Urola Ikastolako ikasleak, irakasleak, zuzendaria eta programaren arduraduna, Urola Ikastolan egindako agerraldian. (Maialen Etxaniz)
Europako herrialde ezberdinetako ikasleak hartuko dituzte Urola Ikastolako ikasleek eta irakasleek datorren igandean, hilak 19. Data iristearen atarian, gaur, asteartea, egonaldiaren berri eman dute Urola Ikastolan. Eskolako zuzendari Miren Zubizarretak, proiektuko arduradun Rafa Sanchez Muxikak eta aurrez egitasmoaren barruko egonaldietan parte hartu duten Azpeitiko hainbat ikaslek azaldu dituzte egonaldiaren xehetasunak.
Urola Ikastola 2015-2016 ikasturtetik ari da parte hartzen Erasmus KA219
How is to live, study and work in a foreign EU country proiektuan, beste zazpi herrialdetako ikastetxeekin batera. Sanchezek azaldu duenez, egitasmoa "zenbat ikastetxeren arteko ikerketan" oinarritzen da, eta helburua da, "ikasleak atzerriko ikasleekin komunikatzea, ikertzea, ikasketa autonomoak garatzea, talde lanean jarduten ikastea, konpetentziak garatzea eta Europako aniztasuna ezagutzea". Hori ez ezik, ikasleek "ondo pasatzea" ere nahi dute egitasmoaren sustatzaileek. Horretarako, orain arte egindako egonaldietan, "erakunde publiko, unibertsitate, agentzia eta enpresa zein proiektuen nondik norakoen berri" jaso dutela azaldu du Sanchezek. Orain, Azpeitian "informazio bera" eskaini nahi diete herrian hartuko dituzten ikasleei eta irakasleei.
Igandean iritsiko dira programan parte hartzen ari diren atzerriko lagunak Azpeitira, eta herrian egongo dira azaroaren 25a bitartean. Egonaldiak irauten duen bitartean, atzerritik etorritako kideak Urola Ikastolako ikasleen etxeetan hartuko dute ostatu.
Euskal Herria ezagutarazteko ekintzak, prest
Italiako, Herbeheretako, Finlandiako, Ingalaterrako, Espainiako, Estoniako, Poloniako eta Euskal Herriko ikastetxeak dira Erasmus KA219 proiektuan parte hartzen ari direnak, eta Urolako ikasleak dira Euskal Herria errepesentatzen dutenak. Horregatik, oraingo bisitan, Euskal Herria erakustea izango da Azpeitikoanfitrioien helburuetako bat. Horretarako, hainbat ekintza prestatu dituzte egonaldiak irauten duen bitarterako. Denetarik egingo dute: eskolak eman, aurkezpenak egin, esperientziak elkarbanatu nahiz Euskal Herriko txoko ezberdinak bisitatu. Esaterako, Arantzazura, Zumaiako Flyshera, Zarautzera, Bilboko Guggenhein museora, San Mames futbol zelaira, Donostiara eta Arrikutzeko kobetara joango dira. Bestalde, enpresen mundua ezagutarazteko Mondargon kooperatibako MCC eta Ikerlan enpresak bisitatuko dituzte. Prestatu duten beste hitzordu garrantzitsu bat,
How it is to live, study and work konferentzia da. Soreasu antzokian hartuko du leku hilaren 24an, eta hizlari lanetan ariko dira, besteak beste, Eneko Etxeberria alkatea eta Josu Juaristi europarlamentaria.
Ekintza horiek aurrera eramateko, "ingelesa ezinbesteko komunikazio tresna" izango dela esan du proiektuaren arduradunak. "Harremanetan, lanetan eta jardunaldietan erabili beharko den hizkuntza ingelesa izanik, hizkuntza horretan eroso eta taxuz lan egiteko gauza izan behar lukete partaideek". Hala ere, Sanchezek azpimarratu du, Erasmus KA219 proiektuak ez direla hizkuntza ikastaroak. Izan ere, haren aburuz, "hizkuntza bezain garrantzitsuak dira informazio eta komunikazio teknologiak (IKT) nahiz gaitasun sozialak garatzea".
Egitasmoan parte hartzen ari diren ikasleek dagoeneko honako leku hauetako ikastetxeak bisitatu dituzte: Scordia (Sizilia, Italia), Aguilar de Campoo (Gaztela-Leon, Espainia), Rovigo (Venetoa, Italia), Leszo (Polonia), Tornio (Laponia, Finlandia) eta Langraaf (Herbehereak). Bisita bakoitzean lauzpabost ikaslek hartu du parte, Laponian ezik. Izan ere, zazpi ikasle joan ziren hara. Ikasleek ere parte hartzen dute egitasmoan, eta horregatik, atzerrira egindako bidaia bakoitzean bi edo hiru irakasle joaten da ikasleekin batera. Guztira, Urola Ikastolako 31 ikasle daude murgilduta proiektuan.
Sanchezek eskerrak eman dizkie proiektua aurrera eramaten laguntzen ari zaizkien denei: ikasleei, gurasoei, konferentzietan parte hartuko duten unibertsitateko irakasleei, Azpeitiko Udalari, Kulturaz kooperatibari eta Europako parlamentariei.
2018ko martxoan eta apirilean, ikasleak Estoniara nahiz Ingalaterrara joango dira, eta horien ostean egingo dute proiektuaren balorazioa.