Willy Toledo, boterea eta kulturaren harremanaz

E. Albizu Lizaso 2015ko mai. 5a, 00:00

Historias de Lavapies filma aurkeztu zuen larunbatean Willy Toledo aktoreak Azpeitiko Soreasu antzokian. 185 lagun bildu ziren zinema aretoan, eta pelikula amaitzean, antzezlearekin hitz egiteko aukera izan zuten herritarrek. Toledok aho bizarrik gabe ...

Historias de Lavapies filma aurkeztu zuen larunbatean Willy Toledo aktoreak Azpeitiko Soreasu antzokian. 185 lagun bildu ziren zinema aretoan, eta pelikula amaitzean, antzezlearekin hitz egiteko aukera izan zuten herritarrek. Toledok aho bizarrik gabe azaldu zuen zein den Espainiako zinemaren egoera: «Espainian zinema egitea zaila bada, eduki sozialak dituen zinema egitea are zailagoa da. Gero hori zabaltzea, aretoetan aurkeztea, ia ezinezkoa da». Historias de Lavapies, adibidez, Madrilgo bi antzezleku xumetan eta Granadan soilik aurkeztu dute, gainontzeko lekuetan ez dutelako baimenik lortu.

Zabalkundea ez da arazo bakarra; izan ere, finantzazioa lortzea ere oso zaila dela azaldu zuen filmeko protagonistak. Haren hitzetan, Tele5, Antena3 eta TVE atzetik ez badituzu, «ia ezinezkoa» da zinema egitea. Historias de Lavapies lanaren kasuan, aurrekontu murritza izan dute, eta pare bat pertsonek beraien poltsikotik jarri dute dirua; aktoreek, berriz, ez dute xoxik jaso.

Sistemaren arazoa

Bere ustez sistema kapitalistaren bideak eta eredu eskuindarrak «kulturaren gainbehera» ekarri dute. «Botereak beti argi izan du kultura dela bere etsai nagusietakoa; egungo gobernuak ere erakutsi du hori». Argi dauka esku-hartze handia duela gobernuak herritarren ikuspegian: «Beti esaten dute telebistan zaborra programatzen dutela herritarrek zaborra kontsumitu nahi dutelako, hura dutelako gustuko. Herritarrek zaborra nahi dute kontsumitu, benetan? 30 urtez pelikula onak jarriko bagenizkieke, zer gustatuko litzaieke?». Hausnartzeko puntuak utzi zizkien azpeitiarrei.

Eskuinak herri «isila, lerdoa eta sumisoa» nahi duela nabarmendu zuen, baina ardura herritarrengan ere jarri zuen. Zinemagintzan ere oinarrizkoa iruditzen zaio sistemari kritika egitea, egunean eguneko arazoak islatzeko. Militantziaren ondorioez ere galdetu zioten, eta argi erantzun zuen: «Militantzia politikoak denei eragiten die. Konbentzitzeko gaitasuna eta jendea mugitzekoa baduzu, ez zaituzte nahi». Kronika osoa, HITZAren atarian dago ikusgai: urolakosta.hitza.eus.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide