Korrikalari langilearena, pantailara

Mailo Oiarzabal 2019ko mar. 28a, 10:43

ETBn eman aurretik, bihar aurre estreinatuko dute Azkoitiko Baztartxo antzokian 'Diego Garcia, bidegilea' dokumentala. Lanarekin "zor bat kitatu" duela dio Juanan Legorburuk.

Diego Garcia Helsinkin, Europako Atletismo Txapelketan maratoian zilarra irabazi zuenean, duela 25 urte.

Igandean, martxoaren 31n, beteko dira 18 urte Diego Garcia hil zela. Espreski aukeratutako data izan ez arren, egun berean estreinatuko dute ETB1en (21:00) Diego Garcia, bidegilea, atleta azkoitiarraren bizitza eta ibilbidea jasotzen dituen dokumentala.

Hala ere, telebistan eman aurretik, Azkoitian izango da Juanan Legorburu (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1963) kazetariak eta Antton Aldekoak egin duten lana ikusteko aukera. Bihar, Baztartxo antzokian egingo dute aurre-estreinaldia, 20:00etan.

Bi emanaldien tartean, zapatuan, izango da aurtengo Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, Garciaren laguntzarekin sortu eta gaur egun haren omenez egiten den lasterketa.

Zor bat kitatzeko

Azkoitia-Azpeitian dago, hain zuzen ere, asteburuan estreinatuko den dokumentalaren "ernamuina", Legorbururen esanetan.

Maratoi erdiko antolatzaileek deitu zioten Legorbururi duela hamabost-hamasei hilabete, iaz lasteketak 25. edizioa zuela-eta haren gaineko dokumentala egin nahi zutela esanez. "Erantzun nien egokiago ikusten nuela Diegoren inguruko dokumentala egitea, dokumental horretan Azkoitia-Azpeitia bera ere aipatuta, uste nuelako Diego Garciaren historia zegoela kontatzeko".

Aspalditik zuen ETBko kazetariak Garciari horrelako zerbait eskaintzeko nahia, hura hil zenetik "zor moduko bat" sentitzen zuen harenganako. "Diego laguna nuen, zazpi hilabeteko aldea genuen bion artean. Konpetizioan ezagutu genuen elkar, ni ere korrikalaria izan nintzelako. Gero, bakoitzak bere bidea egin zuen, baina hor ere elkarrekin asko jardun ginen, bera elitera iritsi zen neurrian, askotan izaten nintzelako berarekin elkarrizketak-eta egiten".

Iazko maratoi erdia kamera bereziekin grabatu zuten, Alejandro Gomez elkarrizketatu zuten... Baina Azkoitia-Azpeitiako antolatzaileek arazoak izan zituzten finantziazioa lortzeko, eta "standby-n" gelditu zen proiektua. Azaroan, ordea, Joseba Urkiola ETBko kirol erredakzioko arduradunak lanari berrekiteko esan zion Legorbururi, telebistak ekoiztuko zuela proiektua, eta horrela iritsi da azken portura.

"Horrelako asko ez"

Hasiera-hasieran egin zuen bezala, Andoni Egañarengana jo zuen berriro Legorburuk, proiektuan parte hartu nahi al zuen galdezka. "Eta erantzuna hasierako bera izan zen, kristoren ilusioa egiten ziola. Eta horrela hasi ginen. Andonirekin egin genuen aurreneko grabaketa, bera delako, hain zuzen ere, dokumentaleko haria. Andoniren begietatik kontatuta balego bezala da historia".

Garciaren historiak berezitik zer duen galdetuta, "horrelako asko ez" direla dio kazetariak: maratoiaren munduan "bidegilea" izan zelako, batetik –hortik, lanaren izenburua–, eta "Diego zen bezalakoa zelako", bestetik. "Mutil alaia zen, kirol gogor honetan zaildua baina beti irribarre batekin, beti laguntzeko prest, eskuzabala... herrikoa. Eta hori ez diot nik, hori diote inguruan ibilitakoek, eta ikusi ere egiten da. Afizioz korrikalari zen langilea zen, fundizioan eta itsasoan ibilitakoa, eta halako batean korrikalari bihurtu zena. Eta bere ezaugarri nagusia zen korrikalari langilea zela, besteek baino kilometro gehiago egin behar zituena, lanaren poderioz elitera iritsi zena".

Aurrez ere egin ditu kirolariei buruzko dokumentalak Legorburuk, baina Diego Garcia, bidegilearen emaitzarekin bereziki gustura dago; "zor bat kitatu" duela sentitzen du, eta gainera, "bete" egin du gauzatutako lanak. Garcia bera falta dela kontuan hartuta, lekukotzatan oinarritu beharrean, "apustu estetikoagoa" egin duela azaldu du. Eskertuta dago kazetaria "proiektuan parte hartu duten guzti-guztiekin", eta bereziki Garciaren anai-arreba Manuel eta Carmenekin. Azkoitiar zenaren laguna izateaz gain, haren ingurua ere ezagutzen zuen lehendik, eta horrek lanak erraztu dizkiola aitortu du. "Niretzako oso erraza izan da lekuetara eta pertsonengana iristea". Egindako lanak utzi dion aho zapore onak ikusleen harreran oihartzuna izatea gustatuko litzaioke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide