Joseba Beristain eta Olatz Prat. (Ana Abarisketa)
Etxetik datorkie musikarekiko pasioa Joseba Beristaini (Azkoitia, 1978) eta Olatz Prati (Azpeitia, 1984). Lehengusuak biak, barruan daramate musika. Afizioa ofizio bihurtu du azkoitiarrak, izan ere, Elbio A. Nielsenek zuzendutako
The Plot Point filmaren soinu banda sortu du; Olatz Pratek, berriz, ahotsa jarri du. Hain zuzen, Malagako (Espainia) nazioarteko soinu banden jaialdian hautatu dute bere lana. Etzi, ostirala, banatuko dira sariak.
Soinu bandako lanak nola banatu dituzue?
Joseba Beristain: Soinu banda multzotan banatuta dago. Horietako batean agertzen da emakume-ahotsa, eta azpitik sintetizadorez egindako oinarria du. Ahots hori Olatzek abesten du. Hark denetik abesten du, eta garbi ikusi nuen ondo abestuko zuela. Aurrez ere elkarrekin lan egin izan dugu. Mafiari buruz egin nuen bere momentuan lan bat, eta antzeko erregistroan abestu zuen. Zuzendariari erakutsi nion lan hura, eta soinu banda honetan behar genuenarekin bat zetorrela ikusi zuen.
Film bateko atal garrantzitsua da musika. Noiz hasten da lanean musikagilea?
J.B: Aukera desberdinak daude. Normalean pelikula muntatuta iristen zaigu. Horrez gain, erreferentziazko musika jartzen dio zuzendariak batzuetan. Noiz edo noiz gidoia bakarrik ere bidali izan didate, baina nahiago izaten dut lana muntatuta jaso.
Sorkuntza prozesuan nahikoa askatasun izaten duzu?
J.B: Zuzendariaren arabera izaten da. Batzuk aske uzten zaituzte, eta, beste batzuk, non zer sartu garbi izaten dute. Normalean adostasun batera iristen zara aurretik zuzendariarekin.
Olatz Prat: Film bateko musika bandan lan egitean konturatzen zara, nola ematen dion zentzua musikaren elementu bakoitzak irudiari. Horrek adierazten du beste edozein sorkuntza lanekin alderatuta desberdina dela hau.
Beraz, halako lan batean garrantzitsua da musika sortzen jakiteaz gain, beste hainbat ezaugarri izatea, ezta?
J.B: Zinemaz zerbait jakin behar da. Pelikula batean narrazio elementu bat gehiago da musika.
O.P: Sentimenduak adierazteko beste euskarri bat da. Hemen konturatu naiz benetan zer nolako garrantzia duen musikak pelikula batean.
Nolako prozesua izan da?
J.B: Zuzendariarekin aurreneko hartu-emana aspaldi izan nuen. Euskal Herriko Zinema Eskolarako iragarki bat egin nuen, eta hango muntatzailea den Jose Miguel Villaltak eman zion nire berri pelikulako zuzendariari. Handik denbora batera deitu zidan, muntaia ia bukatuta zutela. Ordutik, ia bi urte pasatu dira, eta ia 500 ordu eman ditut lanean.
Zer izan da ederrena?
J.B: Azpeitiko Musika Bandaren lokalean grabatu genuen momentua izan zen ederrena; Olatzen ahotsa eta Musikeneko ikasleen orkestra grabatu genituen. Orduan entzun nuen aurreneko aldiz aurrez egindako lan guztiaren emaitza. Horrez gain, asmatzea izaten da ederra. Hilabeteak ematen dituzu zerbaiten bila eta bila; une hori iristen denean esaten duzu: hauxe da nahi nuena.
Eta pelikula bukatuta ikustea?
J.B: Prozesuan zehar hainbeste aldiz ikusi dut, azkenean ez didala eragiten. Beharbada, hemendik pare bat urtera berriro ikusi beharko dut sentsazio horiek bilatzeko.
Zein da zure laneko txokoa?
J.B: Estudio txiki bat dut etxean. Azkenean, ordenagailua da nire lan tresna. Horrez gain, teklatua eta bozgorailua ditut.
Musika tresna asko jotzen dituzu?
O.P: Parean jarritako dena jotzen du. Trebetasun handia du.
J.B: Pianoa ikasi nuen. Osaba batek zeharkako flauta oparitu zidan gero, eta jo egin nuen. Bateria, gitarra, baxua... denak probatu ditut.
Malagako Mosma musika banden jaialdiko sarietan hautagai bat zara, film luzeen atalean.
J.B: Aurrez ere bi film laburrekin egon naiz hautatuta. Aurten, luzemetraia bidali dut, eta hautatu egin dute. Urtez urte hazten ari den jaialdia da hori. Nazioartekoa denez, gainera, norgehiagoka izugarria da, eta oso gustura nago.
Halako sari bat irabazteko hautagai izateak ateak zabaltzen ditu?
J.B: Ez dut uste. Halere, garrantzitsua da hor egotea harremanak egiteko.
Beste proiekturik baduzu esku artean?
J.B: Animazioko haurren film batean ari naiz lanean. Aurrerantzean asko gustatuko litzaidake pelikulak egiten jarraitzea, musika narrazio elementu bezala erabiltzea baita gehien gustatzen zaidana.