Diana eskaini dute Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek. (Ane Olaizola)
San Sebastian eguna ere iritsi da, eta atzo gaueko danbor hotsek segida izango dute gaur. Goiz eresiaren ostean, 09:00etan, Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek diana eskaini dute Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta musika eskolako txilibitu-jotzaileek lagunduta.
Ondoren, 10:15ean, udal ordezkariak korporazioan joango dira Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara, eta 10:30ean hasiko da ohiko prozesioa. Meza, berriz, 10:45ean izango da parrokian.
Eguerdian haurren txanda izango da; izan ere, 12:30ean hasiko da umeen danborrada, eta hamaika taldek parte hartuko dute. Artzubitik eta Arana kaletik abiatuko dira danbor taldeak, karroza eta inudeak.
Aurten 30 urte dira Azpeitia eta Hazparne senidetu zirela, eta urtemuga horri lotutako ekitaldiak antolatzen hasi dira dagoeneko bi herriak. Hori dela eta, gonbidatu bereziak izango dira gaurko haurren danborradan: Hazparneko ikastetxeetako 35 bat haurrek talde bat osatuko dute. Danborrada ez zaie arrotz hazpandarrei, uztaileko jaietan danborrada egiten baitute han.
Hazparneko umeak ez ezik, Lapurdiko herri horretako dozena inguru ordezkari ere etorriko dira. Udalak harrera egingo die haiei 13:00etan, udaletxean. Daniel Camblong da ordezkarietako bat, eta hark adierazi duenez, "oso pozik" dira udalak egindako gonbidapenarekin. "Umeak ilusioz daude danborradan parte hartzeko. Hazparnen gaur ez da jai eguna, eta eskoletan baimenak lortu dituzte Azpeitira joateko. Geu ere oso harro gaude harrera jasoko dugulako". Camblong lehenago ere izana da Azpeitian sansebastianetan. "Askotan joan naiz festa horietara, baina, normalean, bezperan".
Hazparneko bizilagunak ez dira udalak San Sebastian festetara gonbidatu dituen bakarrak.
Gaur gauean, banderaren jaitsieran, Quintana de la Serenako (Extremadura, Espainia) udal ordezkariak izango dira udaletxean. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, "pauso bat gehiago" ematea erabaki dute, harremanak sendotzeko.
Aurtengo festetako azken danborrada 23:15ean hasiko da. Gaur ostirala denez, banderaren jaitsieran ateratzea dagokien sei taldeez gain, beste sei ere irtengo dira danborrak astintzera. Honako talde hauek egingo dute bandera jaitsierako desfilea: Itsasi, Harkaitza, Etxera, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi Saskibaloia, Basazabal, Zokoa, Alkartasuna, Loiolabide-Zahar eta Sanjuandegi. Gauerdia iristean, atzo igotako banderak jaitsiko dituzte udal ordezkariek, festen bukaera irudikatzeko.
Halere, festak jarraitu egingo du asteburuan. Izan ere, bihar, txu-txu trena, haurrentzako jolasak zein Willis Drummond eta Niña Coyote eta Chico Tornadoren kontzertuak izango dira.
Sokamuturra, hirutan
Sokamuturrak ere izango du tartea San Sebastian jaietan. Gaur 12:00etan izango da urteko lehen sokamuturra, Erdikaletik hasita. Eta 16:30ean ere sokamuturraz gozatu ahal izango da.
Igande eguerdian, 12:00etan sokamutur txikia egin ostean, zezen txikiak eta poniak izango dira plazan. 16:30ean ere sokamuturra izango da, Erdikaletik irtenda.