Iban Arregi: "Gure kasuan ez da egia diru laguntzetatik bizi garenik"

Julene Frantzesena 2017ko mai. 19a, 10:14

Iban Arregi Berria Taldeko kontseilari ordezkaria izan da 'Sanagustineko elkarrizketak’ saioko bosgarren protagonista.

https://vimeo.com/216696625 Duela 20 urte Komunikazio Zientzietan lizentziatu zen Iban Arregi (Azpeitia, 1975). Kazetari izatea umetako ametsa ez bazuen ere, urteak daramatza mundu horretan lanean. Euskaldunon Egunkarian hasi zuen ibilbidea, eta haren itxiera gertu-gertutik bizi izan zuen. Ondoren, Berriaren sorreran parte hartu zuen, eta 2013az geroztik, Berria Taldeko kontseilari ordezkaria da. Euskarazko egunkari nazional bakarra da Berria. Zein da haren egoera? Egoera beti izan da zaila. Egunkaria sortu zenetik ziklo eta fase ezberdinak egon dira, baina euskarazko sorkuntzaren egoera zaila da komunikazioan, kulturan eta beste hainbat arlotan. Horri gehitzen bazaio ekonomia krisia, eta, batez ere, kontsumo ohituretan ematen ari den eredu aldaketa... Datorren urtean egiten ditu Berriak 15 urte, eta horrela segitzen badugu, justu eta larri iritsiko gara urteurrenera. Egoskorrak gara, baina egoskorra izatearekin bakarrik ez da ezer lortzen. Egoskortasun horrek atzetik baldin badauka komunitate bat, herri bat, gauza handiak lor daitezke, eta horrek ematen digu guri bermea. Espero dugu dinamika ezberdinekin lortuko dugula aurrera egitea. Asko dira herri ekimeneko euskal hedabideak, eta horiek denak batzeko Hekimen eta Tokikom elkarteak sortu dira. Artikulaziorako tresnak dira? Neurri batean, bai. Urteetako desioa izan da ahots bateratu bat sortzea, garrantzitsua baita sektoreak ahots bakar bat izatea administrazioari begira, gizarteari begira... Uste dut sinergiak edozein arlotan beti izan direla bidea, eta gurean ere bai. Bakoitza bere aldetik gehiago ibili izan gara orain arte, eta ona da elkarbanatzea, nahiz eta gero bakoitzak bere autonomia, proiektua eta egitekoak izan. Sinergia ariketa horiek egin behar dira eraginkortasunean irabazteko eta espazio berriak geureganatzeko. Datuen arabera, gaur-gaurkoz, euskal komunitate osoa informatzerik ez dutela lortu euskal hedabideek. Ba al dute hazteko marjinarik? Beti dago horretarako aukera. Gure helburuak izan behar du ahalik eta jende gehienarengana iristea. Nik ez dut ezagutzen hedabiderik bere helburuetan hori ez daukanik. Autokonplazentzian ere ez dugu erori behar, baina geure buruari harrika gehiegi ez ote diogun egiten sentipena daukat. Adibide bat botatzearren, Espainian ez dago egunkaririk gaztelania menperatzen duten eta alfabetatuta dauden guztiengana iristeko gaitasuna duenik. Beraz, egin dena ere baloratu behar da; ditugun kontsumo datuak eta azkenengo urteetan irabazi dena. Halaber, egia da aurrera egiteko edo jende gehiagorengana iristeko zailtasunak ditugula. Arazoa kulturaren arlora eramanda, denok dakigu zenbat kostatzen den euskarazko produktuen eta euskarazko sorkuntzaren kontsumoa haztea. Gure esku egon daitezkeen arrazoiak egongo dira; produktuen kalitatearekin, sustapenarekin edo merkaturatzearekin ditugun arazoak hor daude. Baina irakurzaletasun ohiturak ere badu eragina. Inkesta guztiek esaten dute euskaldun gehienek errazago irakurtzen dutela gaztelaniaz. Dena den, jendeak erakutsi du euskal hedabideak babesteko konpromisoa. Zer garrantzia du komunitate horrek? Komunitatearen babesa ezinbestekoa izan da eta izango da beti. Berria, eta Berria bezala beste hainbat euskal hedabide, ez dira kazetaritza egitura edo kazetaritza proiektua bakarrik. Herri mugimendu euskaltzale baten ekimenez sortutako proiektuak dira. Horrek esan nahi du behar bat zegoela, jende bat bildu zela eta komunitate horrek aurrera ateratako proiektu bat dela. Zorionez, hori berme bat da, eta, ziurrenik, aurrera egiteko berme bakarra. Egun, prentsaren eta hedabideen arloa dagoen bezala, ez baldin bada komunitate, jende edo herri ekimen baten bueltan antolatzen, babes hori ez bada bilatzen, zaila dago. Negozioa edo egitura merkantil moduan planteatutako zera batek, euskal arloan behintzat, ez luke etorkizunik. Halere, euskal hedabideei askotan leporatu zaie diru laguntzen menpe bizitzea. Formulazio horri buelta ematen diot nik: estrategikoak diren arloen azterketa batetik abiatuta, diru publikoa non inbertitu behar da herri honetan? Eta lehentasunak non jarri behar dira? Esaten badugu euskal kulturaren industria, eta, horren barruan, hedabideen sistema, egonkorrak izatea estrategikoa dela, horietan inbertsio publikoak egin behar dira. Baldin eta horrek herri baten, komunitate baten, egituratzean eta trinkotzean daukan garrantzia estrategikoa bada. Eta inbertsio publiko horietatik abiatuta, helburuak eta lorpenak handitzen joan behar dugu. Gure kasuan ez da egia diru laguntzetatik bizi garenik. Berriak %20tik beherako finantzazio publikoa dauka, oso inportantea, baina bere neurrian baloratu beharrekoa. Diru laguntza parametroetan irismena jarri zuen irizpideetan Eusko Jaurlaritzak duela urte batzuk. Horrek eragin die hedabide batzuei, tartean Berriari. Berriari diru laguntzen jaitsierak nabarmen eragin izan dio; garai batean baino ia milioi erdi euro gutxiago jasotzen du orain. Sektoreak diru laguntza politika serioagoak eta egonkorragoak behar ditu. Ez dut ezagutzen hedabiderik bere jomugan irismena handitzea ez duenik. Denon kezka dela bistakoa da: EITBrena, Berriarena, tokikoena... Baina irismenaren planteamendua diru laguntzetara eramanda, ezin da zenbaki hutsetan planteatu. Eta are gutxiago hain izaera ezberdineko hedabideak formula matematiko batekin konparatu, eta puntuazioaren araberako diru laguntza eman horiei. Beste modu batera baloratu behar da. Badirudi jaurlaritza berriaren eta euskalgintzaren artean gerturatze moduko bat izan dela. Aurrekoarekin harreman handia izan genuen. Gure helburua zen diru laguntzen sistema aldatzea eta harreman edo elkarlan dinamika bat sortzea, baina ez zen lortu. Oraingo jaurlaritzarekin berriz jarri dugu martxan dinamika. Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hekimenek sortu dute foro bat hausnartzeko, eta ikusiko dugu zerbait aurrera ateratzeko gai garen. Euskararen normalizaziorako behar-beharrezkoak dira euskal hedabideak. Gizartea, herritarrak, erakundeak... jabetzen dira horien garrantziaz? Guk nahi baino gutxiago, ziurrenik. Pentsatu behar dugu zergatik den hori horrela; autokritika egin eta gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu behar dugu. Kezka hori euskal hedabideei lotutakoa bada, baina baita komunikazioaren kontsumoari lotutakoa ere. Eta kultur kontsumoari lotuta ere badago pixka bat. Kontsumo ohiturak asko ari dira aldatzen. Gaur egun, badirudi, gazteei lotsa ematen diela egunkari bat besapean eramateak; garai batean zerbait jasoa edo ondo ikusia zen. Sarean irakurtzen da, baina beste hainbat gauza ere irakurtzen dute. Ea nola erakar ditzakegun belaunaldi berriak gure eduki eta produktuetara. Halere, lorpenak ere aintzat hartu behar dira; izan ere, askotan guk pentsatzen duguna baino gehiago kontsumitzen gaituzte. Gure txikitasunean handiak gara hainbat arlotan eta eremutan, eta hori ere baloratu egin behar da. Kazetaritzaren krisiaz asko hitz egin da. Beti gako bila gabiltzan honetan, zein da giltza? Jakingo banu, ez nintzateke hemen egongo: zaila dago. Orain dugun arazo handienetakoa da jendea ez dagoela prest edukiak ordaintzeko. Bada prest dagoenik ere zorionez, baina... Kontua da eduki bat sortzeak kostua eta balioa daukala, eta eduki horrek, gainera, erabilgarritasuna duela gizartean. Proba asko egin dira, eta gu baino baliabide gehiago dituztenek ere ez dute gehiegi asmatu. Gure hausnarketa izan zen betetzen dugun funtzioagatik, hizkuntzaren normalkuntzan dugun eginkizunagatik eta daukagun negozio ereduagatik, edukiagatik kobratzen hasteak ez zuela inolako zentzurik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide