Orbegozo, Aldai, Espinar eta Arrizabalaga finalistak. (Julene Frantzesena)
Azken txanpara iritsi da Emakume Master Cup pilota txapelketa. Horren erakusle da finala eta finaleko protagonistak gaur aurkeztu izana prentsaren aurrean. Azkoitiko Oteizaren pilotalekuetan egin dute emakumeen lau eta erdiko eskuz banakako txapelketako finalen aurkezpena; izan ere, Azkoitian jokatuko dituzte emakume pilotariek Promozio Mailako eta Lehen Mailako finalak.
Gurea pilotalekua izango da finalen lekuko igandean. Hain zuzen ere, 12:00etan hasita, bi mailetako finalak jokatuko dituzte. Txapelketako partidekin alderatuta izango da aldaketa bat; orain arteko neurketak 18 tantora jokatu badituzte ere, 22 tantora jokatuko dituzte finalak. Aurrena Promozio Mailakoa jokatuko dute Oihana Orbegozo azpeitiarrak eta Amaia Aldai dimoztarrak, eta ondoren neurtuko dituzte indarrak Gernikako (Bizkaia) Olatz Arrizabalagak eta Usansoloko (Bizkaia) Patri Espinarrek. Lehen Mailako finala estua izango dela aurreikusten dute; izan ere, biek jokatu zuten eskuz binakako txapelketaren finala joan zen martxoan. Orduko hartan Arrizabalagak eta Etxanizek jantzi zuten txapela Espinar eta Arrieta 22 eta 7 mendean hartuta.
Lau finalistak pilotan. (Julene Frantzesena)
Pilotariak indarrak neurtzeko gogoz agertu dira finalaren atarian, eta denek esan dute txapelketaren hasieran baino hobeto sentitzen direla orain. Aldaik aurten parte hartu du lehen aldiz Emakume Master Cupen, eta sekulako txapelketa gauzatuta, finalean izango da Orbegozoren aurka. Orbegozo, berriz, finalerdietara iritsi zen iazko edizioan. Azpeitiarrak txapelketan aurrera egin ahala "gusturago" jokatu duela esan du. "Egia esan, ondoen sentitu nintzen eguna finalerdietakoa izan zen. Beraz, ea finalean beste hainbeste egiten dugun". Aldai ere ilusioz da finalerako: "Finalean Orbegozori gerra pixka bat eman nahi diot, eta disfrutatzea ere espero dut".
Arrizabalagak eta Espinarrek lehen aldiz jokatu dute eskuz banakako Master Cup txapelketa. Espinarrek txapelketa ederra osatu du, hainbat goi mailako pilotari lehiatik kanporatu baitu. Hark esan duenez, baina, kirol maila igo egin da azken urteetan. "Gero eta zailagoa da finaleratara iristea. Esperientzia berri bat izan da; izan ere, gaztetxotatik jokatu gabe nengoen lau eta erdiko txapelketa batean". Espinarrek barre artean azaldu duenez, Arrizabalagari "gerra pixka bat" ematea espero du: "Maila badago". Ildo beretik hitz egin du Arrizabalagak ere: "Iaz min hartuta egon nintzen, eta ezin izan nuen jokatu. Aurten, ilusioa izan dut txapelketa hau jokatzeko, buruz burukoa bakarkako txapelketa delako eta titulua ere norberea delako". Gernikarrak partidarik partidara "sentipen hobeak" izan dituela adierazi du: "Ea finalean partida polit bat egiten dugun; ondo irteten bazaigu, hala izango dela pentsatzen dut".
Txapelketaren sustatzaileak eta pilotariak. (Julene Frantzesena)
Lau pilotariez gain, aurkezpenean izan dira Euskal Herriko Pilota Federazioko, Azkoitiko Udaleko, Azkoitiko Oteiza pilota eskolako eta txapelketa babesten duen Laboral Kutxako ordezkariak. Guztiek "pozez" hartu dute finala Azkoitian jokatzea. Hala esan du Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak: "Iaz Sopelan ikusi genuen finala, eta gurera ekarri nahi izan genuen. Aurtengoa Azkoitian izan zitekeela eta, ez genuen zalantzarik egin". Hark esan duenez, poz handiz hartu dute finala: "Ikusi besterik ez dago zer den Azkoitiarentzat halako final bat hartzea. Gainera, emakumeak ari dira bidea eta lekua egiten pilotan". Azkoitiko alkateak herritarrei finaletara gerturatzeko deia egin die, eta Ana Azkoitia zinegotziak ere pilotalekua betetzeko gonbidapena egin die horiei.
Finalerako sarrera doakoa izango da, eta Euskal Telebistak eta Euskadi Irratian zuzenean emango dute.
(Oharra: Urola Kostako Hitzak Oihana Orbegozo azpeitiar pilotariari egindako elkarrizketa kaleratuko du biharko egunkarian)