Dozenaka lagunek salatu dute Glual Energy enpresako lan istripua

Urola Kostako Hitza 2017ko abu. 29a, 12:05

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur, 11:30ean, enpresaren atarian. Glual Energyko zein Glual Hidraulicseko langileek bi orduko lanuztea egingo dute, eta Glual Taldeko Azpeitiko Burni enpresan, ordubetekoa.

Dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute Glual Energy lantegiaren atarian. (Julene Frantzesena) Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea lelopean, dozenaka lagunek salatu dute joan zen ostiralean Azpeitiko Glual Energy enpresan izandako lan istripua. Istripu horretan, 50 urteko azpeitiar langile bat hil zen, eta horren aurrean, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur, 11:30ean, enpresaren atarian, Antzibarrena 5 zenbakian. Han izan dira, besteak beste, Glualeko langileak, sindikatuetako ordezkariak, Azpeitiko Udaleko ordezkariak eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduko kideak. Ordu erdiko elkarretaratzea egin dute, eta txalo zaparrada batekin bukatu dute protesta isila. Kontzentrazioa ez ezik, Glual Energyko zein Glual Hidraulicseko langileek bi orduko lanuztea egin dute, eta Glual Taldeko Azpeitiko Burni enpresan, ordubetekoa. Atzo, astelehena, CCOO sindikatuak deituta, istripua salatzeko elkarretaratzea egin zuten dozena inguru lagunek Azpeitiko plazan.

Salaketa mezu gehiago

Ostiraleko ezbeharra hainbat eragilek eta erakundek salatu dute egunotan, hala nola Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Gaur, berriz, Azpeitiko Gaztetxeak, ELAk, LABek, Ernaik, Elkar-ekinek, CNTk eta EH Bilduk ohar bateratua kaleratu dute, hildako langilearen familiakoei, lagunei eta lankideei elkartasuna adierazteko eta lan istripua salatzeko. Eragile horiek guztiek gogorarazi dute ez direla bi hilabete igaro Azpeitian bi langileren heriotzaren "berri latzek kolpatu" dituztenetik. "Tarte honetan, zoritxarrez, beste hainbat dira Euskal Herrian hil diren langileak. Karrantzan, Durangon nahiz beste zenbait txokotan zortzi langilek galdu dute bizitza zortzi aste hauetan. Asteko langile bat", adierazi dute. Halaber, esan dute, urtea hasi zenetik, Euskal Herrian 42 herritar hil direla lan istripuetan. Azpeitiko eragileek  uste dute heriotza horiek guztiak ez direla zoriaren ondorio: "Ez dira kasualitatea. Egiturazkoa den arazo baten aurrean gaude. Prekarietatea izena duen arazo baten aurrean gaude. Etenik gabeko irabaziak bilatzen dituztenek prekarietate egoera latzak ezarri dituzte langileen bizkar. Lanaldi luzeak, presioak, baldintzetan etengabeko murrizketak, mehatxuak eta kaleratzeak". Langileak lanean ari direla hiltzea "kapitalismoaren adierazpen gordinenetako bat" dela ere adierazi dute. "Kapitala bizitzaren gainetik jartzearen ondorioa da, hain zuzen ere. Izebergaren puntan ditugu heriotza hauek". Eragileek "nahikoa" dela esan dute, egungo egoera "jasanezina" delako. "Herritarrok duintasunez bizitzeko lan egin nahi dugu, ez inoren menpeko lanetan hiltzeko. Ezin dugu hurrengo heriotzaren zain egon. Irabaziak lehenesteari utzi eta lan segurtasuna eta lan baldintza egokiak bermatu behar dituzte enpresariek eta erakundeek, prekarietate egoera guztiekin amaitu behar dute, eta herritar guztien eskubide sozialak eta laboralak bermatu behar dituzte". Azpeitiko eragile guzti horiek esan dute "egoera jasangaitza" irauli beharra dagoela, eta horretarako eremu ezberdinetan herritarrak antolatzea eta borroka egitea "beharrezkoa" izango dela adierazi dute, "egoera hauek ez direlako berez aldatuko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide