Libe Aranburu: "ETBk derrigor sortu behar ditu umeentzat euskarazko saioak"

Julene Frantzesena 2016ko urr. 25a, 09:48

ETB3ko ‘3txulo’ saioan izeba Kattalin hezurmamitzen du Aranburuk. Bikoizketan ere aritzen da hainbat pertsonairi ahotsa jarriz, eta, haren arabera, gainbeheran doa sektorea.

(Julene Frantzesena) ETB3ko 3txulo saioko protagonistetako bat da Libe Aranburu (Azpeitia, 1982). Haurrei zuzendutako telesailean Izeba Kattalin pertsonaia gorpuzten du azpeitiarrak. 3txuloko familian sartu zara. Nolatan? Lankide batek bikoizten zuen Gorritxo pertsonaia, eta haren ordezkoa aukeratzeko hautaprobarako deitu zidaten. Castinga egin nuen, ahots egokia-edo irudituko zitzaien, eta hala hasi nintzen Gorritxori ahotsa jartzen. 2015eko iraila zen Sorgintxulon hasi nintzenean. EITBren berrikuntzak tarteko, formatua aldatu eta 3txulo ematen hasi ziren joan den otsailean. Han ere Gorritxori jartzen nion ahotsa, eta denboraldi bukaeran, maiatz aldean, pertsonaia berri batekin hasi ginen probatzen. Ondo funtzionatu zuenez, denboraldi honetan izeba Kattalin hezurmamitzen dut. Nolakoa da izeba Kattalin? Bittorren izeba da, eta iraganetik dator. Atso bat da, neskazaharra, mingostua, baina izugarrizko energia dauka. Besteak mingosteak ematen dio poza. Gaiztoa dela ere esan daiteke, baina nire pertsonaia da eta ez dut hain gaizto ikusten. Hori bai, nazkagarri samarra da. Gustura al zabiltza? Bai, oso. Azaroan bukatuko ditugu grabaketak, eta gero, aldaketarik ezean, jarraitu egingo du saioak. Astean bitan, astelehenetan eta asteazkenetan, 08:00etatik 18:30era egiten ditugu grabaketak. Gogorra da, denbora urrea, dirua, delako. Baina ezin dut kexatu, grabaketak bi egunez egitea ondo baitatorkit. Taldearekin ere oso gustura nago. Haurrei zuzendutako lanak egindakoa zinen aurretik ere. Duela hamahiru urte bukatu nituen Arte Dramatiko ikasketak, eta umeentzako antzerkia egiten aritu nintzen zazpi urtez. Handia izan al da antzerkitik telebistara saltoa? Zer ikusirik ez dute. Lan egiteko modua oso desberdina da, baina telebistak erosotasun handiagoa eskaintzen du. Astegunetan egiten duzu lana, asteburuak libre dituzu... Bizitzaren momentuaren araberakoa dela uste dut, eta une honetan oso ondo datorkit telebistan lan egitea. Antzerkian ibiliko banintz, asteburuetan ere lan egingo nuke, eta kontrako korrontean biziko nintzateke. Sasoiak izaten dira. Orduan oso gustura ibili nintzen antzerkian, baina orain ume bat dut, eta desberdina da egoera. Zure burua imajinatzen zenuen pantaila txikian? Pilotari telesailean aritutakoa naiz, eta Goenkalen ere paper txiki batzuk egin nituen. Baina, hala ere, ez nuen uste horrelako formatu batean lan egingo nuenik. Gorritxorekin hasi nintzenean ere ez nuen pentsatzen aurrera jarraituko zuenik. ETB1en hasi ziren Sorgintxulo ematen, eta, orain, ETB3n ematen dute 3txulo. Zer gertatu da? Umeen saioa izanda, ez diete gehiegi begiratzen audientzia neurketei. 3txulok badu publikoa, eta ETB3 indartu nahi zutenez, hara aldatu zuten. Izan ere, ETB3, izatez, umeei zuzendutako katea da. Audientzia datu onak ditu, beraz? Bai, datuak onak dira. Kalean ere nabaritu dut 3txulo asko ikusten dela, eta hori ETBk izugarrizko konpetentzia duela Clan, Boing eta halako kateekin. Baina haurrak identifikatuago sentitzen dira 3txulorekin, batez ere, euskaraz delako. ETBk derrigor sortu behar ditu umeentzat euskarazko saioak, estrategikoak eta ezinbestekoak direlako. Bikoizketan ere aritzen zara. 3txulo hasi aurretik ere, bikoizketan aritutakoa naiz. Arlo horretan ez dago lan asko, baina dagoen hori egiten dugu. Arte Dramatikoa ikasten ari nintzela bikoizketaren ikastarotxo bat eskaini ziguten, eta asko gustatu zitzaidan. Ikasketak bukatzean, Pausokak antolatutako ikastaro bat egin nuen Donostian, eta lanean hasi nintzen segidan. Zeri jarri diozu ahotsa? Ez zait gustatzen esatea, umeentzat benetakoak baitira pertsonaiak. Nobita eta Doraemon existitzen dira, Izeba Kattalin ere bai... Bikoizketa atzeko lana da, eta umeei ilusioa kentzea litzateke ahotsa zeini jarri diodan esatea. Baina esan dezaket Maia erlea eta Timmy Turner bikoiztu ditudala. Batez ere, marrazki bizidunetan aritu naiz, baina filmetan ere egin dut lana. Zergatik kateatu zaitu bikoizketak? Interpretatu egiten delako. Antzerkitik badu zerbait, nahiz eta erritmoak oso desberdinak diren. Ezkutuko lana da, ez zara inoren aurrean jartzen. Dudan lanbidearekin, txantxa badirudi ere, atzerakada ematen dit jendaurrean aritzeak, baina gustatu ere egiten zait. Gainera, bikoiztu duzun lan hori ematen dute telebistan, eta ez duzu ikusi ere egiten askotan. Horregatik guztiagatik gustatzen zait. Lan erosoa da, eta ondo sentitzen naiz. Zein egoeratan dago bikoizketaren mundua? Gaizki oso. Galtzen ari da lanbidea, eta lankide askok beste ofizio batzuk aurkitu behar izan dituzte. Tristea da egoera. Irusoinek eta Mixerrek Donostian zuten egoitzan hasi nintzen lanean, eta itxi egin dute hura. Orain, lanerako deitzean, Bilboko egoitzara joaten gara. Gainera, ez dago denontzat adina lan. Ez dago lanik ez delako filmak, marrazki bizidunak edo telesailak bikoizteko apusturik egiten. Marrazkiak bikoizten dira gehien, eta horiek ere errepikatu egiten dituzte; izan ere, ezin da bi marrazki serierekin denboraldi osoa egin. Eta bi seriek ez dute ehundik gora bikoizlerentzat lana ematen. Aldatu egin dira gauzak. Gaztetxoa nintzenean, euskaraz bikoiztutako telesail ugari ematen zituzten: Lehen muxuak, Parker Lewisek ez du sekula galtzen... Dena bikoizten zen orduan. Orain jendeak esaten du euskaraz bikoiztutako telesailak-eta ez zaizkiola gustatzen, baina hori da ez garelako ohitu. Txikitatik dena bikoiztuta eskaini izan baligute, Katalunian bezala, ohituta geundekeen. Marrazki bizidunekin ohitu gara, ez? Kontua da bikoizketaren aldeko apusturik ez egin, eta, gainera, hor dagoela azpidatzien kontua. Esaten dute bertsio originalean azpidatziekin eman behar direla filmak-eta. Hori hala bada, ETB2n ere azpidatziak erabil ditzatela, eta ez gaztelaniaz bikoiztu ETB2rako eta azpidatziak jarri ETB1erako. Zer zentzu du horrek? Gure hizkuntza zer? Hainbeste urtez antzerkian arituta, ez al duzu bueltatzeko grinarik? Har hori badaukat. Azkena egin nuen obra Su Txikian izan zen. Haurdun nengoela utzi nuen, eta ordutik ez naiz aritu, ez naizelako asko mugitu eta ez dudalako deirik jaso. Gogoa badaukat, beti edukiko dut, baina ez da unea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide