Leire Iturralde. (Jelene Franzesena)
Leire Iturraldek (Azpeitia, 1983) lehen aldiz zuzenduko du Txalintxo soziedadeko taldea.
Zer dela eta zuzenduko duzu pilotarien taldea?
Azken urteetako zuzendariak esan zuen danborra jotzen atera nahi zuela, eta bere ordez taldea zuzentzen ateratzeko prest inor ba al zegoen galdetu zuen. Batzuk animatu egin ginen, probatze aldera. Zozketa egin genuen izena eman genuenon artean, eta neuri tokatu zitzaidan. Behin tokatuta ez nuen atzera bueltatik, eta aurrera egin behar. Beraz, aurten aurtengoa egin, eta ikusiko dugu gero zer datorren.
Ilusioz al zaude?
Bai, bestela ez nintzen zozketara apuntatuko. Errespetua ere ematen dit, baina gogoarekin nago.
Zer moduz danborradarako prestaketa lanak?
Ondo. Oso gustura aritu naiz entseguetan, sentipen onak izan ditut. Halere, lehen entseguan urduri sentitu nintzen. Gainerakoetan, hobeto.
Nola entseatu duzu?
Egia esan, entseatu gutxi egin dut. Hori bai, danborradako kantuak behin eta berriz entzun ditut etxean, kotxean... Belarria ohitu egin zait, eta gauza batzuk ikasi ditut. Ama izan berri naiz, eta uste dut umea ere nazkatu dudala sansebastianetako abestiekin.
Danborra jotzen aritutakoa zara. Aldea handia al da?
Txalintxo taldean bost edo sei urtez atera naiz lagunekin danborra jotzen. Taldean, danborra jotzen, oharkabean pasatzen zara. Zuzendari izanda, igoal, ez. Aurten dut lehen aldia, eta ikusi beharko da. Baina, zentzu horretan, aldea badagoela uste dut.
Gustuko al dituzu sansebastianak?
Bai, asko gustatzen zaizkit. Festazalea naiz, eta sansebastianak ere gustuko ditut.
Zein iruditzen zaizu zuzentzeko kantarik errazena? Eta zailena?
Errazena Hau dek hau iruditzen zait. Eta, zailena, ez dakit egia esan. Alardea iruditzen zait zailenetakoa, baina orain ez da jotzen. Gainerako guztiak antzeko samarrak iruditzen zaizkit.
Zein da taldea ondo zuzentzeko gakoa?
Talde zuzena eta oso jatorra dut aurrean. Ez dut inongo kexarik. Artalde txintxoa daukat.
Gaur gauerako urduri al zaude?
Bai, pixka bat bai. Baina ja hainbeste denbora nabil danborradaren kontuarekin, ohitu ere egin naiz. Halere, urduritasuna danborrada hasi artekoa izango dela pentsatu nahi dut.