Azketan iturriko ura, eta behean, kanturako, ardoa

Ainitze Agirrezabala 2017ko eka. 1a, 12:20

Azketa Ahots Taldeko kideak, entseatzen. (Argazkia: Azketa Ahots Taldea). Lagunartean soziedaderen edo tabernaren batean juntadizoak egiten dituztenetan, bazkalostean nahiz afalostean, musean baino kantuan aritzea dute nahiago Luis Mari Galdosek (Azpeitia, 1941) eta Jose Manuel Oiarbidek (Beasain, 1952). Garai batean, tabernaz taberna tragoxka batzuk hartzen zebiltzan uneak ere abesteko aprobetxatzen zituztela adierazi dute bi kantariek, baina diote ohitura hura "zoritxarrez galdu samar" dagoela. Galdosek adierazi duenez, garai batean tabernetan irrati zahar bat izaten zen, eta tabernariari bolumena jaisteko eskatu ondoren rancherak, euskal abestiak... kantatzen zituzten. Usadio zaharra berreskuratzeko asmoz, kanturako zaletasuna duten lau lagun elkartu ziren Inpernu soziedadean, duela lau urte. Galdosek kontatu duenez, afalostean ahots talde bat sortzearen inguruan aritu ziren solasean Eduardo Badiola, Juan Mari Lasa, Joxe Mari Arregi eta bera. "Lauron ideia izan zen, eta ordutik ilusio handiz eraman dugu aurrera proiektua". Duela lau urte, Inpernupen esandakoak ez zituen haizeak eraman. Izan ere, Azketa Ahots Taldea sortu eta diskoa grabatzea ere lortu dute. Hala, hamahiru euskal abestiz osatutako estreinako lana bihar  aurkeztuko dute Sanagustin kulturgunean, 20:30ean hasita. Azpeitiarrez gain, Azketaren diskoaren aurkezpenean izango da Ordiziako Oroith abesbatza ere. Emakumez eta gizonez osatutako taldea da Ordiziakoa, eta Katrin Iturraldek zuzentzen du Goierriko korua. Afizioa, mutikotatik Kanturako afizioa mutil koskorretatik dute Galdosek eta Oiarbidek. Beasaindarra La Salleko fraideekin hasi zen abesten. "Behin, fraideetako bat gelan sartu eta ikasle bakoitzari eskatu zigun banan-banan, proba moduan,  abesti bat kantatzeko. Sei urte besterik ez nituen, eta gogoan dut beldurtuta eta lotsagorrituta abestu nuela". Proba hura eta gero, La Salleko koruan abesteko hautatu zuten Oiarbide, eta 14 urtera arte aritu zen eskolako abesbatzan. "Solfeorik ez genekien, eta, batez ere, elizako abestiak kantatzen genituen, igandeetako mezan. Gero, 10 bat urterekin, ahotsa aldatu zitzaidan, eta ordutik bigarren ahotsa izan naiz. Gabon batzuetan Tolosan jokatzen zen Gipuzkoako kantu txapelketa irabazi genuen eskolako koruarekin". La Salleko esperientzia hura eta gero, goierritarrak urteak eman zituen abesbatza bateko kide izan gabe, harik eta duela urte batzuk Azpeitiko parrokiako koruan abesten hasi zen arte. "Duela bi urte, berriz, Azketa Ahots Taldean hasteko gonbita egin zidaten,  baina jubilatu berria nengoen eta garbi esan nien ez nuela konpromisorik hartu nahi. Probatu gabe, behintzat, ez geratzeko esan zidaten, eta hala joan nintzen entsegura, eta gaur arte. Harrapatu egin ninduen". Donostiako Easo abesbatzan 14 urtez kantuan aritutakoa da Galdos, eta duela gutxira arte Gaztelupeko koruko kide izan da. "33 urterekin hasi nintzen Eason. Astean bi entsegu izaten genituen, eta automobila hartuta joaten nintzen, gastuak neure poltsikotik ordainduta, baina ordainak merezi izan zuen. Izan ere, Europan zehar bidaia politak egin genituen kantuaren aitzakian. Kuadrillan batzuk ehiztariak ziren, eta haiek eskopeta-kartutxoetan gastatzen zuten dirua. Bakoitzak dituen zaletasunak dira horiek". Errepertorio luzea Zortzi gizonez osatutako Azpeitiko taldea da Azketa, eta Galdosen gidaritzapean abesten du. Nahiz eta aurkeztuko duten diskoak hamahiru abesti bildu, kanturako "errepertorio luzea" dute. Galdosen esanetan, Easo abesbatzakoen materiala erabiltzen dute: "Lau ahotsetara abesten dugu, eta gure ezaugarrien eta gaitasunen araberako kantutegia dugu osatuta: euskal kantak eta gospel musika abesten ditugu, baina baita Errusiako, Poloniako, Asturiasko, Galiziako, Kataluniako eta Aragoiko bana ere. Egia esan, hango eta hemengo abestiak jakitea aberatsa eta polita da oso, noiz edo noiz leku horietara joanez gero kantatu ahal izateko". Errepertorioko abesti kutunenaz galdetuta, aho batez diote polonierazko Te be Poiem dela. "Lau ahotsetara abesten den errezo moduko kantua da". Sortzaileak Eduardo Badiola, Juan Mari Lasa, Joxe Mari Arregi eta Luis Mari Galdos izan ziren, baina bi urtera beste hiru kide batu zitzaizkien: Antton Saenz, Pedro Otaegi eta Jose Manuel Oiarbide. Duela gutxitik, berriz, beste kide berri bat gehiago du taldeak: Josetxo Gallastegi. Alabaina, Galdosek adierazi duenez, taldearen helburua "kide kopurua bikoiztea" da. "Aproposa litzateke 16-18 lagun izatea taldean, eta lau ahotsetara abesten dugunez, ahal bada erregistro bakoitzean hiru-lau pertsona izatea, inork huts eginda ere ordezkoak izateko". Azpeitiko gizonezkoen ahots taldea izendatzeko garaian, Izarraitz magalean sortua izanik, Azketa aukeratu zuten. Galdosen esanetan, "Azketan iturriko ura" edaten dute, baina behera jaitsi eta "kantuan hastean ardoa" nahiago dute. Beraz, Azketa taldeak indarra hartu dezan, eta iturriaren emaria agortu ez dadin, kanturako zaletasuna duen oro gonbidatu dute beraiekin abestera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide