(E. Albizu Lizaso)
Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba deituko da hemendik aurrera Azpeitiko Kultur Mahaiak kudeatutako enpresa. Sanagustin kooperatiba izena zuen orain artean, baina haren bosgarren urteurrena aprobetxatu dute izen, marka eta webgune berria aurkezteko. Atzo, osteguna, egin zuten urteurren ospakizuna, Sanagustin kulturgunean.
2011n sortu zuten kooperatiba, eta, bertako kideen arabera, "esperotakoa baino hazkunde handiagoa" izan du. Horregatik sentitu dute beharra estatutuak, marka eta webgunea berritzeko. Herritarrek Sanagustin kultur kooperatiba eta Sanagustin kulturgunea nahasten zituztela-eta, kooperatibari izena aldatzea erabaki dute. "Nahasgarriak ziren izenak, eta jendeak enpresa eta leku fisikoa ez zituen desberdintzen, gauzak errazteko hartu dugu erabakia", azaldu du Kepa Urbieta kooperatibako komunikazio arduradunak. Hori dela-eta,
Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba izena du orain, eta kulturaz.eus da webgune berria.
Urbietak nabarmendu du Sanagustin kulturgunetik at ere "herriari bizitza" ematen diola kooperatibak: "Zutabe nagusia da kulturgunea, baina herrian antolatu izan ditugu gauzak, eta hor dugu Soresu ere". Hastapenetan aurreikusi zuten 60 ekitaldi inguru egingo zituztela urtean, eta 160 egiten dituzte, batez beste, orain. Hori dena finantzatzeko "bide berriak" aurkitu dituztela azaldu du komunikazio arduradunak, beti ere, "autofinantziazioarekin jarraituta".
Euskaratik eta euskaraz eginiko kultura
Jose Luis Otamendi kooperatibako lehendakariak urteurren ekitaldian esan du erronkei begiratzeko ere une ona dela: "Badira oraindik herritarrak atera hurbiltzen direnak, baina barrura nekez sartzen direnak. Kultur eredu hau ulertzen ez duten edo maite ez duten pertsonak dira, gure jarduna hotzegi, epelegi edo beroegi jotzen dutelako edo eurentzako erakargarri egiten asmatzen ez dugulako. Hori ere begiratu beharko da ondo".
Horrez gain, Otamendik aipatu du euskaraz sortu eta ematen den kultura "kinka larrian" dagoela: "Gutxitua da, eta helburua handiak lortu ezean, arriskuak hartzeko beldurrez bezala, foklorean gelditzeko arriskuan dago". Euskara erdigunean jarrita, aurrera egiteko gakoa proposatu du: "Euskaratik eta euskaraz eginiko kulturaren alde lanean jarraitu nahi dugu, eta horretarako zakua bete proiektu dugu eskuartean, gehienak txikiak, baina duinak, elkarrekin aurrera egiten ahalbidetuko dutenak. Hori da une honetan herri honek munduari egin diezaiokeen ekarpenik baliotsuena", esan du.
Kultur politiken garrantzia ere nabarmendu du lehendakariak, eta azaldu du horiek baliatu behar direla sustapenerako, "berrikuntza eta euskara erdigunean" dutela.
Haize bolara freskoa
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak "eredugarritzat" jo du Kulturaz Kultur Kooperatibaren lana. Hark uste du "beharrezkoa" dela halako proiektuei laguntzea "herri txikietako kultura" sustatzeko: "Herri txikiek ez dute laguntzeko hedabide handirik, hizkuntza handirik, eta zailago dute aurrera egitea". Horregatik, Etxeberriak uste du "dena" jokatzen dutela euskaldunek kulturan, eta erakundeek badutela ardura publikoa horretan: "Euskaldun eta euskal herritar kulturak egiten gaitu, gure identitadearen puzlea osatzen du. Serio ez badugu hartzen gai hau, garesti ordainduko dugu".
Kultur kooperatibak eragile publikoen eta pribatuen arteko "erdiguneko espazioa" lortu duela esan du Etxeberriak, "denena dena, eta elkarlanean lortu behar dena": "Lortu behar dugu denak batera lan egitea, norabide berean, herri bizi bat izateko ezinbestekoa izango da eredu hau".
"Etorkizuna" izan du mintzagai alkateak, eta ereduari "gehiago exijitzeko unea" dela esan du: "Oso gutxi gara euskaldunak, eta gure kultura garatzeko bidean, gehiago eman behar dugu azpeitiarrok. Gure herriari, Euskal Herriari, zor dio hori Azpeitiak. Gure kulturgintzak izan behar du haize bolada freskoa, eta erreferentzia Euskal Herri osoan".