(Mikel Nieto)
Proposamena "ilusioz" jaso eta "buruari hainbat buelta eman ostean", Hesian taldeari baiezkoa ematea erabaki zuen Ane Bastidak (Azpeitia, 1987). Hala, musikaren munduan beste pauso bat eman du baxu-jotzaileak. Igandean igoko da talde horrekin aurrenekoz oholtzara Durangon (Bizkaia). Hasteko "gogoarekin" dagoela dio.
Nola hartu duzu erronka?
Gogotsu eta ilusioarekin, baina urduri ere banago; izan ere, aurrerantzean lan asko egin beharko dut. Talde ospetsua da Hesian, eta jende asko mugitzen du. Beraz, zuzenekoa ahalik eta ondoen egiteko presioa handiagoa da. Erronka polita da, ordea. Baxu-jotzaile moduan erronka asko izan ditut, talde batekin ematen duzun lehen kontzertua beti izaten da erronka, eta denak gainditu ditut. Horregatik, oraingoa ere ondo ateratzea eta momentuaz gozatzea nahi dut.
Laurobarekin, Izarorekin eta Amor de Tokiorekin ere aritzen zara.
Bai, eta, oraingoz, talde guztietan jarraituko dut. Lotuta ditugun kontzertuak bateragarriak dira. Entseguei dagokienez, talde bakoitzak bat egiten du astean, eta gainerakoa etxean prestatzen dut.
Musikari dagokionez, desberdina al da Hesian?
Talde horiek guztiak desberdinak dira. Oso garrantzitsua da musika mota desberdinak jotzeko aukera edukitzea. Izan ere, gauza berriak ikasten dituzu, doinu bakoitzak berezitasunak ditu eta aberasgarria da hainbeste musika estilo lantzea. Bestalde, kontzertuetan hainbat bizipen izateko eta Ane desberdinak azaleratzeko aukera ematen dit musika estilo barietateak.
Nola uztartuko dituzu horiek guztiak eta irakasle lana?
Asteburuak libre ditut. Halere, astegunetan ahal dudan guztia aurreratu beharko dut asteburuetan lasai ibiltzeko. Orain arte ere horrelaxe ibili naiz, eta ahalegin handia eskatzen duen arren, gustuko zerbait egiteko ahalegin guztiak egiten dira.
Durangon egingo duzu debuta. Gogoz al zaude?
Eguna iristeko irrikitan nago; momentua bizitzeko, disfrutatzeko eta orain ditudan urduritasunak lasaitzeko. Hesianek 10 urte betetzen ditu, eta kontzertu berezia izango da. Gonbidatu asko izango dira oholtzan. Niretzat oso garrantzitsua da egun hori beraiekin partekatzea. Gainera, badakit familiakoak eta lagunak han izango direla, eta horrek ere ilusio handia egiten dit.
Nolatan hasi zinen baxua jotzen?
Bibolina ikasten hasi nintzen 4 urterekin. 16 urterekin Eztake taldea sortu genuen musika eskolan. Baxu-jotzailea falta zenez, baxu kaxkar bat erosi nuen, eta horrela hasi zen nire ibilbidea. Urtebetez eskolak ere jaso nituen Laurobarekin hastean, baina gainerakoan neure kasa ikasi dut.