Imanol Arregi 'Iturbide': "Etxean inoiz ez dut panderoa hartu entseatzeko, behin ere ez"

Mailo Oiarzabal 2017ko aza. 21a, 10:12

'Iturbide, igitai jolea' liburuan jaso du Amagoia Gurrutxagak Imanol Arregiren biografia, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen Soinuaren Liburutegia bildumarako.

Imanol Arregi 'Iturbide' zapatuan, bere biografiaren aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal) "Gurasoak eta denak panderistak nituen, baina gerra galdu zutenean dena utzi zuten eta, orduan, ez nuen etxean panderorik ezagutu". Soinujoleen, panderojoleen, etxekoen eta lagunen babesik eta berotasunik ez zuen falta izan joan den zapatuan Imanol Arregi Iturbidek (Loiola, Azpeitia, 1935). Azpeitiko udaletxeko areto nagusia mukuru beteta zela aurkeztu zuten Iturbideren biografia jasotzen duen liburua eta harekin doan diskoa. Aurkezpenean bezala, elkarrizketa honetan ere behin baino gehiagotan dio bere burua ez duela pandero-jotzailetzat. Harrigarria dirudien baieztapenerako azalpenak baditu. Urrestillako Txikurineko atarian lehen aldiz jo zenuen hartan pandero-jotzaile ibilbideagatik liburua egingo zizutela esan izan balizute... Nola pentsatuko nuen ba! Gainera, beti gauza berdina esaten dut, baina ez dut merezi panderista izenik nik. Zergatik esaten duzu hori? Bokaziorik ez nuelako. Denbora pixka batean bakarrik eduki nuen nik bokazioa. Txikurinean jo eta gero, fandangoa asmatu nuen jotzen, eta arin-arina ez. Baina odoleko grina hori sortu zitzaidan, nonbait, eta horregatik izan zen igitaiarena; sororako bidean, fandangoa buruan, eta igitaiarekin egiten nituen jotzeko plantak. Baina... Konplexua neukan, egia horixe da. Eta ni panderoa jotzen ikusita, ez dago sinesterik hori. Hainbeste urte eta gero, ordea, panderojole ez zarenik ezin esan, ezta? Tailerrera joan behar izan banu... Aitaren tokian Loiolako parkea zaintzeko izendatu ninduten, eta hor egon nintzen, zain. Orduan, 36 urterekin, Lajak hartu ninduen. Behin hasi nintzen, eta... Amorrazio asko pasatu ere bai. Gauza batean izan naiz ona: gogoz kontra ari nintzenean edo gustura ez nengoenean ere, gustura nengoenaren plantak egiten. Liburuan ere azaltzen da hori. Lan zaila da, e? Panderoa jotzen eta irribarrea ezpainetan, beti? Bai, eta barre eginarazten ere bai. Festazalea izan naiz. Aurrekoan, 89 urteko emakume bat bisitatzera joan nintzen; askotan joaten naiz amonak bisitatzera, tertulia ontzat hartzen eta umorea dutenengana. "Aizu, zu tipo ederra izango zinen", esan zidan emakumeak, eta niretzako horiek dira benetako omenaldiak. Zergatik esaten zuen galdetu nion, gaztetan jesuitek menderatu nindutela-eta, eta berak: "Ni ikusita nago, Laja eta biok, bota panderoa eta dantzara joaten". "Joño", esan nion, "behin bakarrik egingo nuen eta, zu parean tokatu!". Gaztetan panderoa jotzea ez, dantza egitea gustatzen zitzaizula zenion orain dela zazpi urte Uztarria aldizkarian egin zizuten elkarrizketan. Ene! Zenbat sufritu izan dudan! Lau orduko saioak-eta egiten genituen, jaiki ere egin gabe. Giro ona dagoenean, hala ere, erraz pasatzen duzu. Leitzara joaten ginenean, inauterietan, goizean hasi bederatzietan eta hurrengo goizeko hirurak arte jarduten genuen, ia etenik gabe panderoa jotzen; baina gustura, giro ona izaten zelako. Nire mozkorra hori izan da. Zenbait auzotara joandakoan, ohitura izaten zuten tragoak eskaintzeko, garagardoa edo pattarra, eta nik esaten nien: "Nire mozkorra ez duk edanarena, giro onarena duk". Plaza eta erromeria asko pasatu dituzu. Bakarren bat aukeratzekotan, zein? Soinuzalerik handiena, Zarautz. Zarautzen pieza bat ez zen jotzen inork dantza egin gabe. Orain dena galdu da, pena ematen du. Garai batean trikitilariak eta pandero-jotzaileak justukoak izaten ziren, eta plaza asko zuten betetzeko. Gaur egun, soinujole eta panderojole asko dago baina plaza gutxi, ezta? Lehen erromeria leku asko eta dantzariak ere asko zeuden. Neuk txapelketa baterako egindako letra batean hala nioen: Trikitia indartu da, soinujolea indartu da, dantza zalea moteldu. Gure dantza polit honek hori merezi al du? Horrelaxe dira kontuak aldi honetan. Bi garai oso ezberdin ezagutu dituzu, erromeriek izugarrizko indarra zutenekoa eta gainbeherarena. Nola bizi izan duzu trantsizio hori? Orain dela 60 urte, erromeriara dantzara joaten ginen eta lau neskak lau mutilekin egiten genuen dantza, hori zen ohikoa. Gero, beste lau mutil egoten ginen dantzan ari zirenak bidali eta haien tokia hartzeko zain; nik beti bigarren txandan nahi izaten nuen, gero neskekin hitz egiten gelditzeko. Gaur egun, nola esplikatu behar duzu hori? Trikiti txapelketek izan duten bilakaerarekin kritikoa zara. Zergatik? Gazteak zoragarriak daude, artista handiak dira eta gustatzen zait haiek entzutea. Baina txapelketa bat dagoenean, nik errespetatzen dut lehengoa. Nafarroako jotak eta Julio Iglesiasen kantuak alderatzea bezala da; Nafarroako jotak dira Nafarroako jotak. Hori, hemen, galdu egin da. Epaimahaian egoten direnek ere ez dute hori ondo erabaki. Hori trikitia al da ba? Entzuteko ederra bai, baina, arrastotik irtenda, niretzat. Trikiti txapelketa izena ematen diote, baina ez dute trikitirik jotzen. Nik, txapelketan, trikiti zaharra nahi dut. Hortik kanpora ez, e? Trikigiro elkartea sortu dute berriki Urola Erdian trikitilari gazteek, trikitiaren inguruko kultura eta giroa sustatzeko asmoarekin. Zer deritzozu? Poz ematen du. Baina nire beste galdera da, eta ez da oraingoa: non daude gazte horien lagunak? Beraien adinekorik, trikitilari gazteen adinekorik, ez da ibiltzen, eta hor ikusten dut hutsunea. Hor segizioa behar da. Trikitia gazteek jo arren, entzun eta dantza zaharrek egiten dutela? Zaharrek, bai, eta beren adinekoek ez diote kasurik egiten trikitilari gazteei. Mundu hau aldatu egin dela, kito. Nola bizi izan duzu liburua egitearen prozesua? Denborarik ez dut eduki hitz egiteko... Nik ez nuen nahi gazte denborako kontuak-eta sartzea: karobi erretzearena, lagunak... Baina "zure nortasuna hortik dator, ba" esaten zidan berak [Amagoia Gurrutxagak]. Eztabaidak izaten genituen. Emaitzarekin gustura gelditu al zara? Oraindik ez dut analizatu. Zer harreman duzu gaur egun panderoarekin? Jotzen al duzu? Ez, utzi nion. Afariren batean edo bestean jotzen dut, baina bestela, ez. Ez naiz pandero-jotzaile izateko jaioa. Nik erraztasuna izan dut. 18 urte baneuzkan aitak ni panderoa jotzen ikusterako. "Ez daukak zorrik, behintzat, nik erakutsi diadalako", esan zidan. Eta nik erantzun: "Ni zorretan nago zurekin, odola eman didazulako". Herentzia da. Etxean inoiz ez dut hartu panderoa entseatzeko, behin ere ez; kanpoan izaten nuen nahikoa denbora.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide