Peru Magdalena: "Sarrionandiaren obrak duen eragina islatu nahi izan dugu, mitifikaziotik ihes eginda"

Ane Olaizola 2017ko aza. 9a, 14:08

Peru Magdalena. (Peru Magdalena) Peru Magdalenak eta Pello Salaberriak sortutako Joseba Sarrionandia, hemen eta han dokumentala eskainiko dute igandean (19:30) eta astelehenean (21:00), Azpeitian, Soreasu antzokian. Idazle iurretarrari aitortza egiteko asmoz sortu dute ikus-entzunezko lana, eta Euskal Herriko eta Kubako hainbat lagunek parte hartu du. Igandeko emanaldian, Magdalena (Berriz, 1980) izango da Soreasun, dokumentalaren nondik norakoak azaltzen. Nondik sortu da dokumentala egiteko ideia? Joseba Sarrionandia jaiotzez iurretarra da, eta hango herritarrek aspalditik zeukaten asmoa eta gogoa idazleari esker onak emateko eta bere obrari aitortza egiteko. Horretarako jardunaldiak egin dituzte Iurretan, eta Pello Solaberriak eta biok dokumentala egitea proposatu genuen. Ideia aurrera atera zen, eta urtebete igaro dugu dokumentala egiten, ondoren, jardunaldiak itxi zituen ekitaldi nagusian emateko. Dokumentala egiten ari zinetenean egin zen publiko Sarrionandiaren bizilekua. Nola eragin zuen horrek lanean? Dokumentala egiten hasi ginenean, Sarrionandiaren bizilekua ez zegoen publikoa eginda. Prozesuaren hasiera aldean ginela, Etxepare euskal institutuak Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzako arduradun izendatu zuen Sarrionandia, eta horrek bira bat eman zion prozesuari; ahalbidetu zuen bere kokalekua eta ingurua agertzea. Hemen – Iurretan eta Euskal Herrian– eta han – Habanan eta Kuban– izan gara, eta horrek estetikoki izugarrizko kontrastea sortu du. Hemengo harri eta berdetasunak eta hango kolore biziek eta beroek lana interesgarri egiten dute. Ikus-entzunezkoan parte hartu dutenek ere dokumentala dibertigarria egiten dute. Sarrionandiaren zer irudi islatu duzue? Oro har, bere lana eskertzeko egin dituzte jardunaldiak. Beteta egon dira hitzaldi guztiak, eta jendeak bazuen gogoa Sarrionandiaz jakiteko. Dokumental honen bidez, bere obra eta hark kulturan duen eragina islatu nahi izan ditugu, beti ere, mitifikaziotik eta lokatz politiko alderdikoietatik ihes eginda. Askotan mitifikatu da Sarrionandia, baina idazlea guztiz kontrakoa da; bere izaera hori errespetatu nahi genuen. Nolakoa izan da Sarrionandiaren eta haren ingurukoen parte hartzea? Sarrionandiak asmo onarekin parte hartu du, eta lanean erabat sartu da. Bere parte hartzeak, gainera, dokumentalari beste dimentsio bat ematen dio. Dokumentala hasten da Sarrionandiaren hari biografiko bat eginez, sentsasionalismorik gabe. Bere haurtzaroa eta gaztaroa jorratzen ditugu, eta, horren bidez, bere obraz hitz egiten dugu. Besteak beste, orduko bere lagunak, kideak eta artistak agertzen dira, eta literaturaren analisi txiki bat ere egiten da. Iurretako bere haurtzaroko lagunek ere hitz egiten dute, baita hango gazteek eta umeek ere. Gainera, azken horiek freskotasun handia ematen diote lanari. Kubako zatian, berriz, bere ikasleak, lagunak... agertzen dira. Dokumentalean parte hartu dutenek zer azpimarratu dute Sarrionandiaz? Denetik dago; batzuek, bere gaitasun literiarioa azpimarratzen dute, daukan dohaina ikaragarria baita. Batzuetan, ez gara ohartzen horretaz; maiz gertatzen da atzera egin arte ez garela ohartzen etxe batek duen altuerarekin. Sarrionandiarekin halako zerbait gertatzen da: oraindik oso gainean dugu, eta ez gara jabetzen nolako maila literarioa daukan bere obrak. Horrez gain, beste batzuek bere gaztaroaz eta bere alfabetatzeaz hitz egiten dute. Kubatarrek, esaterako, nolako despistatua den diote... Zer harrera izan du dokumentalak? Oraingoz, Iurretan soilik eman dugu, eta oso pozik gaude erantzunarekin. Jende pila bat etorri zen, adin eta sentsibilitate desberdinekoa. Uste dut ulertu dutela dokumentalaren atzean zegoen asmoa. Jende asko kanpoan geratu zen, eta, beharbada, beste emanaldi bat egingo dugu haientzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide