Erika Olaizola: "Frankismoaren auzi sinbolikoa da 'Francoren bilobari gutuna' obra"

Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 21a, 16:33

Urriaren 31n estreinatuko da 'Francoren bilobari gutuna' antzezlana. Obra horretan lanean ari da Olaizola, Euskal Herriko hiru antzerki konpainiarekin elkarlanean. Horrez gain, 'Z U L O' laburmetraiari "zukua ateratzeko prest" dago, Amancay Gaztañagarekin batera.

Geldirik egon ezin duen horietakoa da Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) aktorea. Egun, Francoren bilobari gutuna antzezlana prestatzen dabil, Artedrama (Bizkaia), Le Petit Theatre de Pain (Lapurdi) eta Dejabu Panpin Laborategia (Gipuzkoa) antzerki konpainiekin batera. Bestalde, orain arte esku artean izan duen Z U L O laburmetraiari azken ukituak ematen ari da Amancay Gaztañagarekin elkarlanean. Nola jaso zenuen Francoren bilobari gutuna antzezlanean parte hartzeko deia? Oso pozik, izugarria izan zen niretzat. Hiru konpainiak elkarlanean aritzen diren hirugarren aldia da hau. Aurrez Errautsak eta Hamlet antzezlanak egin zituzten eta horietan parte hartu zuten aktore asko ezagutzen nituen lehendik. Aulestiko antzerki topaketetan izan naiz lau urtez eta han elkartu izan gara, batzuk irakasle lanetan eta besteak ikasle lanetan ari ginen bitartean. Egun batean antzezlanaren zuzendariaren deia jaso zuen, eta ezin halako eskaintza bati uko egin. Zein da obraren ideia nagusia? Ospitale batean kokatzen da istorioa. Pertsonaia guztiek iraganeko mamuak ezkutatzen dituzte, guztiek dute iraganeko motxilaren pisua gainean. Pertsonaien gainean dagoen laino beltza da frankismoa, hori da ospitalean arnasten dena. Nazismoak, frankismoak ez bezala, historian zehar izan du auzi bat gizarte mailan. Obra hau, frankismoari egiten zaion auzi sinbolikoa da. Elkarrizketa osoa, Uztarria.eus-en.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide