«Ikerketaren emaitzak ikusita, Azpeitian euskarak etorkizuna ziurtatuta daukala esan dezakegu, baina aje txiki batzuk ere badauzka». Azpeitiko gazteen hizkuntza-ohiturak aztertu dituzte, eta emaitzak herenegun aurkeztu zituzten, Udaleko Euskara Patronatuan. «Ajeak sendabidean jartzea komeni zaigu, galera gehiagorik ez egoteko», azaldu du azterketaren emaitzen aurkezpenean Ainhoa Beristain Euskara zinegotziak.
Ikerketa iazko urrian egin zuen Udal Euskara Patronatuak herriko ikastetxeekin elkarlanean. Hainbat esparru kontuan hartuta, batxilergoko bigarren mailako ikasleei euskara zenbat eta nola erabiltzen duten galdetu zieten, eta erantzunak bildu. Hala azaldu du Euskara Patronatuko teknikari Nerea Arexolaleibak. Orotara, Iraurgi Ikastetxeko, Urola Ikastolako eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko 103 gaztek erantzun dute galdetegia.
Gazteek erantzundako galdetegiak lau ardatz nagusi zituen: aldagai sozio-demografikoak (sexua, jatorria...), familiako kideen hizkuntza gaitasuna, esparrukako erabilera (familia, eskola, eskolaz kanpoko jarduerak, lagunartea, teknologia berriak, irakurketa, musika eta telebista) eta hizkuntza-jarrerak. Horrez gainera, erregistroari ere erreparatu diote; hau da, zuka edo hika aritzen diren aurrez aipatutako esparruetan.
Azterketaren helburua Azpeitiko gazteen hizkuntza-ohiturak ezagutzea izan da. Emaitzen arabera, Azpeitiko gazteak euskaldunak dira eta bizimodua batik bat euskaraz egiten dute. Baina nesken artean hitanoaren erabilera galtzen ari dela nabarmendu da.
Euskara maila ona
Galdetegia erantzun duten familiako kide gehienak euskaldunak dira, herrikoak edota eskualdekoak, «denak oso gertukoak». Eta euskara maila bai inkestatuen eta bai haien familiakideen artean «oso ona» da. Ordea, gaztelaniaz hitz egiterakoan eta idazterakoan «zailtasun batzuk dituztela» aitortu dute. Beste hizkuntzekiko maila «asko jaisten» dela ere ondorioztatu dute. Erregistroa kontuan hartuta, generoen artean alde nabarmena dagoela adierazi du Arexolaleibak: «Mutilek hika egiten dute, eta neskek zuka. Hitanoaren galera nabarmena antzematen da emakumeen artean, eta batik bat familian. Nokaren beherakada nabarmentzen da».
Teknologia berrietan, musakelekoetako mezuetan, sare sozialetan eta posta elektronikoan euskara erabiltzen dute gazteek. Eta teknologia berriak gehien erabiltzen dituztenak neskak direla atera dute ondorio. Baina kasu honetan ere mutilek hika erabiltzen dute mezu elektronikoetan eta sare sozialetan, baina neskek zuka.
Gainontzeko komunikabideen kontsumoari dagokionez, gazteen artean %65ek dute egunkaria irakurtzeko ohitura, baina irakurriena (%41ek) erdarazko
El Diario Vasco egunkaria da; euskara hutsezko egunkariak % 24ek irakurtzen dituzte (
Berria eta HITZA). Egunkariak kontsumitzen dituztenetatik %55ek kirol-egunkariak irakurtzen dituzte. Aldizkariak irakurtzeko ohitura %62ek dute, eta irakurriena Uztarria herri aldizkaria da; %18k irakurtzen dute. «Oro har, irakurtzen dituzten aldizkariak prentsa arrosakoak direla adierazi dute gazteek», azaldu dute txostenaren aurkezpenean. Inkestatuetatik%55ek ez dute libururik irakurtzen, eta irakurtzen dutenek euskaraz zein gaztelaniaz antzera samar egiten dute.
Azterketan garbi gelditu da gazteek irakurtzea baino gogokoagoa dutela musika entzutea edota telebista ikustea. Euskarazko programarik ikusiena Goenkale da. Musika, berriz, hizkuntza guztietan berdintsu samar entzuten dute.
Gazteen hizkuntza-jarrerei dagokionean, oro har gazteen lehen hitza euskaraz izaten dela azaldu du Euskara Patronatuko teknikariak. Baina Azpeititik kanpo daudenean gazteen jarrera pixka bat aldatu egiten da eta gaztelaniarako joera gehiago dute. Udaletxeko, anbulatorioko eta kiroldegiko zerbitzuak jasotzerakoan euskara lehenesten dute gazteek. Baina, norbait gaztelaniaz zuzentzen zaienean, gehienek ez diote euskaraz egiteko eskatzen. Halere, gazteek euskararen aldeko jarrera dutela atera dute ondorio.