Joseba Albizu: "Horrelako probetan garrantzitsua da norbere burua ondo ezagutzea"

Julene Frantzesena 2017ko uzt. 7a, 11:34

Espainiako eta Europako ultramaratoi txapelketak irabazita, gustura da azpeitiarra. Denboraldirako jarritako helburuak bete ditu dagoeneko, baina uda sasoian ere egingo du probarik.

(Eneritz Albizu) Denboraldi bikaina ari da osatzen Joseba Albizu (Azpeitia, 1978) txirrindularia. Mendi bizikletako Espainiako eta Europako txapelketak irabazi ditu, eta datozen hilabeteetan hainbat lasterketatan parte hartuko du. Herenegun harrera egin zion udalak lortutako balentriengatik. Bizikletatik jaitsita, baina Erreka Bike dendan dituen bizikletez inguratuta hitz egin du. Denboraldi borobila ari zara egiten... Maiatzetik hona proba ugari irabazi ditut, eta baita lasterketa garrantzitsuenak ere; Espainiako eta Europako txapelketak. Espero al zenuen horrelako emaitzak lortzea? Espainiakoa irabazi ostean, espero nuen gainerakoetan ere ondo ibiltzea. Banuen konfiantza, aurreikusten nuen aurrean ibiltzea, baina askotan ez da jakiten zenbatgarren postuan bukatuko duzun lasterketa. Kanpo faktoreek ere eragiten dute askotan. Europako txapelketan, adibidez, hiru aldiz zulatu zitzaizun gurpila. Egia esan, gorabeherak izan nituen, baina beno... Txarragoa zatekeen erorikoren bat-edo izatea edo bizikletan matxura handiagoa suertatzea. Beraz, alde horretatik, gustura nago. Helmugara iristean esan zenuen erretiratzea ere pentsatu zenuela. Hala da. Dezenteko aldearekin nindoan lehen postuan, baina gurpila hiru aldiz zulatuta, kamerarik gabe eta ordezko piezarik gabe iritsi nintzen mendaterik gogorrenera. Aldaparen azken zazpi kilometroak hagunaren gainean jaitsi nituen, baina banekien beheko herrian anoa mekanikoa zegoela. Alde horretatik zortea izan nuen, gurpil berria jarri baitzidaten. Beste tokiren batean pasatu balitzait, erretiratu egin beharko nuen. Dena den, gurpila aldatu izanagatik, zalantzak izan nituen segitu edo ez, baina oraindik lehen postuan jarraitzen nuenez, eta aurrera egin nuen. Hamar ordutik gora pasatuta eta bigarrenari hamar minutuko aldea aterata iritsi zinen helmugara. Proba hauek horrelakoak izaten dira, eta ez da arraroa bigarrenari alde hori ateratzea; hamargarrena-eta ordubetera iristen dira helmugara. Ultramaratoietan kilometro asko egiten dira mendian, eta malda ere ikaragarria izaten da. Ordu askoko probak dira, eta etengabeko esfortzua eskatzen dute. Horrelako probetan garrantzitsua da norbere burua ondo ezagutzea eta erregulatzen jakitea. Zer helburu zenituen denboraldi honetarako? Gigante de Piedra Espainiako txapelketa eta Pedals de Foc Europako txapelketa irabaztea, iaz bigarren egin bainuen proba horietan. Banekien ondo prestatuz gero, irabazteko aukerak nituela, eta bete ditut helburuak. Zer proba dituzu orain jomugan? Uztailaren 15ean Austriara joango naiz, 220 kilometroko proba bat egitera. Han maila handiagoa duen jendea aterako da, eta gogorra izango da. Ea lehen bost postuetan sailkatzen naizen. Uztailaren 22tik 29ra, berriz, Italiara joango naiz. Azken hiru urteetan bigarren egin dut proba horretan, eta aurten irabaztea nahi dut. Halere, ez da erraza izango aurrena egitea. Proba horiek eginda, lasaiago hartuko dut kontua. Txirrindulari profesionala izana zara. Orain, berriz, afizionatuetan zabiltza. Zer duzu nahigo? Nahiago dut neure kasa ibiltzea. Taldean aritzea baino nahiago dut bakarrik ibiltzea; izan ere, neuk hautatzen dut zer proba prestatu, non parte hartu... Lasaiago ibiltzen naiz horrela, presiorik gabe: lasterketa ondo ateraz gero, ederki, eta, bestela ba... Bestalde, lana eta afizioa uztartzeko aldea da dena neuk erabakitzea. Eta baita entrenatzeko ere, eguerdiak aprobetxatzen baititut horretarako. Zergatik mendi bizikleta? Gehiago disfrutatzen dudalako. Hasieran, lagunekin ibiltzen nintzen eta ez nuen probetan parte hartzen, baina, pixkanaka, lasterketak probatzen eta berotzen joan naiz, eta azken bizpahiru urteotan hor nabil, saltsan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide