Jokin Zaitegi itzulpengintza saria bigarrenez irabazi zuen iazko urtarrilean Gema Lopez itzultzaile azkoitiarrak –2023an irabazi zuen aurrenekoa–. Lehiaketa irabazita, Suediako Akademiaren bidez 2024an Nobel saria jaso zuen Han Kang idazle korearraren Barazkijalea euskaratzeko parada egokitu zitzaion azkoitiarrari, eta, hain justu, atzo, asteazkena, aurkeztu zuen eleberria, Elkar argitaletxearen Donostiako egoitzan. Euskaratu den koreerazko lehen liburua da Kang-en Barazkijalea, eta Lopezek Sora Ryu korearraren laguntza izan du nobelaren jatorrizko bertsioarekiko fideltasuna ziurtatzeko.
Imajinatu familiako kide batek, oso gertuko norbaitek, egun batetik bestera erabakitzen duela haragia jateari uztea. Ez begetarianismoagatik, ez osasun arrazoiengatik; baizik eta, besterik gabe, barruan zerbaitek krak egin diolako. Gainera, ez dauka erabaki horretan atzera egiteko inolako asmorik. Bada, horrela hasten da Lopezek itzuli duen Kang-en Barazkijalea. Azkoitiarraren esanetan, eleberria "nazioarteko literatura astindu zuen nobela zirraragarria" da. "Gorputzari, askatasunari eta erotasunari buruzko istorio bat jasotzen du. Nobelako protagonista den Yeonghyek, emakume itxuraz arrunt batek, erabaki hori hartuko du, eta horrek izugarrizko arrakala sortuko du bai bere familian, bai bere inguruaren itxurazko normaltasunean. Hasieran, keinu sinple bat baino ez dirudien hori, pixkanaka isileko matxinada batean bilakatuko da edo indarkeriaren, kontrolaren eta espektatiben kontrako borroka batean", mamitu zuen Lopezek eleberria.
Kang-ek hiru ahotsen bitartez kontatzen du istorioa; "ederra" eta "aztoragarria" da, Lopezen esanetan. "Ezohiko istorioa da, oso berezia, eta inor epel utziko ez duena". Izan ere, ahotsetako bakoitzak istorio bat kontatzen du; egitura hori du eleberriak. Hurrenez hurren, Yeonghyren senarrak, koinatuak eta ahizpak kontatutako istorioak jaso ditu eleberriak, denak ere zein baino zein "harrigarriagoak" eta "liluragarriagoak". Kang-ek eleberrian erabili zuen kontakizunerako ikuspegia "esanguratsua" izan da Lopezen aburuz, protagonistak ez baitu "ahots propiorik". Hori hala, hiru lagun horiek Yeonghyekiko duten epaietatik osatu beharko du irakurleak haren irudia.
Ardatz askoren muina
Liburuak hainbat gai ditu ardatzean: patriarkatuaren egiturak, erotismoaren misterioak, erotasunaren mugak eta gizakiak animaliengandik eta landareengandik bereizten edota haiengana batzen dituzten bizierak. Lopezen hitzetan, baina, "gorputzaren kontrolari buruzko liburu bat" da Barazkijalea eleberria. "Oso modu gordinean erakusten digu gizarteak nolako indarkeriaz tratatzen eta patologizatzen dituen arauetatik ateratzen diren horiek".
Azkoitiarrak, ordea, "eromena" hitzarekin lotu nahi izan zuen Kang-en lana. "Protagonista buru osasuneko arazoak dituen pertsonatzat dute. Baina eleberriak galdera deseroso bat planteatzen du: zein da benetan eroa, haragia eta indarkeria oro baztertu nahi duen emakume hori, edo indarkeria hori normalizatzen duen gizartea?". Nolanahi ere, protagonistaren bakardadea ere "agerikoa" da eleberrian: "Zenbat eta gehiago urrundu arauetatik, orduan eta gehiago bakartuko dute protagonista".
2024an jaso zuen Han Kang idazle korearrak Literaturako Nobel Saria, eta itzultzaileak haren lanaren estiloaz ere egin zituen adierazpenak: "Prosa soila da, beharbada hotza, baina oso poetikoa, lirikoa, tarteka onirikoa ere bai, ametsak kontatzen dituelako. Eszena oso bisualak dira, batzuetan deserosoak edo gore girokoak. Ia artista bisual bat da idazlea. Eszena oso bereziak, ezohikoak, eta oso gogorrak sortzen ditu".
Irakurle Taldearen saioan
Azkoitiko Irakurle Taldeak martxoaren 17an, asteartez, egingo du hurrengo saioa. Elkarguneko Oteiza aretoan bilduko dira 19:00etan, eta, hain justu, Lopezek itzulitako Barazkijalea liburuaz arituko dira orduan.