Gorka Martija: "Enpresa handiek daukaten nagusitasuna da pobrezia energetikoaren arrazoia"

Uztarria.Eus 2017ko mar. 13a, 17:58

Asteazkenerako argiak itzaltzeko deia egin dute Elkar-ekinek eta Zestoako Astinduk, "elektrizitate enpresa handien gehiegikeriei aurre egiteko" 'Batu indarrak, itzali argiak' egitasmoaren barruan. Argi itzalketaren bezperan, bihar, egitasmo beraren barruan antolatutako hitzaldia emango du Gorka Martijak (Bilbo, 1982), Latinoamerikan multinazionalen jarduera aztertzen duen OMAL behatokiko kideak. Enpresa energetikoak eta giza eskubideak izango ditu hizpide Martijak, Sanagustinen, 19:00etan hasita.

Zein da OMALen egitekoa? Behatokiaren lanak hiru lerro ditu: ikerketa, sentsibilizazioa eta salaketa. Hasieran, helburu nagusia zen espainiar jatorriko enpresa multinazionalek Latinoamerikan gauzatzen ari ziren inpaktu ezkorrak identifikatzea, sistematizatzea eta salatzea. Joan den mendeko 90eko hamarkadaren amaieran, zenbait enpresa espainiar handi (Repsol, BBVA, Endesa eta abar) multinazional bilakatu ziren, eta beraien hedatze-esparru nagusia Latinoamerika izan zen, han gertatzen ari ziren pribatizazio masiboak aprobetxatuz. Horregatik, urte askotan, enpresa horiek eragindako kalte sozialak, ekonomikoak edota ingurumenari lotutakoak ikertzea eta salatzea izan zen gure helburu nagusia. Gero, hamarkada honen hasieran, beste zenbait lan-lerro irekitzea erabaki genuen. Horrela, gaur egun, enpresen internazionalizazioa bultzatzeko politika publikoen azterketa, eta, era berezian, botere korporatiboarekiko alternatibak ere ari gara lantzen. Azpeitian enpresa energetikoak eta horiek urratzen dituzten giza eskubideak izango dituzu hizpide. Zer esparrutan gertatzen dira urraketak? Enpresa energetikoek gauzatutako inpaktu ezkorrak, giza eskubideen urraketak eragiten dituztenak, esparru anitzetan ematen dira, bai hemen, bai atzerrian jarduten dutenean. Dimentsio desberdinak bereizi ditzakegu. Ekonomikoa, batetik, tokiko ekonomiaren suntsipena eraginez edota delitu ekonomikoekin lotuta; gizarte mailakoa, bestetik, lan baldintzak eta eskubide sindikalak kaltetzen dituzten heinean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren ondoriozko eskubide urraketekin, edo genero desberdintasuna bultzatzen duten praktikekin; ingurumenari dagokionez, lurraldearen suntsiketa, biztanleen lekualdatzea, biodibertsitatearen galera, eta uraren, lurraren eta airearen kutsadura; esparru politikoko eragina ere hor dago, kriminalizazioa, errepresioa, estatuen subiranotasunaren aurkako erasoak; eta kulturala ere bai, herri indigenen eskubideen urraketekin, kasu. Jarraitu irakurtzen Uztarria.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide