Maika Sitte: "Agertokian bihotza eta azala uzten ditugu, pertsonak hunkitzeko helburuz"

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 9a, 09:47

Maika Sitte, kontzertu batean. (Freedonia) Hamar urteko ibilbidea bizkarrean, musika beltzaren erreferentzia nagusi bilakatu da Freedonia Espainiako Estatuan. Euskal Herrira, Azpeitira, egingo du bisita ostiralean, eta emakumearen askatasunaren aldeko aldarria lau haizetara zabalduko dute. Maika Sitte guinear jatorriko madrildar abeslariarekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak. Lagun talde batek sortu zenuten Freedonia 2006an. Pixkanaka indarra hartzen joan da taldea. Zein unetan zaudete? Gustura gaude gure lanarekin jarraitzeko aukera dugulako; izan ere, askotan ez da posible izaten. Denborarekin garatzen ari gara, bai pertsonalki, bai proiektuari dagokionez. Gero eta hobeto ezagutzen dugu elkar, eta egun bakoitzaz azkena bailitzan disfrutatzen dugu. Hirugarren lana aurkeztu duzue: Shenobi. Diskoaren zer ezaugarri azpimarratuko zenituzke? Soinu afrikarragoak eta 70eko hamarkadako tinbre gehiago entzun daitezke. Bestalde, istorio bat jasotzen duen binilo bikoitza da lana. Sekuentzialki entzuteko sortua da; pieza instrumentalak eta abestuak tartekatzen ditu, eta soinu banda bat osatzen da abesti guztiekin. Abestietan ikus daiteke garatzen ari garela. Zer esan nahi du shenobi hitzak? Gerlari bat da Shenobi. Bideojoko batean ezagutu genuen Shinobi ninjaren izenarekin eta she [bera –emakumeen kasuan– ingelesez] eta nobi [hazkuntza japonieraz] hitzekin osatutako hitz jokoa da. Batetik, identifikatuta sentitzen ginen bideojokoen ideiarekin; izan ere, horietan probak egin behar dira hurrengo fasera igarotzeko. Emakumeen kasuan ere hori horrela dela uste dugu, baita bizitzako hainbat egoeratan ere. Ditugun ezinegonak transmititzeko erreminta ezin hobea iruditzen zaigu hitz jokoa. Zer mezu zabaldu nahi duzue kaleratu duzuen lanarekin? Musikarekin zirrara sortu nahi dugu. Horrez gain, azaldu nahi dugu gizaki guztiok, desberdinak izanagatik, eskubide berak ditugula; ezin dugula inor atzean utzi; espezie gisa dugun indar boteretsuena berdinen arteko maitasuna dela; eta sexuagatik, jatorriagatik, erlijioagatik edo kulturagatik ezin dugula inor baztertu. Horiek alferrikako gaitzak dira, atzerakoiak. Aberastasunaren oinarrian dago aniztasuna, eta hortik abiatu behar dugu guztiok lekua izango dugun mundu hobe bat lortzeko. Disko berriko abesti guztietan emakumearen independentziaz hitz egiten duzue. Zergatik? Gai horrek denok ukitzen gaitu; hilketak, erasoak, bazterketak... Aldatu egin behar dela aldarrikatzeko beharra sentitzen dugu. Diskoak badu hainbatetan errepikatzen den motibo bat: "No one can be left behind" [inor ezin da atzean utzi]. Literalki diogu inor ezin dela atzean utzi; izan ere, tamalez, emakumeak atzean gelditzen dira, eta gizarteak baimendu egiten du hori. Onartezina da. Azken urteetan musika beltzaren erreferente bihurtu zarete. Publikoa bereganatzea ahalbidetzen dion zer du Freedoniak? Daukagun onena ematen saiatzen gara beti. Agertokian bihotza eta azala uzten ditugu, pertsonak hunkitzeko helburuz; ahalik eta musika onena sortzen saiatzen gara. Uste dugu publikoak zintzotasun horrekin konektatu egiten duela, eta itzuli egiten digula; hori magikoa da. Taldearen ezaugarrietako bi askatasuna eta independentzia direla esana duzue. Shenobi finantzaketa kolektibo bidez kaleratu duzue. Zergatik hartu duzue erabaki hori? Gure publikoaren menpekoa den kultur proiektu bat gara. Denok osatzen dugu Freedonia, eta zaleak dira gure ekoizleak. Horregatik saiatzen gara beraientzat ahal dugun produktu onena osatzen. Askotan ez da biderik errazena izaten, baina hori da sinesten dugun bidea. Ostiralean lehen aldiz ariko zarete Azpeitian. Nolako kontzertua eskainiko duzue? Disko berriko kantetan barna egingo dugu ibilbidea, baina aurreko lanetako abestiak ere joko ditugu. Bertaratzen diren guztien sentimenduak astintzen ahaleginduko gara, eta saiatuko gara oharkabean ez igarotzen. Dibertigarria izango da, guztia emango dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide