Clara Wolfram. (Noaua)
Zer landuko duzue saioetan?
Norberak jolastuko du bere erotismoarekin. Denok dugu dimentsio erotikoa, eta hori adierazten dugu komunikatzeko erarekin, harremanak egiteko moduarekin... Dena den, ez gaude beti erotismoarekin konektatuta. Tailerrean arreta jarriko diegu gorputzari, zentzumenei eta komunikatzeko moduari, eta dinamika praktikoen bidez, horiek landuko ditugu. Gorputzetik abiatzen da tailerra; hau da, lehenbizi jarriko dugu arreta sentsazioetan, eta saiatuko gara gorputza pieza bakar sentitzen.
Sentsazioen kontzientzia handitzea zertan datza?
Sentsazioek informazioa ematen digute, eta kontzientzia hartzeko eta bizipozarekin konektatzeko lanketa egingo dugu; izan ere, bizipoza, plazera, lor daiteke zentzumenen bidez. Baina askotan lokartuta edo ukatuta dugu plazera, gure gorputza edo izandako harremanak zein bizipenak ez zaizkigulako gustatzen. Ahalegina egin behar da gure gorputzetan dagoena onartzeko, eta, bizipozarekin, erotismoarekin, konektatzeko.
Erotismoa gai tabua da.
Sexualitatea modu errepresiboan bizi izan dugulako da hori horrela. Kultur eredu bezala, sexualitatea ez da ontzat eman. Duela 30-40 urte sexuaz hitz egitea kasik bekatua zen. Ez dugu oraindik zama hori askatu, eta ez dugu normal hitz egiten erotismoaz. Hitz egiten dugu zerbait sekretua edo perbertsoa balitz bezala, baina beti gara erotikoak. Beti saiatzen gara bestearen gustukoak izaten, eta hori ere erotismoa da; besteek gu onartzeko erreminta.
Zergatik da garrantzitsua autoezagutza lantzea?
Gustuei lotutako emozioak ezagutzen eta ulertzen baditugu, argiagoak izango gara geure buruarekin eta besteekin. Ez badut nire burua ondo ezagutzen eta ideia negatiboak baditut gorputzaz edo buruaz, zailagoa da harremanak egitea. Norbere burua ezagutzea oso lagungarria da hobeto bizitzeko; izan ere, indarguneak eta ahuleziak ezagutzen ditut, baina denak onartzen ditut, eta ez ditut ukatzen.
Ahalduntzeko bidea ematen al du autoezagutzak?
Bai. Kontuan hartu behar da emakumeok gure gorputzaz eta erotismoaz dugun pertzepzioa oraindik oso baldintzatuta dagoela gizarteko ideia matxistekin. Baldintzapen batean jartzen gaitu; ez dugu gure gorputza erraz onartzen, eredu oso estereotipatua dagoelako emakume gorputzaren inguruan. Emakumeak landu behar du ideia horietatik askatzea, mezu horiek etengabe jasotzen ditugulako. Hori guztia feminismotik landu behar da, ez baitago genero ikuspegia kontuan hartu gabe lantzerik.