Makina bakarrak eskuak direnean

Urola Kostako Hitza 2016ko urr. 25a, 11:23

Soreasuko Elkargunean dagoen Artiekin artisauen txokoak ikasturte berria hasi du. Inguruko eskulangileen bilgunea da, eta beren produktuak ikusteko zein erosteko aukera dago han.

Artiekin artisauen txokoaren ikasturte hasieran hartutako irudi bat. (Artiekin) Etengabe gauzak erostera ohitu den gizarte honetan, makinak gelditu gabe ekoitzi eta ekoitzi ari direnean, ez da erraza artisautzatik bizitzea. Horretaz jakitun dira Garazi Agirre eta Ilazki Lili, Artiekin artisauen txokoko kideak. Baina uste dute kontzientziazioan zer eginik badagoela, jendeak eskuz egindako produktuak baloratzen ikas dezan. Artiekin  txokoak ikasturte berriari hasiera eman berri dio, eta gogoz daude biak, proiektu berriak eskuen artean dituztela. Iaz zabaldu zuten Artiekin,  Azpeitiko Soreasu eraikineko Elkargunean. Modu horretan, azokaz azoka ibiltzeaz gain, inguruko artisauek badute beren lana erakusteko espazio bat. Elkargunearen ordutegi berean zabaltzen dute: ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:30era. Txandaka antolatzen dira bertako kideak gunearen ardura eramateko. Lilik balorazio positiboa egin du orain artekoaz: «Balio izan digu beste artisauak ezagutzeko, bakoitzak nola funtzionatzen duen jakiteko... Guretzat babes bat da». Agirreren arabera, «nahiko ezkutuan» dagoen lekua da, eta propaganda egitea falta izan zaie, jendea erakartzeko. Jendea erakarri nahian Horregatik, aurten asmo berriak dituzte. Facebook bidez produktuak ikusarazten saiatuko dira, eta denboraldika material ezberdina eskaintzeko konpromisoa hartu dute. Horrez gain, tailerren bat antolatuko dute, zozketa batzuk egin... Denetarik aurki daiteke txokoan: hainbat materialekin egindako bitxiak, berrerabilitako oihalekin egindako arropa, larruzko diruzorroak, marmelada, magnolia likorea... Jendeak eskulangintza baloratzea da erronka nagusia, Agirreren esanetan: «Guretzat zaila da; dena garestia iruditzen zaio jendeari. Zaila da prezioa jartzea eskuz egiten duzun gauza bati. Borroka dugu horrekin: norbere burua gutxietsi gabe, zure burua baloratuta eta sartutako orduak kontuan izanda jarri behar duzu prezioa». Gauza bera uste du Lilik: «Kontua da dena pertsona bakar batek egiten duela. Nire kasuan diseinatu, patroiak egin, josi... Beste batek frutak hartu, egosi, marmelada egin.... Merkatuan beste prezio batzuetan lor daitezke produktuak, eta askotan zaila da atzean dagoen lana ikusaraztea». Filosofia aldaketa bat beharrezkoa dela uste du Agirrek: «Gaur egun kantitatea da baloratzen duguna. Zenbat eta merkeago eta zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. Eskuz egindako pieza bakoitza bakarra da, eta kalitatean ere aldea dago. Makina batek egiten duena edo eskuz egiten dena ezin da konparatu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide