Ezkerretik eskuinera Leire Ibarguren, Miren Odriozola eta Mikel Soto. (Eider Bereziartua)
Gaur, larunbata, aurkeztu dute Sanagustin kulturgunean Miren Odriozolaren bizitza ardatz duen
Laura deitzen zioten liburua. Ehun eta berrogeita hamar lagun inguru bildu dira kulturgunean Leire Ibarguren azpeitiarrak idatzitako liburuaren berri izateko, eta Odriozolak bizitako egoerak eta sentimenduak lehen eskutik jasotzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Liburuaren nondik norakoak azaldu dituzte Miren Odriozola eta Leire Ibarguren protagonistek eta Mikel Soto Txalaparta editorialeko kideak. Horiez gain, Eneritz Albizu aritu da aurkezpen lanetan. Ekitaldi amaieran Jose Luis Otamendi idazleak hainbat hitz eskaini dizkio Odriozolari, eta Onintza Valverdek abestia kantatu dio. Ekitaldi hunkigarria bizi izan da Azpeitiko kulturgunean.
Eneritz Albizuk hartu du hitza eta "1980ko hamarkadan hainbat Euskal herritar internazionalismoaren eta ikurrinaren menpean Hego Amerikako hainbat herrialdera" joan zirela oroitu du. Emakume nahiz gizonezko asko ibili ziren han, eta "batzuen izenak ezagutzen ditugun arren", beste hainbat lagun ere han izan zirela azaldu du. Odriozola haietako bat izan zen. "Laura esaten zioten. Borroka anitzetan parte hartu zuen horren aurretik eta ondoren ere; ETAko kide Francoren kartzelak ezagutu zituen; borroka femenistaren parte izan zen; Auzitegi Nazionalak udalbiltzan egindako lanagatik auzipetu zuen... Liburu hau bizitza eta mundu osoa borroka zela izan duen emakume baten biografia da", esanez aurkeztu du liburua Albizuk.
Mikel Sotok Txalaparta editorialaren izenean "eskerrak" eman nahi izan dizkie "Leireri eta Mireni Txalaparta aukeratzeagatik, eta liburua idazteko Miren konbentzitu duten guztiei". Liburua "hunkigarria" dela azaldu du, eta Mirenen "ausardia mirestu" egiten duela. Ibargureni ere esker berezia agertu nahi izan dio istorioa kontatzera ausartu delako eta lehen liburua izanda "sekulako liburua" idatzi duelako: "Emakume bati buruz da, eta emakume batek bakarrik egin zezakeen. Horrelako liburu asko egiten ditugu, baina gehienetan emaitza ikusten duzunean beti sentitzen duzu parte bat falta duela. Borroka horietan protagonista izan ziren emakumeak, eta protagonista horiek borrokei egin zizkieten ekarpenak askotan liburuetan falta dira. Zorionez parte hori liburu honetan badago. Benetan esaten dut edozeinek ez lukeela asmatuko hori egiten".
Ibargurenek hartu du hitza jarraian, eta liburuaren proiektua nondik nora sortu zen azaldu du. Odriozola 2007an ezagutu zuela esan du, eta apurka joan zela bere bizitzaren berri izaten. Behin El Salbadorren inguruan "galdetzera ausartu" zenean, eta Odriozolaren istorioak jakin zituenean hori "herritarrei ezagutzera eman" behar zitzaiela pentsatu zuen. Miren konbentzitzea kosta zitzaiela esan du, baina "halakoren batean lortu zutela". Orduan proiektua idatzi zuten, eta helburua jarri zuten "emakumea gatazkan subjetu" bezala agertzea: "Mirenen bizimoduak emakumeen iruditegian ditugun bizimoduei ekarpen interesgarria egiten zion, eta iruditegia asko aberasten zuen". Behin helburuak ezarrita, proiektua gauzatzeko "elkarrizketak" egin nahi zituztela agertu du, eta, hain zuzen ere, "El Salbadorren Mirenekin frontean izan zen jendea" elkarrizketatu nahi zutela. Horregatik, Ibarguren eta Aitziber Martinez de Lagos brigadista El Salbadorrera joan ziren istorioko pertsonak eta lekuak bertatik bertara ezagutzera. Bertako jendeak Odriozolari zion maitasunak hunkitu zituela esan du Ibargurenek: "Kolektibotasuna krisian dagoen garaian, oso garrantzitsua da kolektibotasunaren istorio hori kontatzea".
Azkenik, Odriozolak hartu hitza. "Harrituta eta hunkituta" agertu da herritarrengandik jasotako beroagatik. Eskerrak eman nahi izan dizkio denei, eta bereziki Ibargureni "berarengatik izan ez bazen guztia bidean galduko" zelako. Bere ustez, emakume guztien esperientziak merezi dute liburua, eta hori horrela ez ote den galdera bota du airera. Behin liburua eginda "apur bat lotsatuta"eta "biluzik" sentitzen dela azaldu du. Baina, batez ere "guztia kanpora atera eta konpartitu ondoren, oso gustura" sentitzen dela esan du. Gogoan izan ditu han bizitako egoerak, eta "zaila izan zen arren, ederra" izan zela azaldu du: "Guk dena elkarbanatzen genuen, bakoitzak zuen pixkat hori denok elkarbanatzen genuen. Izugarrizko elkartasuna eta konplizitatea geneukan".
Amaitzeko El Salbadorren izandako internazionalistak oroitu ditu Odriozolak. "Herrien arteko elkartasuna, herrien arteko samurtasuna" erakusten duela horrek esan du. Euskaldunak leku askotan izan ziren laguntzera joanda: "Euskaldunak asko lagundu dugunak izan gara, eta askok bizia bertan utzi dute. 150 baino internazionalista gehiagok utzi zuten bizia El Salbadorren". Euskaldunetatik Begoña Garcia, Marta Gonzalez medikuak, Pakito Arriaran, Odriozolaren bikotea izan zena, eta bi jesuita euskaldun hil zituztela oroitu du. Gogoan izan du baita Blanca Elisenda Portavella mediku kataluniarra ere: "Gaur, hauek danak gogoratu nahi ditut eta beraientzat nire maitasuna eta nire omenaldia".
[flickr_set id="72157675439715472"]