Josu Albero: "Interneten ez dagoen hizkuntzak ez dauka etorkizunik"

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko mai. 17a, 12:20

Duela gutxi sortu dute Euskal Wikilarien Elkartea, eta bertako kide da Josu Albero. Euskarazko artikuluak sortzea eta haien kontsultak bultzatzea du xede elkarte horrek.

(E. Albizu Lizaso) Euskarazko entziklopediarik handiena da Wikipedia, ia 250.000 artikulu biltzen ditu sarean. Josu Albero (Bartzelona, 1957) Euskal Wikilarien Elkarteko kidea da, eta ehundaka testu argitaratu ditu azken hamar urteetan. Azpeitian bizi da, gaur egun, Albero. Zer arlotako artikuluak idazten dituzu? 2006an hasi nintzen, eta segituan ikusi nuen hutsune handia zegoela biologiaren esparruan. Nire ezagupena arlo horretakoa denez, argi ikusi nuen gai hori landu behar nuela. Beraz, nire artikuluen %90 biologiaren ingurukoak dira. Mikrobiologia da gehien gustatzen zaidana; bakterioen mundua, genetika, biokimika eta abar. Gai batzuk besteak baino presentzia gehiago dute euskarazko Wikipedian? Bai. Euskal Herriarekin eta bere kulturarekin lotutako gaiak dira nabarmenenak: bertsolaritzak, euskal historiak, literaturak edo udalerrien orrialdeek dute pisu gehien. Medikuntzan, esate baterako, gauza asko falta dira, baita kimikan eta fisikan ere. Gehien bat zientzia arloan daude hutsuneak. Nola sortu zitzaizun Wikipedian idazten hasteko harra? Kasualitatez aurkitu nuen Interneten Wikipediako orrialde bat euskaraz, eta saltseatzen hasi nintzen. Ikusi nuen gauza gutxi zegoela idatzita nire arlo akademikoan, eta apurka-apurka hasi nintzen. Gaur egun, 700 artikulu inguru ditut idatzita atarian. Elkarte bat sortu duzue. Bai, Euskal Wikilarien Kultur Elkartea. Wikipediako lana oso lan bakartia da, etxetik egin beharrekoa, eta editoreek ez genuen elkar ezagutzen. Hori dela-eta, dozena bat wikilarik bileratxo bat egin genuen, eta elkartea sortzea bururatu zitzaigun. Hiru helburu ditugu: gure arteko harremana indartu, Wikipedia sustatu eta erakunde publikoekin harremanak landu. Edonor izan daiteke elkarte horretako kide? Gu prest gaude elkartea zabaltzeko, hori ere bada helburuetako bat. 30 dira euskarazko Wikilari aktiboak, eta haietatik hamabi gaude elkartean. Euskarazko Wikipedian bada Txokoa izena duen gune bat, bertan utz dezakete mezua erabiltzaileek. Aprobetxatu nahiko nuke herritarrak animatzeko gurekin kolaboratzera: idazten, testuak zuzentzen, ideiak sortzen eta abar. Euskal komunitateak Wikipedian badu indarra? Bai, eta agerikoa da. 250.000 artikulura iritsiko gara laster. Une honetan, 300 hizkuntza inguru daude ordezkatuta Wikipedian, eta euskara 33. lekuan dago. Estatua duten zenbait hizkuntzen aurretik dago gurea; esate baterako, danierak eta grezierak baino eduki gehiago ditu. Danierak 6 milioi inguru hiztun ditu; eta grezierak, 15 milioi inguru. Guk, berriz, 800.000 bueltan. Hizkuntza gutxitua izateko, beti erakutsi izan du euskarak hiztun aktiboak dituela, ezta? Kultura, literatura edo musika adibide dira. Hala da. Hiztun kopuruari begiratuta, batez beste dagokiona baino artikulu gehiago ditu Wikipedian. Euskararen garapenerako garrantzitsua da Wikipedian leku pisutsua izatea? Funtsezkoa da. 6.000 hizkuntza inguru hitz egiten dira munduan, eta horietatik %5 besterik ez dago Interneten. Horiek izango dira bizirik iraungo dutenak; izan ere, Interneten ez dagoen hizkuntzak ez dauka etorkizunik. Zorionez, %5 horretan dago euskara, eta haren osasun digitala ona da. Hain zuzen, Calvet barometroan 50. lekua du euskarak. Munduko hizkuntzen osasuna neurtzen duen barometroa da, eta 500.000 hiztunetik gorako 600 hizkuntza inguru hartzen ditu kontuan. Osasun hori neurtzeko, hainbat irizpide erabiltzen dituzte, esate baterako, hiztun kopurua, presentzia, ofizialtasuna eta abar. Irizpide horietako bat da, baita ere, Wikipedian zenbat artikulu dituen hizkuntzak. Pisu handia du Wikipediak gizartean? Handia. Munduko bosgarren webgune bisitatuena da. Euskarazko Wikipediak ere oso datu onak ditu: 65.000 sarrera ditu egunean. Alderaketa bat egiteko, ingelesezko Wikipediak 145.000.000 kontsulta ditu; eta galesak, 15.000. Beraz, euskarazko Wikipedia ez da erreferente sormenari dagokionez soilik, baita erabilerari dagokionez ere. Zuen elkarteak nahi dio erabilerari ere bultzada eman? Bai. Batetik dago sorkuntza eta sorkuntzaren kalitatea; baina, bestetik, erabilera. Horiexek dira gure jomugak. Nahi dugu herritarrek kontsultak euskaraz egitea, eskoletan erabiltzea eta abar: normalizatzea. Nor arduratzen da edukien zuzentasun eta kalitateaz? Hamar administratzaile daudeeuskarazko Wikipedian. Gehien bat, nahita jarritako informazio faltsua edo zentzugabekeriak ezabatzeaz arduratzen dira horiek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide