Bai, 2019an parte hartu nuen kategoria berean. Denboraldia bukatu eta gero autoa Madrilera eraman nuen prestatzaile batengana, probetarako ondo jartzeko. Espero dut San Sebastian jaien ingururako autoa ekarriko dudala handik, eta gero, entrenamendu libre batzuk egiten hasiko naiz. Martxoaren erdi aldean ekingo diot txapelketan lehiatzeari.
Zer lortzea nahiko zenuke aurten?
Iazko gauza bera. Inportanteena lasterketa bakoitza ondo egitea da, eta berriz ere txapela irabaztea lortzen badut, gustura geldituko naiz. Babesleen eta familiaren laguntza eskertu nahiko nituzke; haiek gabe ezingo nuke horrela aritu.