Pasaiako segadaren auzia ez artxibatzea eskatzeko helegitea jarri du Azpeitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2016ko ots. 24a, 11:07

Azpeitiko Udalak 2001etik parte hartzen du Pasaiako segadaren auzi judizialean, 1984ko martxoaren 22an hildakoetako bi, Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo, azpeitiarrak baitziren.

Azpeitiko Udala akusazio partikularra da Pasaiako segadaren auzian, eta auzi judizialean udalaren abokatu Miguel Castellsek auzia ez artxibatzea eskatzeko helegitea aurkeztu zuen joan den otsailaren 16an, Donostiako 2. Instrukzio Epaitegian. Izan ere, Azpeitiko Udalak 2001etik parte hartzen du Pasaiako segadaren auzi judizialean, 1984ko martxoaren 22an hildakoetako bi, Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo, azpeitiarrak baitziren.

Udalak auzia ez artxibatzeko eskaera egin du, "gertaerak argitzeko azken urteotan eskatu diren froga diligentziak gauzatu beharra dagoela" uste duelako. "Gertaturikoa jakitea" oinarrizko eskubidea dela adierazi du Udalak, eta, bide horretan, "bi hildako azpeitiarrei gertaturikoa jakiteko eskubidea dagoela defendatzen du helegiteak ere", esan du.

Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak Pasaiako segadaren auzia artxibatu zuen duela aste batzuk, “deliturik ez duelako frogatu". Joan den otsailaren 3an jakinarazi zieten erabakia segadan hildakoen familiakoei. Pasaiako segadaren auziko  abokatu Santiago Gonzalezek Hitzari jakinarazi zioenez, erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuten.

1984ko martxoaren 22an jazo zen segada. Espainiako Poliziak egindako operazioan Komando Autonomo Antikapitalistetako lau lagun hil ziren: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, Rafael Delas iruindarra eta Jose Maria Isidro Izura txantrearra. Ikerketa hasi eta urte gutxira, 1986an, artxibatu zuten auzia lehenengoz. Gonzalezek dioenez, ez zen artxibatze “formala” izan, “Merinori ez baitzioten deklaraziorik hartu”. Hori dela eta, 2000. urtean, kasua berriz zabaltzeko eskatu, eta auziarekin jarraitzea lortu zuten. Dena den, ordutik epaitegiak “trabak” jarri izana salatu dute. Egia, justizia eta oroitzapena taldeak sinadura bilketa abiatu du, Pasaiako segadan gertatutakoa argitzea eta kasua ez artxibatzea eskatzeko. Change.org webgunean ari dira sinadurak jasotzen, eta dagoeneko 1.500tik gora lortu dituzte. Gonzalez abokatuak dioenez, sinadurek balio judizialik ez badute ere, “balio soziala eta politikoa” dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide