Begoña Huarte. (Hibai Arbide Aza / Berria)
Greziako iparraldean, Italiara joateko ferry bat hartzear zegoen Begoña Huarte (Leitza, Nafarroa, 1957) Mikel Zuloagarekin batera atxilotu zutenean. Haien helburua zen zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekartzea; eta horregatik atxilotu zituzten, hain zuzen. Libre gelditu ziren, bermea ordainduta, Huarteren arabera, errefuxiatuen deklarazioari esker. "Errefuxiatuek azaldu zuten ez zigutela dirurik ordaindu eta bat egiten zutela gure ekintzarekin". Epaiketaren zain diren honetan, desobedientzia zibilaren balioa azpimarratu du Huartek, eta azaldu du egindakoak "merezi" izan zuela sentiarazi zietela errefuxiatuek.
Abenduaren 27an atxilotu zintuzteten Igoumenitsako portuan. Nola oroitzen duzu gertatutakoa?
Hara joan ginen gauez ferrya hartzera, eta abiatu baino hamar minutu lehenago sartu ziren zortzi errefuxiatuak autokarabanara. Han harrapatu gintuzten. Oso momentu frustragarria eta indartsua izan zen. Gure helburuetako bat zen errefuxiatuei elkartasuna adieraztea eta ez zeudela bakarrik esatea. Nahi genien esan laguntzeko geundela, lagundu nahi geniela, eta gure eskubide berak dituztenez, handik eramango genituela. Baina hori guztia esan haiei, eta ez betetzea... Fustratuta sentitzen ginen, ez genekielako zer gertatuko zitzaien, baina bi ordura askatu zituzten, eta haien erantzuna hain izan zen maitagarria eta esker onekoa... Elkartasuna adierazi ziguten trukean, eta oso lasai gelditu ginen. Benetan hunkigarria izan zen erantzuna, eta sentitu genuen merezi izan zuela egin genuena egiteak. Pertsona bezala pertsonago sentiarazi gintuzten. Elkartasunak asko elikatzen du benetakoa baldin bada.
Aske utzi zintuztetenean ere errefuxiatuen izugarrizko berotasuna jaso zenuten.
Oso polita izan zen. Atxilotuta geunden bitartean ez genuen gauza askoren berri izan. Aske utzi gintuztenean eta egunkariak irakurtzen hastean konturatu ginen egin genuenak hartu zuen dimentsioaz. Ohartu ginen egoera izugarria zela, Grezian ere babestuta geundelako.
Desobedientzia ekintza izan zen. Nondik sortu zitzaizuen ideia?
Ordurako jendea hasita zegoen errefuxiatuak ekartzen, nahiz eta publiko ez egin. Erabaki genuen elkartasuna modu sinbolikoan adierazteaz gain, beste pauso bat ematea. Ekintza bera publiko egiteko beharra ere sentitu genuen, salaketa politikoa egiteko eta interpelazio politikoa sortzeko. Gainera, gizartea sentsibilizatu nahi genuen errefuxiatuen gaiarekin. Giza eskubideak urratzen badira eta ez bada ondo erantzuten horien aurrean, guk egin beharko dugu egin behar dutenek egiten ez dutena. Desobedientzia tresna politikoa da, eta erabili izan da historian zehar betetzen ez diren legeak betearazteko, lege injustuen aurka jotzeko edo autoritate ez legitimoei aurre egiteko. Beraz, tresna bezala, intentzionalitate publiko eta ez bortitzarekin erabilita, geure gain hartzen genituen ekintzak ekar zitzazkeen ondorioak. Abenduan oporretan nengoen, eta Greziara joan ginen. Ekintza oso ondo planifikatuta genuen, egun jakin batean egitekoa zen. Ekintza marko zabalagoaren barruan kokatu behar da; hain zuzen ere, errefuxiatuen inguruan egiten diren beste hainbat ekintzaren markoan. Asmoa zen errefuxiatuak Euskal Herrira ekartzea eta prentsaurreko bat eskaintzea, ekintza publiko egiteko.
Zortzi errefuxiatuekin nola egin zenuten harremana?
Abenduaren 27rako egonak ginen beraiekin. Bat egiten zuten gure ideiekin, eta bagenuen konfiantza haiekin. Aurretik ere handik ateratzen saiatutakoak ziren, baina ez fidatzeko jendearekin.
Zerekin egin zenuten topo Grezian?
Atenasko egoera ezagutu ahal izan dut, eta oso esperientzia hunkigarriak bizi izan ditut. Aipatzekoa da, esaterako, errefuxiatuek okupatuta duten City Plaza hotela. Aske uztean, harrera egin ziguten hotelean. Hango jendea, behar bada, beste batzuk baino hobeto bizi da, baina, halere, ez daude nahi duten tokian. Han daude egonean, zain. Orain, hotzarekin ikaragarriak ari dira pasatzen kanpamentuetan-eta. Ikusten ditugun irudiak errealak dira, eta askok diote okerrera egin duela errefuxiatuen animo egoerak ere. Izan ere, egunak eta egunak daramatzate zer etorriko den jakin gabe; egunak eta egunak, etorkizunik gabe. Eskerrak badiren proiektu desberdinekin laguntzera joaten diren taldeak. Baina horiek ere ez dira toki guztietara iristen. Eta Grezian ez da bukatzen guztia; Serbian, Bulgarian... ere milaka errefuxiatu daude. Eta horiek Europari dagokionez, ze Afrikan ere... Ustezko Europa demokratikoa ondo sentituko da, ateak irekita dituela esango du, baina Bigarren Mundu Gerraz geroztik izan den exodorik handiena da gertatzen ari dena. Eta ez dira ari ezer egiten, ez dute baliabiderik jartzen giza krisiari aurre egiteko eta ezta egoera horren jatorriari heltzeko edo arazoa konpontzeko ere.
Uste duzu desobedientzia ekintzek balio dutela agintean daudenei eragiteko?
Bai. Instituzioek diote Madrilen kontua dela, errefuxiatuak hara eraman eta gero autonomia erkidegoetara banatzen dituztelako. Guk diogu mugitu eta ahal den guztia egin behar dugula, instituzioek egin beharreko hori egin dezaten. Eta bestela bilatu beharko ditugu beste bide batzuk.
Europa ere asko kritikatu da arazoari ez delako ari behar bezala eusten.
Europako herrialdeei errefuxiatuak hartzeko kupoak jarri zizkieten, eta ez dakit zein den Espainiari dagokion zifra zehatza, baina oso gutxi dira etorri direnak. Hori duela urte eta erdi sinatutako akordioan jaso zuten, eta ez dira betetzeko gai izan. Ezer ez dute egiten. Siria inguruko herrialde txikiagoek eta baliabide ekonomiko gutxiago dituztenek askoz ere jende gehiago hartu dute. Europa beste aldera begira ari da, eta Europak ez ditu soilik mugak jarri eta horiek itxi. Turkiarekin egin du akordio bat, arazoa hara eramateko, eta Europaren arazoa dela ezkutatzeko.
Berriz ere egingo zenuke egindakoa?
Bai, noski. Ez dut esango datorren oporretan joango naizenik, baina jendea ari da horrelako ekintzak egiten, egin behar dira eta egiten jarraituko da, ez bada beste modu batera egiten, behinik behin.