[caption id="attachment_328226" align="aligncenter" width="300"]

(Gotzon Barandiaran)[/caption]
Durangoko Azokaren barruan egiten den Ahotsenea 10. urteurrena ari da ospatzen herriz herri. Gaur Azpeitian egingo dute geldialdia Gorka Urbizuk eta Gotzon Barandiaranek (Larrabetzu, Bizkaia, 1974), eta Azpeitia DA! emanaldia eskainiko dute.
Gorka Urbizu eta Gotzon Barandiaran batera oholtzan. Katamaloz oroituko da bat baino gehiago...
Gure izenak elkarrekin Katamalo proiektuarekin plazaratu ziren lehen aldiz. Azaro honetan dira 10 urte Katamalo liburua argitaratu nuela, eta musika talde bilakatu zen proiektu haren hazia liburu horretan dago. Gorkak Katamaloren eta Berri Txarraken ibilbideko kanta batzuk joko ditu gaurko saioan, eta disko berriko bateren bat ere bai. Nik testu berriak sortu ditut emanaldirako.
Katamalo desegin eta gero, hainbat emanaldi eskaini duzue. Itzultzerik pentsatu duzue sekula?
Katamalo berriz taularatzeari ez diogu sekula aterik itxi. Gertatzen dena da hamar taldekide garela eta bakoitzak beste hainbat proiektu duela esku artean. Oso-oso oroitzapen onekin utzi genuen taldea, eta, gaur egun, oraindik, gauza harrigarriak gertatzen zaizkigu. Hainbeste denbora pasatu izanagatik –sei urte dira azken emanaldia egin genuela–, jende asko gerturatu zaigu noiz itzuliko garen galdezka. Gainera, Spotifyn hilero 7.500 entzunalditik gora izaten ditu disko hark; hori harrigarria da Euskal Herrian proposamen interesgarria duten hainbeste talde egonda. Oraindik, jende asko gogoratzen da Katamalorekin, etaguretzat akuilu bat da hori; izan ere, inoiz ezer berria egiteko gogorik baldin badugu, igual, egongo da entzungo gaituen norbait.
Zer irudikatuko duzue emanaldian?
Gure buruari egiten dizkiogun galderak irudikatuko ditugu; hau da, Euskal Herriko eta munduko gertakarien aurrean, guk sortzaile bezala, zelako jarrera hartzen dugun. Gain informazioaren eta manipulazioaren aurrean guk nola jokatu behar dugun izango dugu hizpide. Adibidez, orain gutxi Ondarroan egin genuen saioari Galbahe deitu genion, nolabait galbaheak bereizten duelako alea lastotik. Zerekin geratzen gara, bada? Berri Txarraken disko berrian, Infrasoinuaken, ere badago galdera hori. Askotan, manipulatuta dagoen gehiegizko informazio horrek ezkutatu egiten dizkigu pertsona batek izan ditzakeen kezkak eta arazoak, muinak. Guretzat hitzak oso garrantzitsuak dira, eta emanaldian gaur egun hitzak nola erabiltzen diren hausnartuko dugu. Askatasuna, maitasuna, justizia edo herria gai potoloak dira pertsonentzat, eta gaur egun oso higatuta daude; izan ere, publizitate agentziak erabiltzen du askatasuna autokarabanak saltzeko, banku batek iraultza erabiltzen du eta ultraeskuina askatasunaren jagole moduan agertzen da.
Zergatik aukeratu duzue Azpeitia emanaldia egiteko?
Batetik, hurrengo Jalgi egitasmoa Azpeitian egiteko lanean ari garelako. Bestalde, Azpeitia eredu delako Euskal Herrian, Kultur Mahaiagatik, Kulturaz Kooperatibagatik, Sanagustinen eta Soreasuren kudeaketagatik, herri komunikabideek kulturgintza lantzen duten moduagatik... Azpeitian egiten dena jarraitzen ari gara azken urteetan, eta argi dugu oso emaitza onak ematen dituen eredua dela. Azpeitian kulturgintzan egiten den lanari esker ona adierazteko eta aitortza egiteko antolatu dugu saioa. Askotan, hiriburuetara jotzen dugu, baina Azpeitiak ezinbesteko plaza izan behar du, erreferente garbia delako.
Saiakera bat idazten ari zara, ezta?
Idazleen eta musikarien arteko kantagintzak euskaldunongan zer eragin izan duen ari naiz lantzen, kanta horiek 70eko hamarkadan jaio ginenongan eragin handia izan baitute. Gaur egun, oso zaila da baldintza egokietan idaztea gauzak, baina argitaletxeak onartzen badu, 2018an plazaratuko dut saiakera.
Egun islatzen da lotura hori?
Aspaldiko lotura da, baina ez da eten. 60ko hamarkadaren azken zatian, kultur mugimendu oso indartsu bat sortu zen Euskal Herrian; askotariko sortzaileak elkartu ziren. Aurtengo Ahotseneako zerrenda osatzen aritu ginenean ikusi genuen hainbat diskotan daudela idazleen hitzak. Etengabeko harremana da gure artekoa; izan ere, gure herria geografikoki txikia da eta plaza askotan egiten dugu topo, idazle asko oso musikazaleak garelako eta musikari asko oso literaturzaleak direlako. Oso ohikoa da harremanak sortzea gure artean. Hori bai, harremana aldatu egin da, gizartea eta Euskal Herria aldatu diren heinean, baina hari hori, harreman hori, ez da eten, eta oso emankor dator.