Asteburuan azpeitiarren eskura egon da baratze parkearen inguruko informazioa (Nerea Uranga/Hitza)
Nekazaritza ekologikoan oinarritutako Baratze Parkearen proiektua martxan jartzeko asmoa du Azpeitiko Udalak datorren udaberrirako. Eta ekimenean parte hartu nahi duten herritarren izenak jasotzen hasia da udala. Ekoguneak diruz lagundutako proiektua da.
Olazko komentuaren eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriren arteko lur eremuan jarriko dituzte baratze sailak, eta nekazaritza ekologikoa izango dute oinarri. Bi tamainutako lur sailak jarriko dituzte aukeran: 30 eta 60 metro koadrokoak.
Ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek izena eman dezaten udalak asteburuan zabaldu zuen epea. Eta urriaren 31 bitartean eman ahalko da izena, udaletxeko Hirigintza eta Ingurumen Sailean. 943-15 71 91 telefono zenbakia da bertakoa. Parte hartzeko hilero kuota bat ordaindu beharko dute azpeitiarrek: 30 metro koadroko saila dutenek hilero 3,5 euro, eta 60 metro koadrokoa dutenek, berriz, hilero 7 euro.
Azpeitiar guztiek har dezakete parte egitasmoan, baina lehentasuna langabetuei eta erretiratuei emango die Azpeitiko Udalak, «egungo egoera zaila kontuan hartuta».
Zestoako Iraetan nekazaritza ekologikoan oinarritutako herri baratzeak dituzte joan den ekainetik (Argazkia: Zestoako Udala)
Baratzeren bat hartzen dutenek, gero «derrigorrez» Ekogunea antolatzekoa den nekazaritza eta barazkigintza ekologikoaren inguruko ikastaroan parte hartu beharko dute. Horrez gain, erabiltzaileek baldintza eta betebehar zehatzak izango dituzte; esaterako, ezingo dituzte lurrari kalte eragingo dioten produktu fitosanitariorik edo bestelako ongarririk erabili. Gainera, baratzeetan ekoiztutakoa norberaren edota familiaren kontsumorako izan beharko du soilik; debekatuta egongo da baratzeetan jasotakoa saltzea.
Baratze Parkearen egitasmoak helburu zehatz batzuk bete nahi dituela azaldu dute Azpeitiako Udalak. Hala nola, aisialdi aktiborako topagune bat sustatu; herriarentzat bizitza kalitatea eskainiko duen gune berde berri bat sortu; nekazaritza ekologikoa bultzatu; erabiltzaileengan eta haurrengan bereziki naturarekiko errespetua bultzatu; giza talde desberdinen arteko elkarbizitza eta harremanak bultzatu; eta, Baratze Parkeak dinamizatuko dituen Gipuzkoa osorako Baratze Parke Sarea osatu.