Gorka Karapeto: "Euskal Herrian eskalada osasuntsu dagoela uste dut"

Julene Frantzesena 2017ko eka. 16a, 10:58

Duela gutxi izendatu dute hautatzaile azpeitiarra, eta egin du debuta jada. Bihar Euskal Herriko Boulder Txapelketa izango da Karapeto bazkide den BiHatz eskalada gunean.

Gorka Karapeto. Eskaladaren sokan, ibilbide luzea du Gorka Karapetok (Azpeitia, 1981). Lehiak alde batera utzita baditu ere, eskalada du pasio eta ofizio; BiHatz eskalada gunea zabaldu zuen Iruñean duela hilabete batzuk. Orain, beste ainguraleku batetik pasatu du ibilbidearen soka; izan ere, eskaladako euskal selekzioaren hautatzaile izendatu berri dute. "Bere ibilbidea ikusi besterik ez dago zergatik aukeratu dugun jakiteko". Irati Anda Euskal Mendi Federazioko zuzendari teknikoak esana da. Gustura al zaude kargu berriarekin? Duela hilabete inguru esan zidaten, eta Zaragozan Espainiako Kopara egin nuen hautatzaile moduan lehen irteera. Lehenago ere ibili naiz txapelketetan, eta eskaintza egin zidaten. Hasieran, kargua hartu edo ez zalantzak izan nituen, baina probatzea eta ahal dudanean laguntzea erabaki dut. Eta, egia esan, gustura nago. Ez nengoen eskaintza horren zain, baina bat-batean iritsi zitzaidan aukera. Gogoarekin nago, batez ere, gazteen taldearekin aritzeko. Horiengandik gertu egoten eta haiek ni gertu senti nazaten saiatuko naiz. Zein izango da zure egitekoa? Selekzioan ez dago eskalatzaile guztientzat tokirik; maila bakoitzetik eskalatzaile kopuru jakin bat aukeratzen da. Beraz, hautatzaile lanak egitea eta kirolari horiekin txapelketa desberdinetara joatea egokituko zait. Horrez gain, prestatzen ere lagunduko diet. Eskalatzaileek beren entrenatzaileak dituzte, baina selekzioko taldea osatzean, haiekin arituko naiz. BiHatz eskalada gunea ireki zenuten duela hilabete batzuk. Urtebeteko etenaren ostean, bertan izango da bihar Euskal Herriko Boulder Txapelketa. Duela hilabete batzuk jarri genuen martxan gunea, eta bertan egingo den lehen txapelketa izango da biharkoa. Gogotsu eta ilusioarekin gaude, Euskal Herriko txapelketa izango delako eta Iruñean jokatuko delako. Hasteko modu ezin hobea da. Txapelketa ofiziala izan dadin, federazioak antolatu du, baina federazioak ez du eskalada gune propiorik, eta gurea aukeratu dute. Zer moduzko esperientzia ari da izaten BiHatzekoa? Lehen ere horrelako toki batean lan egindakoa naiz. Enpresa sortzea erabaki genuen, eta bertako bazkidea naiz beste bi lagunekin batera. Ilusioarekin ari gara lanean, eta, dirudienez, gustura dago jendea. Gaztetxoekin nahiz helduekin egiten dugu lan: ikastaroak nahiz entrenamendu saioak eskaintzen ditugu, bideak prestatzen ditugu... Martxa hartzen ari gara. Eskaladaren mundutik atera gabe segitzen dut. Bi lanak uztartzeko arazorik ez duzu izango, beraz? Ez dut uste. BiHatzen lan asko daukagu, eta selekzioko gauzak prestatzeak denbora eskatzen badu ere, lan asko etxean egin ditzaket. Eta, tarteka, txapelketetara edo topaketetara joango naiz eskalatzaileekin. Nire lana BiHatz da, eta hautatzaile lana osagarria da; mundu berari lotuta dagoen gehigarri bat. Federazioaren bueltan eskalatzaile batzuk badira, eta badakit haiek ere laguntzeko daudela. Zer egoeratan dago eskalada Euskal Herrian? Osasuntsu dagoela uste dut, jende askok eskalatzen du. Halere, askok ez du nahi izaten txapelketetan parte hartzea, baina haitzean eta mendian geroz eta jende gehiago aritzen da. Azken urteetan hazi egin dela esango nuke: lehen haitzera eskalatzera joan eta hamar lagun bazeuden, orain 20 edo 30 ikustea oso normala da. Etorkizuna baduelakoan nago. Izan ere, geroz eta eskalada gune gehiago daude Euskal Herrian, eta jendea horietan hasten da prestatzen. Aldundiak eta Mendizale Federazioak eskalatzeko guneak arautu dituzte arriskuan dauden espezieen iraupenean oinarrituta. Zer iritzi duzu neurri hori hartu izanaz? Eskalatzaileok beti errespetatu dugu eta errespetatuko dugu natura. Debekuen kontuarekin neurriz kanpo jokatzen ari direla iruditzen zait. Horma batzuetan eskalatzea galarazteko hartutako erabakiarekin ados nago, babestutako hegazti espezieak daudelako, baina beste batzuekin ez. Erregulatzearen alde gaude, lehen ere jarri izan zituzten egutegiak gune batzuetan, eta errespetatu ditugu. Kontua da debekuena ohitura bilakatzen ari dela, eta eskalatzaileei errespeturik ez duten pertsonen etiketa jarri diete. Horrek gogaitu egin gaitu, ez delako horrela. Gu prest gaude eseritzeko, hitz egiteko eta entzuteko. Hori bai, betiere, koherentziaz jokatzen badute eta pisuzko arrazoiak badaude tartean; izan ere, hormak debekatzen dituzte, eta gero gune horretan bertan pistak, ehizerako tokiak eta abar baimendu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide