Azpeitiko Udalak "hitzartutakoa betetzeko" eskatu dio aldundiari, Urrestillarako bidegorriko obrak direla-eta

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko urt. 13a, 07:00

Gipuzkoako Aldundiak ez ditu Azpeititik urrestilla arteko bidegorria egiteko lana 2016ko aurrekontuan sartu, eta ez du zehaztu partida gehigarri bat erabiliko ote duten 2016an edo 2017ko aurrekontuetarako utziko duten proiektua. Azpeitiko alkateak esan du "ulergaitza" dela erabakia.

(E. Albizu Lizaso) Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egiteko diru-partida ez du sartu Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016ko aurrekontuetan, erakundeko Bide eta Azpiegitura sailak Urola Kostako Hitzari jakinarazi dionez. Joan den agintaldiko foru gobernuak eta Azpeitiko Udalak adostu zuten obrak bi erakundeen artean egitea —partidaren %25 jarri behar zuen udalak, eta gainontzekoa, aldundiak—. Beraz, 2015eko abenduan ziren bidegorriaren lanekin hastekoak. Hitzarmena sinatu zuten bi erakundeek iazko maiatzean, Azpeitiko ohiko udalbatzan lankidetza proposamena aho batez onartu ostean. Ondoren, ibilbidea zehaztu zuen aldundiak. Aurrekontua, denera, 1.107.953 eurokoa da. Bi erakundeen arteko hitzarmenaren arabera, hortik, 830.964,75 euro ordaintzea dagozkio aldundiari; eta 276.988,25 euro, berriz, udalari. Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planeko 5. ibilbidearen barruan dago, hain zuzen, proiektua. Azpeitiko Udalak 2015eko aurrekontuetan sartu zuen ordaindu beharreko diruaren lehen zatia; aldundiak, ordea, ez. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzera bota zituzten EH Bilduren foru gobernuak proposatutako aurrekontuak. 2016ko aurrekontuak, berriz, abenduaren 23an onartu zituzten Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EAJ eta PSE-EEren aldeko bozekin, eta erabaki dute oraingoz ez dutela finantzatuko bidegorriaren obra. Aldundiak azaldu duenez, beraien helburua bidegorria "ahalik eta azkarren" egitea da. Halere, haien arabera, ez dute aukera izan 2016ko aurrekontuetan sartzeko, "beste lehentasun batzuk" tarteko. Oraindik ez dakite horretarako partida gehigarria jarriko duten aurten edo 2017 aurrekontuetarako utziko duten.

Eztabaida piztu zen

Abenduaren 17an Gipuzkoako Foru Aldundiak Uztarria.eus-i esan zion bidegorriaren proiektua aurreikusita zegoela 2016ko aurrekontuetan. Dena den, adierazi zuten hilaren 23ko bozkaketaren zain egon behar zutela proiektua onartzen zen jakiteko. Horren aurrean, Azpeitiko Udalak esan zuen aldundiarekin egon zela "proiektua egitea bermatzeko", eta herrialdeko erakundeak jakinarazi ziola egitasmo hori ez dela "lehentasuna" beraientzat.

"Ez da serioa"

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan du erabakia "ulergaitza" dela. "Hitzarmena paperean sinatuta eta argitaratuta dago, gauzak idatziz daudenean konpromisoa bete behar da; horregatik, ezin da ulertu erabaki hori". Nabarmendu du erakundeak egin duena ez dela "serioa". Etxeberriaren arabera, orain urrestildarrei tokatuko zaie "erabakiaren ondorioak jasatea": "Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat ez al dira lehentasun Urrestillako biztanleak?". Alkateak "hitzartutakoa betetzea" eskatu du; "are gehiago, bidegorriarena aho batez onartutako erabakia izan denean". Haren hitzetan, orain "ezinezkoa" zaie aurrekontuaren %25 bidegorria egiteko erabiltzea, gainontzekoa falta bada. Hala ere, Etxeberriak esan du beraiek ildo beretik jarraituko dutela lanean: "Landetatik Atxubiagako biribilgunera artean egingo dugu bidegorria". Haren arabera, 2016ko aurrekontuetan aurreikusi dute obra hori.

Auzokoen eskaria

Bidegorriaren proiektua bere horretan uzteko arriskua ikusi zutenean, urrestildarrek sinadura bilketa egin zuten. Abenduaren bukaeran irten ziren kalera, aldundiari proiektuaren "lehentasuna eta garrantzia" zalantzan ez jartzeko eskatuz. Bi egunetan 900 sinadura bildu zituzten Urrestillan bertan eta Azpeitian. Sinadurak biltzerakoan, urrestildarrek nabarmendu zuten "onargaitza" iruditzen zitzaiela Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egitasmo bat "bertan behera gelditzeko aukera". Azpeitia eta Urrestillaren arteko lotura "ezinbestekoa" dela uste dute Urrestillakoek. Izan ere, hainbat zerbitzu publikora sarbidea izateko beharrezkoa dute Azpeitira joatea. Horrez gain, bi herrietako industrialde sendoenak lotuta geldituko liratekeela azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide