Ikastetxeetako, udaleko eta Uemako ordezkariak. (Julene Frantzesena)
"Uemaren ildo estrategikoetako bat da udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalmentzea, arnasguneen garrantziaz ohar daitezen hizkuntza ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko". Hala azaldu du Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariak, Azpeitiko ikastetxeetan martxan jarri duten hezkuntza proiektuaren inguruko azalpenak ematerakoan. Izan ere, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan martxan jarri dute DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako euskararen arnasguneen inguruko proiektua.
Uemak tailer horietarako materiala sortu zuen iaz, eta, besteak beste, Azpeitiko, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako ikastetxe batzuetan egin zituzten "esperimentazio faseko" lehen urratsak. Fasea bukatzean jasotako ekarpenekin, eta indarguneak nahiz ahulguneak identifikatuta, "zabalkunde fasea" hasi dute ikasturte berriarekin batera.
Hezkuntza proiektuaren garrantziaz ohartarazi du Labakak, euskararen erabilerak eta ezagutzak "atzerakada" izan dutelako udalerri euskaldunetan: "Ikasleen sentsibilizazioan eragiteko beharra sentitu dugu, eta horretara dator Uemaren hezkuntza proiektua".
Uemako kide diren 76 herrietan hasiko dituzte tailerrak, "salbuespen bakan batzuk kenduta". Labakak esan duenez, guztira, 4.000 ikaslek parte hartuko dute.
Hausnarketarako saioak
Azpeitiko ikastetxeetan hasi dira dagoeneko saioak eskaintzen. DBHrako eta Batxilergorako erabiltzen duten metodologia desberdina da. DBHko kasuan, aurrena, irakasleak trebatzen dituzte Uemako kideek, ondoren haiek unitate didaktikoak ikasleekin landu ditzaten. Batxilergoan, berriz, Uemako teknikariek eskaintzen dituzte saioak, "dinamika parte-hartzaileen eta ludikoen bidez".
Udaleko Hezkuntza batzordeburu Leire Goenagak esker hitzak izan ditu ikastetxeetako ordezkarientzat proiektuaren aurrean "erakutsitako konpromisoagatik", eta Uemakoe kideei "egindako ahalegina" eskertu die. Haren arabera, Soziolinguistika Klusterrak Azpeitian egindako euskararen kale erabilera neurketaren emaitzek "argi" erakusten dute azpeitiarrek "euskararekiko duten konpromisoa". Horrez gain, haren ustez, "beharrezkoa" da hezkuntza sistemaren barruan arnasguneez eta euskararen garrantziaz aritzea.
Maddi Gallastegi Uemako teknikariak dioenez, "jarrera positiboa" nabaritu dute Azpeitiko ikasgeletan. "Azpeitia arnasguneetan arnasgune izanik, ikasleen profila nahikoa homogeneoa da: euskaraz aritzen dira ikasgelan, kalean... Guraso erdaldunak dituzten haurrek beste hizkuntza batzuetan hitz egiten dute etxean, baina lagunekin euskaraz aritzen dira. Inertziaz funtzionatzen dute euskaraz, inertzia positiboz, baina inertziaz".
Gallastegik azaldu du helburua "inertziatik kontzientziara jauzia" ematea dela. "Egiten dutenaz jabetzea da xedea, ahaldundu eta jarrerak aktibo bilakatuz gero, efektu biderkatzaileak eragin baititzazkegu inguruko udalerrietan".
Hain euskaldun ez diren udalerrietako gazteekin eta arnasgune diren beste herri batzuekin alderatuz, Azpeitiko gazteek "hizkuntz ohitura desberdinak" dituztela esan du. Hala eta guztiz, nabarmendu du gazteak euskaraz bizi badira ere, "urte gutxian asko aldatu" direla kontuak erreferentzia kulturalei dagokienez: "Apenas kontsumitzen dute euskal musika, euskarazko telebista, irratsaioak...".
Egitasmo "garrantzitsua"
Azpeitiko hiru ikastetxeetako ordezkariak izan ziren egitasmoaren aurkezpenean, eta hirurek azpimarratu zuten hezkuntza proiektuaren garrantzia.
Alberto Izagirre Urola Ikastola BHIko zuzendariaren aburuz, "hezkuntza kurrikularraz aparte" badira eskoletan lantzeko gauzak, eta horietako bat da Uemaren proiektua. "Uste dut liburuetan ez dagoen eta ikasleak bestela jabetuko ez liratekeen gauza askoz kontzientziatzeko balio dutela tailer hauek".
Arantxa Bidezabal Ikasberri Ikastolako zuzendariak ere bide beretik hitz egin du, eta esan du garrantzitsua dela ikasleak jabetzea «Azpeitia euskararentzat gune erreferentea, oasi modukoa» dela. «Ikasleentzat ohikoa da euskaraz hitz egitea eta bizitzea, baina horren jakitun izatea eta sentsibilizatuta egotea garrantzitsua da».
Vanesa del Castillo Iraurgi ikastetxeko DBHko 2. zikloko koordinatzaileak dioenez, euskara bizirik mantentzeko "gune oso inportantea" da Azpeitia: "Azpeitiarrek ardura handia dute herritik kanpo ateratzen direnean euskara bizirik mantentzen laguntzeko. Horregatik, uste dut Batxilergoko ikasleentzat asko balio dutela tailerrek; datorren urtean unibertsitatera-eta doaz, eta ez dute pentsatzen han zer inguru aurkituko duten, euskaraz ariko ote diren... Kontzientzia hori pizteko ere balio diete tailerrek. DBHkoek urrunago ikusten dituzte halako kasuak, baina uste dut garrantzitsua dela kontzientziazio prozesuak garaiz hastea".