Datorren urteko Azpeitiko udal tasak eta zergak %2,7 igoko dira; hau da, 2011ko abuztutik aurtengo abuztura arteko KPI adina. Kiroldegiko tasak, baina, %6 igoko dituzte, kiroldegiko zerbitzu askoren BEZ %8tik %21ra igo delako, eta KPIren adinako igoera ezarriz. Hala ere, gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta eta «jarduera ekonomikoak suspertze aldera» orain arteko hainbat hobari mantentzea eta berri batzuk ezartzea erabaki dute udal arduradunek.
Datorren urteko tasak eta zergak herenegun egindako udalbatzarrean erabaki zituzten. Bildukoen eta Hamaikabateko zinegotziaren aldeko botoarekin, eta EAJkoen abstentzioarekin.
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak (Bildu) azaldu duenez, tasak ez dira soilik dirua biltzeko tresnak. «Tasak, politika ekonomiko aurrerakoiak, herritarren bizi baldintzak eta justizia sozialean sakontzeko tresnak ere badira». Zerbitzuak publikoak diren heinean, «ardura ekonomikoarekin kudeatu beharra» nabarmendu du alkateak. «Beti, gure herria hobetzea helburu hartuta».
Hamaikabateko Aitor Arangurenek ere datorren urterako tasak eta zergak KPI adina igotzearen alde bozkatu zuen. «Udalaren zerbitzuak ziurtatzeko KPI igo beharra dago», azaldu du.
EAJko zinegotziak, ordea, tasak eta zergak ez igotzearen alde egin dut. «Igoerarik ez da ezarri behar, Azpeitian Gipuzkoa aldean langabezia asko igo delako. Eta, KPI bakarrik igo arren, egungo egoera ekonomikoan igoera nahiko latza da». Bestetik, igoerarik ez egiteko udal aurrekontuak partidaz partida hartu, eta nondik kendu daitekeen aztertzearen alde egin dute, hala esan du Jesus Larrañaga EAJko zinegotziak.
Datorren urterako udal tasak eta zergak erabakitzeko batzordean hiru aldiz bildu direla azaldu du alkateak. «Guk, tasak eta zergak, denon adostasunarekin erabakitzea nahi genuen. Horretarako beste alderdiei ekarpenak edota proposamenak egiteko eskatu genien. Baina, plenora arte ez dugu jakin datorren urteko tasa eta zergen proposamenaren inguruko EAJkoon iritzia», adieraz du alkateak.
Datorren urteko udal aurrekontuen inguruan berriz, alderdi guztien artean egitea gustatuko litzaiokela azaldu du alkateak, «horrela hobe delako».
Ezin dutenei laguntzak
Aurretik Udalak tasen eta zergen gainean, lehen bezalaxe hainbat hobari eta laguntza ematen segitu egingo du. Hau da, tasei aurre egin ezin duten herritarrei laguntzen segiko du. Hala nola, langabetuei, diruz estu dabiltzanei eta familia ugariak direnei laguntzen segituko du datorren urtean ere, «Bai kirol patronatuan, bai euskara patronatuan eta baita gizarte zerbitzuetan ere», gaineratu du alkateak. Tasei aurre egiteko laguntzak Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik bideratuko dituzte.
Apustua, birziklatzea
Udalak birziklatzearen aldeko apustua eginez, orain arteko hobaria kalkulatu dute, eta autokoposta egiten dutenei datorren urteko zaborraren gaineko zergaren tasan %25eko hobaria ezartzea erabaki dute.
Horrez gain, auto elektrikoak erosten dituztenek autoen zirkulazio zergan %50eko hobaria izango dute 2013an.
Jarduera ekonomikoaren gain
«Bizi dugun egoera larriari aurre egiteko hainbat neurri eta hobari ezarri ditugu ekonomia jardueretan», azaldu du alkateak. Hori kontutan, merkataritzako jarduera berriak ireki edota komertzioetan eraberritzeko lanak egiten dituztenek obra lizentzian erdira jaitsiko zaie ordaindu beharrekoa. Industria ibilgailuei, berriz, zirkulazioko zergan ez zaie igoerarik ezarriko datorren urtean.
Bertako baserritarrei eagiten dien hobari bat ere ezarriko dudatorren urtean Azpeitiko Udalak. Hau da, astearteroko azokan bertako produktuak saltzeko postuak jartzen dutenek %50eko hobaria izango dute.
Horrez gain, industriako jardueren gaineko hobariak «banaka-banaka» aztertuko dituztela azaldu dute udal arduradunek. «Industria berriak sortu eta hobekuntzak egin behar dituztenen kasuak aztertzeko konpromisoa hartu dugu», adierazi du alkateak.
Jarduera Ekonomikoen Gaineko zerga igotzeak enpresa txikietan eta ertainetan eraginik ez duela izango azaldu du alkateak, «kasu horretan, milioi bat eurotik gora fakturatu behar baita».
Hutsik dauden etxebizitzak alokairura ateratzea sustatzeko, neurri berri bat ere hartu du udalak datorren urterako. Hau da, etxe hutsen kasuan Ondasun Higiezinen Gaineko zergan %50eko errekargua ezarriko da. Errekargu hori ordaintzetik salbuetsiko diren hainbat kasu ere zehaztu dituzte kasu honetan.
2013ko tasak
-Orokorrean %2,7ko igoera. Udal zergak eta tasak orokorrean %2,7 igoko dira. Hau da, 2011ko abuztutik aurtengo abuztura arteko KPI hartu dute kontutan.
-Ekonomia egoera suspertzeko salbuespenak:
- Ibilgailuen gaineko zergan, autobus, kamioi, erremolke eta traktoreek ez dute igoerarik izango.
- Ibilgailuen zergan, ibilgailu elektrikoek %50eko hobaria izango dute.
- Komertzio berriak ireki edota komertzioetan berrikuntzak egiten dituztenek obren lizentzien zerga erdia ordaindu beharko dute. Hau da, %5etik %2,5 era jaitsiko zaie.
- Astearteroko azokan bertako produktuekin postua jartzen duten baserritarrek postuagatik erdia ordaindu beharko dute.
-Kiroldegia %6 gora. Orokorrean kiroldegiko zerbitzuak %6 igoko dira. «Igoera, ikastaroetako monitoreen kostua berdindu artekoa da». Irailetik kiroldegiko zerbitzuetako BEZa %8 edo %18tik %21ra igo da.
-Konposta egiteko hobariaz. Edukiontzi marroia erabiltzen dutenei ezartzen zaien %25eko hobaria kendu egingo dute, eta hori bakar-bakarrik autokoposta egiten dutenei ezarriko zaie.
-Etxebizitza hutsei errekargua. Ohiko etxebizitza bezala erabiltzen ez diren etxeei, Ondasun Higiezinen gaineko zergan %50eko errekargua ezarriko zaie. Errekargu hori ez ezartzeko salbuespenak honakoak dira: Etxebizitza horretan jarduera ekonomiko bat izatea; errentan edo alokairuan emateko erakunde publiko baten esku jarrita izatea; edota, bat eginda dauden etxebizitzak.
-Hirilurren zerga %6,5 gora. Hirilurren balio gehitzearen gaineko zergaren tasa datorren urtean %6,5 gehiago ordaindu beharko da.