Maider Zabalegi. (Maider Zabalegi)
Familiatik datorkio musikarako grina Maider Zabalegiri (Oiartzun, 1976). Aita Oroitzak taldeko gitarra-jotzailea eta abeslaria izanik, umetan elkarrekin aritzen ziren kantuan. Geroztik, pianoa, panderoa eta gitarra jo ditu Zabalegik, eta 90eko hamarkadan arrakasta itzela lortu zuen Alaitz eta Maider trikiti bikotearekin. Azken hamahiru urteetan oholtzetatik ezkutatuta egonagatik, musikarekin harremana ez du inoiz eten.
Zuei bakarkako lanarekin itzuli zara. Zer moduz?
Ilusio handiarekin. Esperientzia polita ari da izaten oso. Disko bat kaleratu eta kontzertu batzuk emateko beharra sentitzen nuen, eta martxoaren 18an diskoa aurkeztu genuenetik, batera eta bestera nabil, gelditu gabe. Oso harrera ona ari da izaten, eta kontzertuetan gozatzen ari naiz.
Zertan aritu zara urteotan?
Ama izan naiz, eta 9 eta 5 urteko bi ume ditut. Irakaslea naiz, baina lana utzi nuen denboraldi eder batean, eta familiari eskaini diot denbora.
Hamar abestiz osatu duzu diskoa, eta gai gogorrak jorratzen dituzu. Zure bizipenak islatzen dituzu horietan?
Hamar urteotan gauza oso politak bizi izan ditut; baina baita oso gogorrak ere, eta nire bizitzako esperientzia asko kantu horietan daude irudikatuta. Azkenean, musika eta abesti horiek une edo egoera jakin batzuekin lotzen ditut. Esaterako, abortua, prostituzioa, autoestimua, erbestea... bezalako gai indartsuak daude diskoan. Doluarekin zerikusia duten gai asko ere badira: alaba edo semea ikastolan uzten dugun lehen eguna ere dolu prozesutzat hartzen dut nik, dolu arina izanagatik. Disko honen abiapuntua, esaterako, aitona izan zen.
Hain zuzen ere, berari eskaini diozu abesti bat. Zer lotura zenuen aitonarekin?
Duela bi urte hil zen aitona, minbiziaren ondorioz. Ia urtebetez egon zen gaixo, eta hantxe egoten nintzen egunero bere ondoan. Lotura estua genuen. Ordura arte, gitarra hartzen nuen etxean umeei edo lanean haurrei kantatzeko, baina, aitona gaixotzean, gitarra jotzen hasi nintzen barrua askatzeko beharra nuelako. Orduan sortu nuen lehenengo kanta, Aitonari. Hura hil zenean etengabe hasi nintzen abestiak konposatzen; goizeko ordubietan-eta esnatzen nintzen eta idatzi egiten nuen. Geroztik ez naiz geratu.
Zer publikorentzat egindako musika dela esango zenuke?
Egia esan, ez daukat publiko jakin bat. Kantuak egin ditudanean, horretan pentsatzea izan da egin dudan azken gauza. Helburua neu asebetetzea izan da, eta, behin hori lortuta, jendearengana iritsiz gero, ba primeran.
Bakarlari bezala aurkeztu zara, baina beste hainbat musikari ere badituzu lagun oholtzan.
Bai, nirekin batera aritzen dira Urbil Artola, Joseba Loinaz, Karlos Aranzegi, Garbiñe Sagastibeltza eta Gorka Urra. Kantuak moldatzen Dani Venegas aritu da, eta musikalki osatu egiten nau. Gehienak duela dozena bat urtetik ezagutzen ditut, eta istorio honekin bueltaka hastean, garbi nuen beraiekin inguratuta egin nahi nuela zeozer. Poliki-poliki bati esan, besteari esan, baiezkoa jaso, eta, azkenean, taldea osatu dugu.
Nola gogoratzen dituzu Alaitz eta Maiderren garai haiek?
Oso-oso garai politak izan ziren. Alaitz eta biok lagun oso onak ginen, eta hala izaten jarraitzen dugu. Modu oso naturalean gertatu zen guztia. Oraindik ere gertatzen zait ikastolaren batera lanera joan eta umeak Amets bat edo Txanpon baten truke abesten entzutea, eta egundoko ilusioa egiten dit. Baina oso gazte hasi ginen, eta urte, kontzertu eta bidaia asko izan ziren. Nekatuta bukatu nuen oso. Ama ere izan nahi nuen, eta garbi nuen erritmo hartan ez nuela nahi. Orduan, ate hura itxi egin nuen, beste batzuk irekitzeko. Orain berriz ireki dut atea, baina beste patxada eta heldutasun batekin. Ezberdin, oso ezberdin.
Zer kontzertu dituzu lotuta?
Datozen hilabeteetan, Gasteizen, Oiartzunen, Iruñean, Durangon, Oñatin, Gorlizen… joko dugu.