Iñigo Aranbarri (idazlea): "Injustizia sozial baten aurrean harrotu ziren matxinoak"

Ana Abarisketa 2016ko api. 15a, 10:54

"Historiaren zabortegian" arakatu du Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, 1963) 'Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna' bere azken saiakera liburuan. 1766ko matxinadara itzuli da.

Iñigo Aranbarrik bere azken saiakera liburua: 'Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna'. (Ana Abarisketa) Ondo daki Iñigo Aranbarrik zer gertatu zen 1766ko udaberrian Azkoitia eta Azpeitia inguruetan izan zen altxamenduan. Kaleratu berri duen saiakeraz galdetu dio Hitzak bere jaioterrian, matxinada haien 250. urtemugan. Apirila eleberria argitaratu zenuen 2014an. Beste behin, 1766ko matxinadei eutsiz,  Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna plazaratu duzu orain. Zer aurkituko du irakurleak saiakera liburuan? Apirila nobelatik kanpo gelditu zen materiala nuen, Tolosako artxiboan topatutakoa. Komenigarria zen material hori eskuragarri jartzea, batez ere, ezezaguna zelako, eta blog batean sartu nuen informazio guzti hori [https://apirila1766.wordpress.com]. Beste adar nagusia da antzerki obra. Orain, eukaraz ere atera dute: Mozkorra barregarri. Oso mingarria egin zait antzerki hori berriro ikustea, gaur egun jakinda zer kontatzen duen. Horregatik pentsatu nuen antzerki esklabista bat ez genukeela egin beharko. Ez dugu nahiko sentsibilitate izan ikusteko oinarrian jende xeheari barre egitean oinarritzen dela obra. Bi gertaerak historian bat datoz, urte eta erdiko aldea dute, eta kasualitateak ikaragarriak dira. Antzezlanean, askotan, gerora matxinadan gertatuko dena agertzen da, matxinoei ezarritako kondenak, esaterako. Beraz, nahikoa material bazela ikusi nuen saiakera akademiko eta libre bat egiteko. 1766ko apirilaren 14 hartan Azkoiti-Azpeitiko kaleak hartu zituzten herritarrek. Beldurra galdu zuten? Europa guztian gertatutako zerbait izan zen. Espainian ezagunena izan zen, beharbada, Motin de Esquilache. Azkoitia-Azpeitian maila sozialean izan den gertaera inportanteena da matxinada, ziur aski. Beraz, gariaren edo gosearen matxinadak aztertzen direnean, erreferentea da hemengoa, aztertzen den zerbait da. Beldurrari dagokionez, Carlos III.ak ezarritako legearen ondoren, izugarri espekulatu zen gariarekin. Ondorioz, jende xeheak ezin zuen ordaindu anega bat gari hilabeteko soldatarekin. Orduko familiak ikusita, jendea gosearen beldurrez atera zen kalera, hori garbi ikusten da. Saiakeran gizon-emakume horietako batzuk zerrendatzen dituzu. Atentzioa ematen du adinak: 50 eta 60 urteren bueltan daude matxinoetako asko. Presoen zerrendak kontsultatzeko modua izan dut. Zerrenda horietan agertzen da, gehienetan behintzat, egoera zibila, lanbidea eta adina. Eta konturatzen zara asko adinduak zirela. Doctor Caminok aipatzen du 2.000 lagun izan zirela, gutxi goraberera. Kontuan izanda garai hartan 3.000-4.000 lagun bizi zirela Azkoitian, eta, beste horrenbeste, Azpeitian, ikaragarria da. Familiaren ardura zuen jende asko dago zerrendetan. Zer dakigu aurrekariez? Garai hartako Azkoitiko Errebaleko etxe bat aipatzen da. Aurretik, batek deklaratzen du bere arrebari entzun ziola Karnabaletan zerbait egingo zela, gero atzeratu egin bazen ere. Garbi dago ez zela momentuko zerbait izan. Diputazioak ondo zekien kontrolatu beharra zegoela herrira bidaltzen zen garia, edozein momentutan salto egin zezaketelako. Eta halako batean, matxinada lehertu zen. Matxinoek ba al zuten Europako altxamenduen berririk? Ziur aski, zerbait jakingo zuten. Azkoitiko erretoreak, Carlos Olascoagak, bezperan eskatu zien batzuei ez espekulatzeko gariarekin, eta, besteei, ez uzteko inori garirik ateratzen herritik. Gaur egun gertatzen den bezalaxe, nolabaiteko protekzionismoa zegoen oinarrizko produktuen gainean. Produktuak merkatu librera ateratzen direnean prezioek gora egiten duten bezala. Zein izan zen Elizaren jarrera? Aipatu bezala, Azkoitiko erretorea prezioak jaistearen alde zegoen. Loiolako jesuitak matxinadaren alde egon ziren edo matxinoak defendatzearen alde, behintzat. Agintarien artean eskumen arazoak sortu ziren, matxinoak nork epaitu ez zirelako ados jartzen. Izan ere, hiru justizia sistema zeuden orduan: korrejidoreena, hau da, Gaztelako legea; Diputazioarena, Foru legea; eta Elizarena. Jesuitek esaten zuten Loiolan lanean ari ziren matxinoak ezin zirela atxilotu, hura leku sakratua zelako. Jesuitek ez zuten nahi han atxilotutako jendea epaitzerik. Beraien sistema juridikoa erabili nahi zuten. Urteetan eztabaida luzeak izan zituzten. Liburuaren azalera eraman dituzu Loiolako Santutegia eta matxinoak. Zergatik? Loiola oso inportatea izan da arlo askotan, matxinadako partaide asko Loiolan ari baitziren lanean orduan. Azaleko matxino horien irudia XIX. mendekoa da, eta Alemaniako Silesian gertatutako altxamendua irudikatzen du. Käthe Kollwitz da egilea. Emakume horren obrak ezagunak dira. Horietako bat Berlingo Unibertsitate ondoan dago —Unter den Linden bulebarrean—, kupula moduko bat da eta Pietà deitzen diote han ere. Hutsune handi bat du, erdian brontzezko emakume bat dago, bere semearekin. Nahiz eta Kollwitzen irudia beste garai batekoa izan, bi irudiak ondo batzen dira. Jauntxo horien etxeak aski ezagunak dira gaur egun. Azkoitiko Intsausti jauregia eta Altzibar etxea eta Azpeitiko Enparan dorretxea eta Basazabal ditugu horren adibide. Bi herrietako ondare historikoak dira egun. Merezi du ondare hori zaintzea. Gure historiaren alderdi hori gordetzea eta ateratzea merezi du. Dezenteko desinformazioa egon da gaiaren inguruan. Matxinada hasi baino bi urte lehenago estreinatu zen El borracho burlado. Hango protagonistari, Txanton Garroteri, eskaini dizkiozu saiakerako lehen hitzak. Haren irudia gainetik kendu ezinda al zabiltza? Tranpa literario bat egin nuen. Izenburuan Txanton Garrote azaltzea intentzio txarrez eginda dago. Txanton deitzen da, eta Garrote da bere abizena. Matxinoak garroteekin armatuta agertzen dira. Askotan, izenetik bertatik hasita gutxiesten dira pertsonaiak. Nire kasuan, ikuspegi propio bat emateko jaisten da eszenategitik Garrote. Azken batean, Txanton Garrote eta bere lagunak ibili ziren matxinadan. Bestalde, 1766 ez da atzo, baina beharbada herenegun da. Era berean, badago elementu bat gaur egun jendearengan sinpatia sortzen duena oraindik orain; injustizia soziala da hori. Lehen gertatzen zen, eta gaur egun ere gertatzen da. Horri kasta deitzen diote politikari batzuek orain. Matxinoek prezioak jaistea eskatu zuten hasieran, baina gero beste eskaera batzuk zituzten: pentsonako boto bat edo, behintzat, familiako boto bat izatea nahi zuten, aurretik izan bezalaxe; lursail handiak banatzea ere eskatzen zuten. Klase kontzientzia hartu zuten, beraz? Garbi ikusten da klase kontzientzia existitzen zela, hau da, injustizia baten aurrean harrotu egin ziren matxinoak. Antzematen da bazela beste ezinegon bat, beste sumintasun bat ageri zen. Gero, eranbat moztu zen sentimendu hori. Gogor ordaindu zuten matxinoek, gainera. Kontuan izan behar da ez zela zauriturik izan matxinadan, baina Azkoitiko eta Azpeitiko buruek heriotz zigorrak eskatu zituzten. Kontua ez zen matxinadak beraien poltsikoan eragindako gastua, baizik eta ohorea. Bada kontzeptu bat Platonek eta Aristotelesek erabiltzen dutena. Timokrazia da hori. Bi adar nagusi ditu timokraziak: bata elitearen agintea da, eta, bestea, ohorea zaintzearen kontua. Jauntxoentzat beraien ohoreari egindako irain bat izan zen matxinada. 250 urte igaro dira ordutik. Egingo al zaie omenaldirik gizon-emakume haiei? Ez jakin. Azpeitian ari dira zerbaitetan, baina gauza handirik ez dakit.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide