"Egungo egoera kontuan hartuta" erabaki dituzte udal zergak eta tasak Azpeitian

Nerea Uranga 2013ko urr. 18a, 04:00

2014ko udal zerga, tasa eta prezio publikoak erabaki eta onartu ditu Azpeitiko Udalak, «herriaren egoera ekonomikoa kontuan hartuta, ekonomia suspertu eta ingurumenaren alde eginez, eta zerbitzu publikoak bermatze aldera». Herenegun osoko bilkuran aho batez onartu zituzten EH Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek. Ondasun Higiezinen Zerga, Kirol Patronatuko prezioak eta zaborraren tasa ez dira igoko, eta gainontzekoak KPIren %1,5 adina. Eneko Etxeberria (EH Bildu)  Azpeitiko alkateak azaldu duenez, «zerga, tasa eta prezio publikoak ez dira bakarrik dirua biltzeko tresna, politika ekonomiko aurrerakoiak, herritarren bizi baldintzak eta justizia sozialean sakontzeko tresnak ere badira. Horregatik garrantzitsua da ekitatea, progresibitatea eta birbanaketaren alde egitea. Gehien duenak gehiago ordaintzea, gutxien duenaren mesedetan». Udalaren arduradunek udaleko zerbitzuen kosteak betetzeko ardura dutela ere esan du alkateak. «Publikoaren alde egiten dugu, baina publikoak efizientea izan behar du». Herriaren egoera ekonomiko gordina kontuan hartuta, zergen eta tasen arloan, «salbuespen gisa esfortzu berezia» egin dela ere esan du. Datorren urterako udal zerga agintarauak hiru ardatz kontuan hartuta erabaki dituzte: ekonomia suspertzeko neurri guztiak mantendu eta ingurumenaren alde eginez; krisiak herritarrengan duen eraginagatik neurri egokiak hartzen ahaleginduz; eta, zerbitzu publikoen kostua arduraz kudeatzeko, zerbitzuei dagozkien tasak jarriz. Hiru irizpide horiek direla tarteko, udal tasa eta zerga gehienak abuztutik abuztura arteko KPIren %1,5 adina igoko dira. Baina Ondasun Higiezinen Zerga, Udal Kirol Patronatuko zerbitzuen prezioak eta zaborraren tasa ez dituzte igoko. Uraren tasaren eskumena Ur Kontsortzioak du. Igoerarik ezarri ez denetan jasotzen ez den diruak, ez du udal kontuetan eraginik eizango. «Beste eremuetan hartzen diren neurriekin konpentsatuko da». Hobariak eta laguntzak Hainbat hobari eta laguntza aurreikusi du udalak tasei aurre egin ezin dienentzat: «Langabetuentzat, famili ugarientzat, Kirol Patronaturako edota Euskara Patronaturako Gizarte Zerbitzuetatik hobariak eta laguntzak bideratuko dira». Familia ugarien kasuan, laguntza sistema aldatuko dute, «kuota sistematik errenta errealaren sistemara pasatuz, justuago delako». Ingurumenarekin lotuta,  auto elektrikoek edota hibridoek zirkulazio zergan %50eko hobaria izango dute, eta autokonposta egiten dutenek zaborraren tasan %25ekoa. Ekonomia sustatzeko, negozioak ireki edo berritzen dituztenek hobaria izango dute, eta industria ibilgailuek ez dute igoerarik izango. Industria hobariak ere banaka aztertuko dituzte. Iruzur fiskalaren aurka ahalegin berezia egitea ere erabaki du udalak, «akatsak edo fede txarreko jarrerak tarteko, higiezinaren zerga ordaintzen ez dutenak kontrolatzeko». Neurri berriak ere hartu dituzte udal zerga agintarauetan: hala nola, espazio publikoa hartzen duten kutxazainengatik ordaindu egin beharko da, auzoetan salbuetsita; lur salmenta plusbalia ordaindu egin beharko da; milioi bat eurotik gora fakturatzen duten enpresa handiek 2,10eko kuota orokorra ordaindu beharko dute; eta, ibilgailuen zergan zilindrada oinarrizkoa dutenei KPI igoko zaie, baina hortik gorakoei %5, %7,5 eta %10 artean igoko zaie zerga. EAJko Aitor Gorrotxategik agintarauak jasotakoarekin ia erabat ados daudela azaldu du plenoan, baina kritiko ere azaldu da. Esaterako, agintarauaren proposamena idatziz bezperan jaso izana salatu du eta horrez gain hainbat zenbakiren eta daturen falta kritikatu du. «Baina, guk ere erantzunkizunez jokatu nahi dugulako eta ia planteamendu guztiekin bat gatozelako alde egingo dugu», esan du. Hamaikabateko Aitor Arangurenek ere agintarauaren alde egin du, «udal zergak eta tasak ez dira zigor bezala azaldu behar, udalaren zerbitzuak bermatzeko direlako eta guri dagokigu hori horrela azaltzea herritarrei».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide