Aiora Renteria. (Zea Mays)
Zea Maysek kontzertua eskainiko du zapatuan Sanagustin kulturgunean,
20 urte eta harro tour biraren barruan. Aiora Renteria (Bilbo, 1976) abeslaria Sanagustingo oholtzara igotzeko "irrikaz" dago.
Harro da zuen azken lanaren izena. Zertaz zaudete harro?
20 urtean laurok batera egoteaz, zortzi disko ateratzeaz eta sekulako jendearekin lan egiteaz. Zea Mays ez dugu osatzen lau musikariok solik. Talde bat gara, eta gozamena da kide horiekin lan egitea. Beraz, harro gaude gauza horiez guztiez eta gugan sinesten duen jendeaz. Hogei urte pasatu eta horrela mantentzea, harro egotekoa da.
Nola laburbilduko zenuke taldearen 20 urteko ibilbidea?
Denetarik bizi izan dugu. Zortzi disko eta maketa bat kaleratu ditugu, eta kontzertu pila bat eskaini. Sekulako garapena izan dugu, musikari nahiz pertsona moduan, eta jende oso interesgarria ezagutu dugu bidean. Gazteako Maketa Lehiaketa irabazi genuen taldea sortu eta sei hilabetera, eta dena oso azkar joan zen. Kontrol falta pixka bat ere izan genuen hasieran, baina bideratzea lortu genuen. Ibilbide oso oparoa eta interesgarria izan dugu. Aspertu, ez gara aspertu, eta hori ere garrantzitsua da.
Nolako abestiak jaso dituzue Harro diskoan?
Askotariko hamabost kanta bildu ditugu: dantzagarriak, negar egitekoak... Diskoa osoa dela uste dut. Abestiak sortzerakoan aldaketa nabarmen bat egin dugu, konposatzeko era aldatu baitugu. Orain arte ez bezala, abestien kontrola hartu dugu eta sortze prozesuan jolasean ibili gara sintetizadoreekin-eta. Aurreko lanetan abestia egin ostean egiten zizkiguten programaketak.
Zer bilatu nahi izan duzue diskoarekin?
Ez da aurretik pentsatutako lan bat, aurretik ez genuen pentsatu diskoaren norabidea. Abestiak atera egiten zaizkigu, eta emozionatu gaituztenekin egin dugu aurrera. Kanten letretan sentimenduak bildu ditugu, pixka bat ezkutatuta, entzule bakoitzak bere egin ditzan.
Zer moduz doa 20 urte eta harro tour bira?
Oso ondo, gustura gaude. Euskal Herria oso txikia da, eta ezin dugu leku guztietan egon. Beraz, ahal dugun hirietara eta herrietara ari gara iristen. Orain, Azpeitian dugu hitzordua. Ezagutzen dugu, eta irrikitan gaude.
Zer nolako plaza da Azpeitia?
Oso ona. Azkenengoz, saninazioetan izan ginen, eta plaza bete-beteta egon zen, sekulako giroa sortu zen. Jendea gustura badago guk egindako lanarekin, gu gusturago. Ea zapatuan kontzertu indartsua eskaintzen dugun, eta jendea pozik gelditzen den.
Negua joan da eta da zuen abestirik ezagunenetakoa. Zein izan da arrakastaren giltza?
Ez dakit, jakingo bagenu, berriz erabiliko genuke giltza hori. Halere, guretzat abesti bat gehiago zenez, ez dugu pentsatu horrelako beste bat egin behar dugunik. Arrakasta izan du, jendeak bere egin duelako, positiboa delako eta kantatzeko erraza delako. Uste dut gauza guzti horien batura dela arrakasta eragin duena. Eta guri izugarrizko aldaketa eragin digu; izan ere, ordura arte 35 eta 40 urtetik gora bitarteko entzuleak zituen Zea Maysek, eta kanta horri esker, 3 urtetik 80 urtera artekoek entzuten dute orain. Ateak zabaldu dizkigu. Guretzat diskoko beste abesti eder bat zen, baina ez ginen etorriko zenaz kontziente. Pribilegio bat izan da.
MOTZEAN:
Amets bat? Orain arte bezala jarraitzea taldearekin.
Zea Maysen abesti bat?Amiltzen ez den bat.
Beste abesti bat? Love of lesbianen
Belice.
Abeslari bat? Love of lesbianeko abeslari Santi Balmes.
Beldurrik? Bai, heriotzari.
Plazer bat? Musika.