Mahmud Traore: "Askoz hilotz gehiago daude basamortuan, Mediterraneoan baino"

Mailo Oiarzabal 2018ko mar. 21a, 10:07

'Samba, un nombre borrado’ dokumentala aurkezten dabil egunotan senegaldarra, Afrikako migratzaileen bizipenak gerturatzeko eta uste ustelak baztertzeko ahaleginean.

Mahmud Traore. (Mailo Oiarzabal) Ginea Bissau, Ginea Konakry eta Gambiarekin muga egiten duen lurraldea da Senegalgo Casamence. "Senegalgo euskal herritarrak garela esaten dugu. Lurralde independentista da, nahiz eta nazioartean ez dugun oihartzun handirik izan. Kulturalki ez daukagu zerikusirik Senegal iparraldearekin eta gainerako herrialdearekin", dio Mahmud Traorek (Tenanto, Casamence, Senegal, 1983). 2002an ekin zion "bideari". Hiru urteren buruan, Ceutako (Espainia) hesia gainditzea lortu eta, harrezkero, Sevillan bizi da. Partir para contar liburuan jaso zituen, Bruno Le Dantec frantziarrak lagunduta, bidaia luze eta gogor haren xehetasunak; eta Samba, un nombre borrado dokumentala aurkezten ari da egunotan Azpeitian, gaurko Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Zergatik erabaki zenuen atzerrira irtetea? Alde egin aurretik, arotz lanak egiten nituen, ikasketak utzita. 18-19 urterekin konturatu nintzen lan egiten nuen aroztegian ez nuela etorkizunik izango. Bezero nagusiak arrantzaleak ziren, eta haiek ere zailtasunekin zebiltzan, arrantza industrialaren eraginez. Hasi nintzen pentsatzen Senegal utzi eta nora joan nintekeen. Asmo berarekin zebilen herrikide bat etorri zitzaidan orduan; hark proposatu zidan elkarrekin abiatzea. Eta horrela ekin nion bideari. Nora abiatu zineten? Bide horretan topatuko zenituen oztopoen eta zailtasunen jabe al zinen? Saharaz hegoaldeko migratzaileen gainean hemen zabaltzen diren albisteekin harrituta gelditzen naiz. Izan ere, migratzaile nomadon helburua ez da izaten zuzenean Europara iristea. Nire asmoa Boli Kostara joatea zen. Afrikaren barruan migrazio mugimendu handiak daude; asko mugitzen gara herrialde batetik bestera, Europara iristea pentsatu gabe. Malira iritsi ginenean, ordea, konturatu ginen Boli Kostatik ihesi zetorren jendea zegoela, hango gerratik ihesi. Nora joan erabakitzen ari ginela, gu baino lehen alde egindako herrikide batekin topo egin eta hark esan zigun lortuko zigula Libiarako bidean jartzea. Horrela onartu genuen Libiara joatea, baina jakitun nintzen ez nuela baliabiderik bidaia ordaintzeko. Nigerren, hilabeteetan aritu nintzen lanean, hilean 10 euro kobratuta, desertua zeharkatzen lagunduko ziguten tuaregei ordaindu ahal izateko. Orduan iritsi zen niretzat benetako abentura, basamortua gurutzatzerakoan. Inoiz ez da horretaz hitz egiten, horrek Europarekin zerikusirik ez duelako, baina nire ustez, askoz hilotz gehiago daude basamortuan, Mediterraneoan baino. Hori izan al zen zure bidaiaren zatirik gogorrena? Gogorrena eta arriskutsuena. Saharaz hegoaldekook oihana ezagutzen dugu, baina ez basamortua. Bizi baldintzak, tuareg klanen arteko merkantzia trukea... Eta gu ginen haien merkantzia, gaizki zaindutako merkantzia; beren burua salbatzeko basamortuan utzi behar bagaituzte, hantxe uzten gaituzte. Abereak bezala? Bai, abereak bezala. Baina abereak, sikiera, saldu ditzakete; gu, ezta hori ere. Gurekin atera beharreko etekina aterata dute, bidaia kobratuta dute eta. Baina zu iritsi zinen Libiara. Eta han, zer? Libia infernua zen. Argi dago Europan arrazakeria badagoela. Baina nik benetako arrazakeria Libian bizi izan nuen. Liburuan horri buruz hitz egin nuenean, bazirudien esajeratu egin nuela. Gero, beltzen salerosketen bideoak-eta zabaldu zirenean, jendea asaldatu egin zen; baina hori beti existitu izan da, beti. Baina, noski, Mahmudek esaten zuenean ez zen Macronek esaten duenean bezain sinesgarria. Afrika iparraldera iristen zarenean bihurtzen zara Magrebeko herrialdeen eta Europaren arteko merkantzia. Eta mafietaz hitz egiten da, baina badaude aipatzen ez diren beste negozio batzuk. Ceutan eta Melillan Saharaz hegoaldeko beltzak hesia gainditu nahian erakusten dituzte, Europa inbaditzera datozela esanez, baina inork ez ditu aipatzen bi aldeetakoei ordainduta atetik sartzen diren Siriakoak, Bangladeshekoak, Pakistangoak, Indiakoak, Argeliakoak edo Marokokoak. Nori ordaintzen diete horiek? Libiatik ihesi, Argelia eta Maroko zeharkatuta iritsi zinen Ceutara, eta 2005ean gainditu zenuen hesia. Eta Sambaren historia berreskuratzeko egin duzu gerora alderantzizko bidea. Nor zen Samba? 2014ko otsailean El Tarajal hondartzatik muga igerian pasatzen ahalegindu eta desagertu zen lagunetako bat zen Samba, Guardia Zibilak botatako gomazko piloten eta negar eginarazteko gasen artean. Gomazko piloten kontua zerbait berria balitz bezala hartu zuen askok orduan, baina banekien ez zela hala. Nik hesia gainditu nuenean, poliziek benetako balak jaurti zizkiguten eta, ofizialki, sei hildako eragin zituzten, baina hamahiru izan ziren denera hildakoak, zaurituetako batzuk basora ihes egin ondoren hil baitziren. Tarajalekoak arreta piztu zigun eta Marianorekin [Agudo, dokumentalaren zuzendaria] hitz egiten hasi ginen, zerbait egin ahal genezakeen. Esan nion nire herrialdeko norbait tartean bazegoen, ikertzen saia nintekeela, eta bere historia berreskuratzen ahalegindu; izan ere, hildakoen kopuruez-eta asko hitz egiten da, baina inoiz ez zaie izenik jartzen hildakoei. Hortik atera zen Samba, un nombre borrado izenburua. Familiari esan zioten Samba hil zela, baina ez zieten beste ezer azaldu. Guk kontatu genien gertatutakoa. Dokumentala Senegalera iristea nahi nuke, hango gazteek jakin dezaten nola diren gauzak. Ez diet esango ez etortzeko, baina jakin dezatela Europaz duten irudia ez dela erreala. Europaren irudi idealizatua da han erakusten dietena, hemen institutuetan ezagutzen ditudan gazteek Afrikan jaten dugun guztia Gurutze Gorriak ematen digula uste duten bitartean. Eta ez da horrela. Hain justu, Europara gatozen Saharaz hegoaldekook ez gara hango herrialde pobreenetakoak, alderantziz baizik. Dakizuna jakinda, egingo al zenuke berriro bidea? Inolaz ere ez. Hona bizirik eta onik iritsitako Saharaz hegoaldekook txantxetan hasten garenean, egin dugun bidearen izena "jakin izan banu" dela esaten dugu. Ikasketak utzi izanaz ere damututa nago. Ondo sentitzen naiz, baina, finean, migratzaile kaskar bat naiz hemen, ez naiz ezer. Horrela sentitzen zara edo horrela sentiarazten zaituzte? Nola bizi duzu politika xenofoboak Europan hartzen ari diren indarra? Arrazakeria politikoa eta instituzionala beldurgarriak dira. Hori da oinarrizko arrazakeria, eta dugun trabarik handiena; egiten dugun bidea bera baino handiagoa, ia. Mundu guztiak dauka Europa giza eskubideak ondoen errespetatzen diren lekutzat; zakurrek ere eskubideak dituztela erakusten dizute telebistan. Baina beltzarentzat ez dago legerik, ilegalak besterik ez gara. Kolpea latza izaten da, jabetutakoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide