Iban Bergara Sanagustin kulturguneko erakusketan. (Julene Frantzesena)
Euskal mitologiako pertsonaiak txotxongilo bilakatu ditu Iban Bergarak (Azpeitia, 1986). Proiektua gauzatzeko udalaren
Kultur Sorkuntza beka jaso zuen joan den ekainean, eta dozena inguru txotxongilo Sanagustin kulturgunean jarri ditu ikusgai. Urtarrilaren 10era bitartean ikusi ahal izango dira Bergararen lanak.
Nolatan hasi zinen txotxongiloak egiten?
Durangoko Azokaren egunetan artisau azoka izaten da, eta han ikusi nituen apargomarekin egindako txotxongiloak. Izugarrizko espresioa zuten, eta atentzioa eman zidaten. Gerora, ez dakit zergatik, bururatu zitzaidan etxean egiten hastea, denborapasa. Beti gustatu izan zaizkit txotxongiloak; txikitan amak oparitu izan zidan bat edo beste, eta antzerkia ere gustatzen zait. Horrela hasi nintzen txotxongiloak egiten, inongo asmorik gabe. Lagunen bati oparitu izan diot bateren bat, baina denporasa izan da niretzat udalaren Kultur Sorkuntza bekak atera arte.
Aurkeztu egin zinen, eta jaso duzu beka.
Laguntza horri esker serioago hasi nintzen lanean. Materiala erosi nuen eta lagundu dit txotxongiloen proiektuan murgiltzen. Bekak balio izan dit txotxongiloen mundua ezagutzeko eta ikasteko. Eta eskerrak eman nahi dizkiet animatu nauten guztiei.
Bultzada izan da, beraz?
Erabatekoa. Bost txotxongilo-edo eginda nituen aurretik, baina bekak balio izan dit lanean hasteko, informatzeko, esperimentuak egiteko eta batean eta bestean saltseatzeko.
Nola egiten dituzu txotxongiloak?
Apargomarekin edo belakiarekin. Horiek guraizeekin lantzen ditut: lehenengo, aurpegiko trazuak ateratzen dizkiot apargomari; eta, ondoren, pintatu egiten dut margo akrilikoekin. Pertsonaiaren arabera, dagokion jantzia egiten diot. Orain euskal mitologiari lotutako txotxongiloak egin ditudanez, sorginei beren jantziak, Tartalori berea... egin dizkiet.
Zer duzu inspirazio iturri?
Kasu honetan, pertsonaia mitologikoak aukeratu ditut; batzuk ezagunak dira eta besteak ez. Ezagunak ez direnak hautatu ditut jendeak ezagutu ditzan. Guztira, hamahiru txotxongilo egin ditut. Batzuk errepikatu egiten dira; adibidez, sorginak. Izan ere, sorginak taldean agertu izan dira beti, akelarrean-eta. Ez dira nik asmatutako pertsonaiak, eta, beraz, inspirazio iturririk ere ez dut behar izan.
Zergatik pertsonaia mitologikoak?
Beti eman dit atentzioa mitologiak, asko gustatzen zait, eta zenbait liburu ere irakurri ditut. Pentsatu nuen proiektu polita izan zitekeela jendeak pertsonaiak ezagutzeko. Proiektua egiteko ere gai egokia iruditu zitzaidan.
Hemen ez da oso ohikoa txotxongilogintza, ezta?
Egia esan, ez. Tolosan dago txotxongiloen museoa, izen handikoa, eta Gasteizen ere bada apargoma erabiltzen duen txotxongilo egileren bat. Baskoniaren maskota ere hark egin zuen. Azoka batzuetan ere ikusi ditut txotxongiloak egiten dituzten artisauak, baina... Batzuek egurra lantzen dute, eta nik, berriz, apargoma.
Inoiz pentsatu zenuen erakusketaren bat jarriko zenuenik?
Ez. Beka jaso izan ez banu, ez dut uste pausoa emango nukeenik. Lagundu dit txotxongilogintzan murgiltzen, eta baita egindakoa jendaurrean erakusteko pausoa ematen ere. Orain ere ari naiz buruari buelta batzuk ematen. Ez dakit nora iritsiko naizen, baina irekita nago, eta txotxongiloak egiten jarraitzeko asmoa daukat. Ez dakit zer egingo dudan, baina...
Aztia marka sortu duzu.
Jendeak erreferentzia izan dezan sortu dut, baina baita kamuflatzeko ere; izan ere, ez zait nire izen-abizenekin jardutea gustatzen. Burutik pasatu zait egindako lanak saltzen hastea ere. Egingo nuke proba artisau azokaren batean. Ikustea nahi dut zer harrera duten. Eta zabalik nago elkarteren batek maskota egitea-edo beharko balu ere, laguntzeko prest nago.
Emanaldiren bat egitea falta zaizu...
Momentuz ez dut emango, baina hori ere hor dago. Norbaitek eskatuko balit edo burua berotzen bazait, hori ere egingo nuke.