Alternatiboa eta klasikoa, etxean

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko aza. 18a, 11:31

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketei bukaera emateko, bi antzezlan alternatibo eta zarzuela bat izango dira ikusgai bihartik aurrera. Bihar eta etzi Gaztetxean; larunbatean, Soreasun.

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen azken asteburua iristear da, eta bukaera ona emateko, antzezlan alternatiboa eta klasikoa izango dute herritar zein bisitariek aukeran. Bihar bertan hasiko da Azpeitian asteburua, eta larunbatean itxiko dute zikloa, Mozkorra parregarri euskarazko zarzuelarekin. 1764an sortu zuen obra Xabier Maria Munibe Peñafloridako Kondeak. Azkoitian sortua zen kondea, eta haren eskutik iritsi zen historiako lehen euskarazko opera. Bergaran bertan estreinatu zuten lana, duela 251 urte. Bergarako musikari eta abeslari talde batek hartu, eta eguneratu zuen 250. urteurrenerako. Dagoeneko Azkoitian, Elorrion eta Donostian ere aurkeztu dute. Larunbatean izango da Azpeitiko txanda. «Opera komiko gisa sailkatu duten arren, guk zarzuela bat dela esaten dugu», azaldu du Valen Moñux antzezlaneko aktore eta zuzendari eszenikoak. Izan ere, elkarrizketak «garrantzitsuak» dira obra horretan, eta operan ez da oso ohikoa solasaldiek protagonismoa hartzea.

Umorea, guztientzat

Mozkorra parregarri «guztientzat moduko antzelana» dela azaldu du Moñuxek. «Erraza» da jarraitzeko musika aldetik, baita istorioaren alderditik ere. Hori dela-eta gomendatu die obra adin guztietako herritarrei: «Esperientzia ona izan dugu. Izan ere, musika oso herrikoia du, entzuteko atsegina; istorioa ere denentzat egina da». Bestalde, modatik pasatzen ez den umoreaz baliatuko dira. Hori nabarmendu du aktoreak: «Duela 250 urteko lana izan arren, ikusi dugu garai haietako umorea baliagarria dela gaur egun ere; horrek harrituta utzi gaitu». Izan ere, mozkor baten gorabeherak kontatuko dizkiete, musikak lagunduta, ikus-entzuleei. «Izenak berak dioen bezala, mozkorraren ibilerak izango dituzte hizpide. Obraren lehen zatian, zapata denda batean, leku eta jende xumearekin; bigarrenean, berriz, jauregi batean, zaldunen bizimoduaren testigu. 25 lagunek parte hartuko dute zarzuelan. Halere, koordinazio lanetan baino, eszenatokia eta arropak prestatzen igaro dute denbora gehien: «Ahalik eta istorio errealena izatea nahi dugu, benetan 1764ra salto egitea», adierazi du Moñuxek. Hori dela-eta, denbora, mimoa eta aurrekontua eskaini diote oholtzari eta aktoreen itxurari. Taldea Soreasura iristeko «gogotsu» dagoela jakinarazi du: «Guretzat luxua da han izatea. Ikusle bezala izana naiz, baina orain artean ez dugu izan bertan antzezteko aukera», adierazi du.

Bi egunez Gaztetxean

Tokiz aldatuko dituzte bi egunez Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak. Bihar eta etzi, antzerki alternatiboaren ziklo berezia eskainiko dute Gaztetxean. Zer duzu Amy antzezlana egingo dute bihar, 21:30etik aurrera. Amy Winehousen ahots eta izaerarekin txoratuta dagoen neska baten istorioa kontatuko dute, eta artista hil ostean hark hartzen duen bidea izango da obraren mamia. Oh My God! taldearen lana da, Eguzki Zubia eta Natxo Gomez zuzendari lanetan dituztela. Leire Ucha da istorioaren idazlea, baita aktorea ere. Horrez gain, etzi, Amodioaren ziega oholtzaratuko dute Azpeitiko Gaztetxean. Xabier Mendiguren da zuzendaria, eta Lauka teatroak ekoitzitako obra da. Nazaret Froufe, Urki Muguruza, Joana Ocaña eta Eneko Sagardoy dira laneko antzezleak. Haiek azalduko dute zer oztopo dituen bikote batek maitasunari eusteko, bietako bat kartzelan den bitartean. Antzerkia Gaztetxean izango den bi egunetan jantoki begetarianoa jartzea aurreikusita bazuten ere, azkenean ezin izango dute zerbitzu hori eskaini.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide